Axier Oiartzabal presoaren aldeko ekimen sorta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 14a, 01:00

Amagoia Mujika eta Ainhoa Elizondo herri ekimeneko solaskideak.

Elkarrizketa:

Hasteko eta behin, azalduko al zenigukete zein den Axier Oiartzabal presoaren egoera?
Estatu frantseseko hainbat espetxe ezagutu ondoren, batzuk biziki baldintza gogorrekoak, gaur egun Saint Maurreko espetxean dute Axier, Andoaindik 600 km-tara, beste 5 euskal presoekin batera. 15 urte daramate bere senide eta lagunek asteburuoro bidaia luzeak, garestiak eta nekagarriak egiten bera bisitatu ahal izateko. Tartean dugu bere bi urteko alabatxoa, aita kartzelan besterik ezagutu ez duena, hilabetero ikastola galdu behar duena ostiralez, aitatxo ikusi ahal izateko bidaia egiteko.

Haren bizi baldintzak hobetzeko edota kaleratzearen azkartzean eragiteko ekimena al da?
45 urte beteko ditu azaroan Axierrek, beraz bizitzaren herena giltzapeturik daramala esan genezake. Nahikoa dela uste dugu, eta euskal presorik gabeko Andoain bat irudikatzen hasiak garen honetan,  Axier etxean nahiko genuke. 

Presoak familia izanda, haren gerturatzea lorgarri iruditzen al zaizue?
Familia, presoarenaz gain, beste kondena bat betetzen ari da, eta hori bidegabekeri izugarria da. Legeak dioena erreparatuz bakarrik, aspaldian behar lukete euskal presoek Euskal Herrian, etxetik gertu. Erabaki politiko bat da, ez besterik. Beraz lorgarria ez ezik, premiazkoa iruditzen zaigu.

Jardueren artean, ikus-entzunezkoa prestatzen ari zaretela ikus daiteke. Aurrerapen bat emateko moduan al zaudete? Zer da dokumentalean agertu nahi duzuena?
Dokumentala, ahots ezberdinen sentipenen puzzle bat da. Barru-barruko sentipenak, barru-barruan gordeta egon direnak eta barru-barrutik atera direnak, zenbait kasutan malko eta emozioz beteak. Oso hunkigarria izan da bere gurasoen testigantza adibidez, Aita Larramendi ikastolako lagunen hitzek bere haurtzarora garamatzate, Sorabillako bizilagunen kontuek bere gaztaroa aipatzen dute..., eta zinez samurtasunez beteak, bere alaba txikiaren hitzak izango dira... ikustekoa!

Senideak eta lagunak sustatzaile lanetan zabiltzate, baina ekimen plurala dela aitortu duzue.
Auzolanean aritu gara lanean, ekimen ezberdinak aurrera ateratzeko asmoz. Eta bai, hasiera hasieratik saiatu gara pentsakera ezberdineko jendea elkartzen eta alde horretatik ekimen plural bat aurkezten.

Abenduan, azaroko ekitaldiak amaituta, gai honekiko zein egoeratan egon nahiko zenukete?
Aurreko galderan erantzun bezala, guk Axier, Ttintto, Iñaki eta Ainhoa etxean nahi ditugu. Badakigu aldapa gogorra eta luzea izango dela, baina ekimen hauekin gaia plazara atera nahi dugu, egoera latz honen berri eman Andoaingo herritarrei eta egoera beltz honi kolore pixka bat jarri. Herritarrok emandako bultzadak ekarriko baititu bere emaitzak. 

EKIMENAK AZAROAN
Giza-katea
18:00 Goikoplaza-Zumea plaza.
Azaroak 19, larunbata.

Mahai-ingurua
Espetxealdi luzeen eraginaz.
19:00 Bastero.
Azaroak 23, asteartea.

Ikus-entzunezkoa
Senide eta lagunen lekukotzak, presoaren urtebetetze egunean.
19:00 Bastero.
Azaroak 29, asteartea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!