Tiroz hildako mirotz bat aurkitu dutela salatu du Eguzki taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 14a, 01:00

Ehiza denboraldia puri-purian denean, Amasa-Villabonan tiroz hildako mirotz zuri bat aurkitu dutela salatu du Eguzki talde ekologistak. Babestutako espeziea da mirotz zuria eta Gipuzkoako Fiskaltzan salaketa jarri dute Eguzki taldeko kideek. Jarraian, Eguzkik igorritako testua:

Argazkia: Ramon Aranbarri

Eguzkik salatu du tiroz jotako mirotz zuri bat agertu dela Villabonan

Foru Aldundiaren ehiza-politikak legez babestutako hegaztiak botatzeko aukera handiak ematen dituela berretsi du talde ekologistak

 

Eguzkik Gipuzkoako Fiskaltzan salatu du tiroz jotako mirotz zuri bat (Circus cyaneus) agertu dela orain dela gutxi Villabonan.

Ez da, ezta hurrik eman ere, joan den irailean ehiza-aldi berria hasi zenetik, legez babestuta egon arren, bota duten hegazti bakarra. Izan ere, Eguzkik dagoeneko zazpi kasu salatu ditu (ikus taula), eta kasu hauek izozmendiaren tontorra baino ez dira, kontuan izan behar baita guk kasu hauen berri izan dugunerako, beste hamaika isilean geratu direla. Baina botatako lehenengoa eta, zoritxarrez, azkena izango ez bada ere, mirotz zuri bat bota izana nabarmentzekoa da. Kontuan izan behar da Gipuzkoan mirotz zuria ikustea oso arraroa dela. Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan, mirotz zuria “interes bereziko” gisa sailkatuta dago. Kategoria horretan sailkatzen dituzte  “balio zientifiko, ekologiko edo kulturalagatik edo berezitasunagatik arreta berezia merezi duten espezieak”.

Gauzak horrela, Eguzkik salaketa jarri du Fiskaltzan. Egia esan, horrelakoetan tiro egin dutenak oso gutxitan identifikatzen dituzte. Ezta “ehiztari onez” inguratuta daudenean ere. Horra hor zer gertatu zen Zumarragan, 2011n, Alemaniatik eraztun jarri berria zekarren arrano arrantzale hura Pagotxetako ehiza-lerroan bota zutenean. Baina Eguzkik ez du horregatik salatzeari uko egingo. Alde batetik, salaketen bidez nabarmendu nahi dugulako hemen delituak egiten ari direla. Izan ere, espezie babestu bat botatzea delitua izan daiteke, jende askok ez badaki ere; are gehiago, kartzelarekin ere zigortzeko moduko delitua izan daiteke. Bestetik, salaketak ikusita, ea Foru Aldundian baten bat, pixka bat behintzat, lotsatzen den. Izan ere, Foru Aldundiaren ehiza-politikak legez babestutako hegaztiak botatzeko aukera handiak ematen ditu. Ehiztarien artean klientelismoa sustatzeak bioaniztasuna babesteak baino gehiago axola dionez, Foru Aldundiak ez du neurririk hartzen. Oinarrizko neurriez ari gara; esaterako, ez die ehiza-lerroak kudeatzen dituzten elkarteei ardurarik eskatzen, ezta ehiza egiteko ordua atzeratzen ere (zenbat eta argi gehiago, gero eta aukera gutxiago legez ehizatu daitekeen espezie bat babestutako beste espezie batekin nahasteko).

 

EGUZKIK EHIZA-ALDI BERRIA HASI ZENETIK EGINDAKO SALAKETAK

ESPEZIEA

HERRIA

Belatz handia (Falco peregrinus)

Donostia

Belatz handia (Falco peregrinus)

Jaizkibel

Mirotz zuria (Circus cyaneus)

Villabona

Zapelatza (Buteo buteo)

Beizama

Lertxun hauskara (Ardea cinerea)

Urretxu

Belatz gorria (Falco tinnunculus)

Zegama

Gabiraia (Accipiter nisus)

Zumarraga

Sei espezie hauek honako dokumentuok babesten dituzte: Decreto 139/2011, de 4 de febrero, para el desarrollo del Listado de Especies Silvestres en Régimen de Protección Especial y del Catálogo Español de Especies Amenazadas; Catálogo Nacional de Especies Amenazadas (“interes bereziko” espezie gisa sailkatuta); EBren 79/409 Zuzentaraua, hegaztiei dagokiena (II. eranskina); Bernako Hitzarmena (II. eranskina); Bonneko Hitzarmena (II. eranskina),  eta CITES Hitzarmena (C1 gisa).

 

EGUZKI, 2016ko azaroan

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!