Bote-luzea, antzinako pilota jokoa itzaletik plazara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 11a, 01:00

Bote-luzea sustatu nahian, lanean ari dira Larraulen. Murgilazpi kirol elkartea sortu berri dute eta pilotan jolastea dute helburu. Gogotsu begiratzen diote etorkizunari.

Ezagutzen den pilota joko modalitaterik zaharrenetakoa da bote-luzea. Luzeko pilota jokoa da eta esku hutsez jokatzen da, tresnarik gabe. Aurrez aurre jokatzen dute pilotariek, oro har, bosna pilotariko bi taldetan. Antzina, frontoirik ez zenean, mendietako soro eta belardietan jokatzen zuten pilota joko horretan. Egun, plazan aritzen dira bereziki. Izan ere, bote-luzean jokatzeko baldintza bereziak behar dira neurriari begira. Kantxak edo joko-eremuak 55-60 metro bitarteko luzera izan behar du; –futbol zelai baten erdia, gutxi gora-behera–, eta 12-15 metro arteko zabalera.

Euskal Herrian, gaur egun bote-luzea berreskuratu eta indartzeko ahaleginean ari dira lanean, besteak beste, Iparraldean, Zuberoan edota baita Gipuzkoan ere. Tartean, Larraulen. Momentuz, zortzi pilotariko taldea osatu dute bertan eta Murgilazpi kirol kluba sortu dute bote-luzeaz gain, paxaka, esku pilota edota beste pilota modalitateetan aritzeko. Julen Jauregi, Ibai eta Andoni Urbieta, Adrian Bengoa eta Iñaki Esnal larrauldarrak, Jon Urbieta eta Gaizka Iruretagoiena asteasuarrak eta Jon Ander Esnaola beasaindarra dira elkarteko kideak. Pilotan buru-belarri dabiltza, Oiartzungo Txost pilota klubeko kideekin batera. 

 

Plaza, jokaleku

Bote-luzea deskribatzeko eskatuta, bost bosten kontrako jokoa dela azaldu dute lehenik, taldeko jokoa dela, alegia. “Lehen bi tantotan norberaren joko-eremua definitu behar da. Horretarako bi arraia markatu behar dira eta joko nagusia, aurkariari terrenoa irabaztea da. Bi arraia egindakoan kanpoz aldatu egiten gara jokalariak eta, ondorioz, sakean ari garenean arraiak ahalik eta urrutien egiten ahalegintzen gara, norberaren joko-eremua txikia izatea komeni baitzaigu”, argitu dute. Jokoak berezitasun ugari du eta ikusi gabe ulertzea zaila dela diote. Errebote jokoarekin parekotasun ugari duela, jokoa oso antzekoa dela, baina bote-luzean eskuz jokatzen dela eta errebotean saskiaren laguntzaz.  Pilota bereziak dira bote-luzekoak, bigunak, gozoak, 90 gramo ingurukoak. 

Joku-eremuari begira, frontoiak motz geratzen zaizkie; izan ere, 36 metroko luzera izaten baitute pilotaleku gehienek. “60 metroko joko-eremua izateko, plazetan jokatzen dugu egun. Leku luzea behar da bote-luzean aritzeko eta kalea jokaleku izanik, euria arazo izaten da askotan”, adierazi dute Murgilazpi elkarteko pilotariek. Oiartzunen bereziki, baina Leitza, Zubieta edota Villabonako plaza libreetan jokatu izan dituzte partida gehienak. “Pabilioi artean ere ibili izan gara, kaleak luzeak baitira”, azaldu dute irri artean eta, noski, Larraulgo plaza ere estreinatu zutela, nahiz eta motz geratzen zaiela ohartu berehalakoan.

 

Gogoa, ezaugarri nagusi

Larrauldarrek bote-luzea probatu eta gustatu egin zaie. Murgilazpi elkartearen baitan, gogotsu dabiltza aurrera begira. Oro har, partidetan bost kidek jolasten badute, momentuz zortzi kide dira Larraulgo taldean. Ordezkoak ere badituzte, beraz. “Oiartzungo Txost pilota kluba da bote-luzearen Gipuzkoako bultzatzaile nagusia eta haiekin batera gabiltza gu ere. Haiek erakutsi digute modalitate honetan jolasten. Probatu, gustatu eta hementxe gaude, aurrera jarraitzeko gogoz”, adierazi dute. Oiartzungo Txost pilota klubeko kideekin batera entrenatzen dute maiz, eta partidak antolatzen direnean gustura joaten dira larrauldarrak Oiartzunera. Larraulen bertan ere aritzen dira tarteka pilotarekin entrenatzen, gogoa baita une honetan euren artean nabarmentzen den ezaugarri nagusia. Aurrez pilotan ibilitakoak dira Murgilazpi elkarteko kideetako batzuk, baina ez guztiak, “lagungarria da pilota ezagutu eta aurrez jolastu izana, baina ez beharrezkoa, jokatu behar den kokalekuaren arabera. Bote-luzean aritzeko ez da pilotari izan beharrik, baina bista pixka bat eta erreflexuak izatea komeni da”, hala uste dute.

 

Euskal Herrian eta Europan

Badirudi XX. mendearen bigarren erdian galdu zela bote-luzearen tradizio hura Euskal Herrian, nahiz eta Zuberoan nahiko ondo mantendu. Valentzian, esaterako, bizirik dirau bote-luzearen oso antzekoa den eta jatorri bera duen llargues izeneko aldaerak; hala ere, badira zenbait ezberdintasun joko batetik bestera, hala nola sakea edota joko eremuaren neurria: 72 metroko luzera eta, enbutu itxura lortuz, alde batean 14 metroko zabalera eta bestean 8 metrokoa behar baitira llargues modalitatean aritzeko. 

Antzina, oso zabalduta zegoen bote-luzea Europan zehar eta egun ere, bizi-bizirik dago Belgika edota Holandan, baita Italia edota Frantzian ere. Herbeheretan, esaterako, bote-luzean baino llarguesen jokalari profesionalak aritzen dira eta futbol zelaietan milaka pertsona biltzen dira partida horiek ikustera. Kolonbian ere bote-luzearen antzeko joko batean jokatzen dute eta, aipatu bezala, gertuago, Valentzian ere bai. “Valentziarrek izugarrizko afizioa dute. Elkarren arteko ligak egiten dituzte eta etxe artean jokatzen dute, balkoi azpietan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!