Kaleatzegizaleei, esker onez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 11a, 01:00

Martxan da Atzegi elkartearen aurtengo kanpaina. Adimen urritasuna duten pertsonak eta euren familiak laguntzeko sortu zen Atzegi 1960an.

Adimen desgaitasuna dutenen eguneroko bizimodua pixka bat errazago egiten duten pertsonak ditu gogoan Atzegiren aurtengo kanpainak. Keinu txikiak eginez eta jarrera positiboa erakutsiz, desgaitasuna dutenen egunerokoa errazten dute. ‘KaleAtzegizale’ lelopean, kalea Atzegizaleagoa izatea lortu nahi da, jarrera positibo horiek orokortuz, ingurune inklusiboagoa lortzeko. 

 

Keinu txikien handitasuna

Aloña Agirre Atzegiko Laguntza Zerbitzuko teknikaria da eta hark eman ditu kanpainaren inguruko zehaztasunak: “Adimen desgaitasuna dutenekin hitz egitea, goxo hartzea…, keinu txiki horiek alde handia egiten dute euren egunerokoan. Kanpaina honen bitartez, jarrera positibo hori hartzen duten pertsona anonimoak izan nahi ditugu gogoan. Eskerrak eman nahi dizkiegu Atzegizale horiei. Bide batez, keinu txiki horiek balioan jarriz, kalea geroz eta Atzegizaleagoa izan dadila lortu nahi genuke”. 8000 kartel jarri dituzte Gipuzkoako herrietan barrena eta bestelako materiala ere sortu dute: “Esku-orri batzuk atera ditugu. Norberak bere inguruan dituen Atzegizaleen artean banatuko ditu esku-orri horiek, eta baita txapa batzuk ere”, azaldu zuen Aloñak.

Gipuzkoako eskualde ezberdinetan egin dute kanpainaren aurkezpena. Urriaren 20an egin zuten Tolosan, eta eskualdeko jende asko bildu zen bertan; adimen urritasuna dutenak, euren familiartekoak, Atzegiko kideak, eta baita hainbat Atzegizale ere. Argazkiak atera zituzten bildutakoek, sare sozialen bidez zabaltzeko. “Hori ere kanpainaren parte izango da. Adimen urritasuna duten pertsonek euren Atzegizaleekin ateratako argazkiak, elkarteko sare sozialetara bidal ditzatela eskatuko diegu. Modu horretan, kanpainaren  ikusgarritasuna handituko dugu”, argitu zuen Aloñak. 

 

Leire eta irakaslea

Irene Zapirain zizurkildarra ete bere alaba Leire kanpainaren aurkezpen ekitaldian izan ziren, Tolosan. Adimen urritasuna du Leirek. Haiekin batera zegoen Leire Alonso irakaslea ere. “Lehen hezkuntzako bosgarren mailan ari da Leire, eta bere ikaskideekin batera aritzen da zenbait ikastordutan. Ikasketa prozesuan, ordea, laguntza behar du zenbait momentutan. Andoni Usandizaga izaten du laguntzaile ikasgela barruan, baina zenbait momentutan, ikasgelatik atera, eta nirekin aritzen da, bere erritmoan, ikasketa prozesu hori garatzen”, azaldu zuen Leirek. Umearekin azaltzen duen goxotasuna eskertu nahi dio Irenek alabaren irakasleari: “ikaragarrizko inplikazioa erakusten dute, bai Leirek eta baita Andonik ere. Eta eskertu egin nahi diegu jarrera hori. Leirek ikaragarri maite ditu. Etxekoak balira bezala. Pozak eta haserreak elkarbanatzen ditu beraiekin, eta asko ikasten du. Hori guretzat oso lasaigarria da. Badakigu euren lanean buru-belarri ari direla, eta Leireren garapenaren alde ari direla etengabe. Eskertu egin nahi genien gure alabagatik egiten dutena, eta horregatik etorri gara ekitaldira”, adierazi zuen Irenek. 

 

Atzegi Tolosaldean

Tolosaldean 168 familia bazkide ditu Atzegik, adimen urritasuna duten 176 pertsona ordezkatuz. Horrez gain, 184 kolaboratzaile ere baditu elkarteak. Kolaboratzaileek, diruz laguntzen dute Atzegi, urtean diru kopuru jakin bat elkarteari helaraziz. 790 Atzegizale ere bada Tolosaldean. Atzegizale izateko, elkartearekin harremanetan jarri, eta izen-abizenak eman behar dira. Adimen urritasuna duen edonori, egunerokotasunean euren laguntza eskaintzeko konpromisoa hartzen du Atzegizaleak. Aurtengo kanpainaren eraginez, kopuru horiek hazten joatea espero dute elkarteko kideek. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!