Aitziber Ibarbia, goi mendietako korrikalari nekaezina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 11a, 01:00

Alpinismoan zaildutakoa da Aitziber Ibarbia Beloki zizurkildarra. Mendi lasterketatan dabil azken urteotan, eta denboraldi honetan, zazpigarren postua lortu du Munduko Kopan. 

Denboraldi bikaina burutu duzu. Besteak beste, zazpigarren postua lortu duzu Munduko Kopan. Bete al duzu denboraldiko helburua?

Azken urtetan bezala, Euskal Selekzioko kide izan naiz aurten ere, eta selekzioarekin lehendabiziko bilera egin genuenean, Munduko Kopa lehiatzeko proposamena egin zidaten. Zalantzarik gabe eman nien baiezkoa. Zegama-Aizkorri izan zen denboraldiko lehendabiziko lasterketa eta Italiako Limonen amaitu dugu denboraldia, urrian. Tartean, inoiz baino lasterketa gehiagotan hartu dugu parte, izan ere, Munduko Koparako puntuagarriak ziren lasterketa asko Europan bertan izan dira, eta horrek gure parte hartzea erraztu du.  

Bestalde, ez nuen, inondik inora zazpigarren postua lortzerik espero. Puntuazio sistema aldatu egin dute aurten eta oso zaila zen lehen postuetan geratzea. Lasterketaren batean zazpigarren postutik atzera iristen bazinen, ia ez zenuen punturik lortzen. Oso erregularra izan behar da aurrean geratu ahal izateko. Oso zaila da maiatzetik urriraino maila onean aritzea. Nik, esaterako, oso lasterketa onak egin nituen denboraldi hasieran, eta uztailean lortu nuen nire forma punturik onena. Gero, ordea, goitik behera etorri naiz. Emakumeen artean hori izan da joera nagusia eta horrek erraztu dit postu ona lortu ahal izatea. Beti aipatzen da emakumeei gehixeago kostatzen zaigula esfortzuetatik errekuperatzea, eta agian hori da gertatu zaiguna. Nolanahi ere, ikaragarri pozik nago lortutakoarekin.

 

Mendiko lasterketak modalitate ezberdinetan banatuta daude. Zein modalitatetan hartzen duzu zuk parte?

Aurtengo Munduko Kopan, bi modalitatetan lehiatu naiz. 4o kilometro arteko lasterketak biltzen dituen Sky modalitatean, eta kilometro bertikalean. Behar bada horrek ere neke gehiago pilatzea eragin dit. Izan ere, bidaia bakoitzean bi lasterketa egiten nituen; ostiralean kilometro bertikala eta larunbatean sky. Askotan, neke sentsazioa izaten nuen sky lasterketa hasterako eta horrek zalantzak sortu dizkit. Gauzak ondo egiten ari ote nintzen pentsatzea eragin dit askotan. Denboraldia amaituta, bi sailkapenetan emaitza txukuna lortu dut; sky modalitatean zazpigarren, eta kilometro bertikalean hamargarren, baina irudipena dut sky-ean bakarrik zentratu izan banintz, emaitza hobea izango litzatekeela. 

 

Prestakuntza ere baldintzatuko zizun bi modalitateetan lehiatzeak?

Bai, zalantzarik gabe. Kilometro bertikaletan lortzen den esplosibitate hori lantzea ondo etor daiteke sky frogetarako, baina asteburu berean bi lasterketa izatea ez da egokia. 

 

Aurtengo denboraldiko lasterketaren bat aukeratu beharko bazenu…

Italiako Livignokoa. Oso lasterketa ona atera zitzaidan. Munduko Kopa irabazi duen emakumeari irabazi egin nion. Oso lasterketa teknikoa zen; sokak, kateak, rapelak…, erabili behar ziren eta mendi-ertz zorrotzetan barrena egin behar zen korrika. Altuera handia lortzen genuen lasterketan zehar; 3000 metro positibo 31 kilometrotan. Zonalde teknikoetan oso ondo moldatu nintzen, eta jende asko utzi nuen atzean. Lehen hamarretan sailkatzea zen nire helburua, eta bigarren helmugaratu nintzen. Sekulakoa izan zen. 

 

Eta txanponaren beste aldean, zein izan da denboraldiko esperientziarik gogorrena?

Zegama-Aizkorri, zalantzarik gabe. Oso gaizki pasa nuen. Ez dut gogoratzen beste inoiz lasterketa batean hain gaizki pasa izana. Hezurretaraino sartu zitzaidan hotza. Koordinazioa galtzen nuen eta zorabioak ere banituen. Ez nintzen ezertarako gai. Erretiratzeko erabakia hartzea, ordea, ez zen batere erraza izan niretzat. Urte osoa lasterketa horren zain pasa ondoren, etxeko lasterketa izanda… Hogeita hirugarren kilometroan, lagun batek gerarazi ninduen eta asko eskertzen diot. Jende asko erretiratu zen egun hartan; Euskal Selekzioko bi kide bakarrik iritsi ziren helmugara. Hasiera benetan kaskarra eman genion Munduko Kopari.

 

Lesiorik izan al duzu denboraldi honetan?

Eskubiko txonkatilak ematen dizkit lanak. Tarteka atsedenaldiak eman behar izaten dizkiot eta horrek nire entrenamenduak ere baldintzatzen ditu. Betirako izango dudan lesioa da, eta horrekin kontatuta ekin behar izaten diet denboraldiei. Bestela, ezusteko lesiorik ez dut izan aurten, zorionez. 

 

Denboraldiaren hasiera nahi bezain ona izan ez bazen ere, maila altua eman duzue selekziokideek. Kontaiguzu…

Aspaldiko denboraldirik onena izan da. Hassan Ait Chaou bigarren postuan sailkatu da Munduko Kopan, sky modalitatean eta Maria Zorrozak hirugarren postua lortu du kilometro bertikalean. Selekzioko kide gehienok lortu dugu ia lasterketa guztietan lehen hamarren artean sailkatzea. Hori izugarria da. Euskal Herrian oso biztanle gutxi gara, eta mundu mailan gabiltza lehian, ikaragarria da. Euskal Herriko lasterketatara kanpoko korrikalariak etortzen dira gonbidatuta, baina normalean bertakoak gailentzen gara.

 

Non egon daiteke, zure ustez, maila altu hori lortzearen gakoa?

Batetik, mendizaletasuna oso errotuta dago Euskal Herrian, eta bestetik, entrenatzeko toki politak ditugu hemen. Lasterketa teknikoak direnean izaten ditugu arazo gehiago. Nahi adina lokatz izaten dugu hemen, baina harkaitz gutxi. Kanpora joaten garenean nabaritu egiten zaigu hori. Aldiz, kanpotik datozen korrikalariei kosta egiten zaie lokatzetan korrika egitea.

 

Zer ematen eta zer kentzen dizu kirolak?

Denbora da, gehienbat, kentzen didana. Lagunekin egoteko denbora, asteburuetan beste gauza batzuk egitekoa… Eman, berriz, beste guztia. Nire buruarekin hobeto sentitzen laguntzen dit kirolak. Kirol-lehia ez ezik, kirola bera ezinbestekoa da nire bizitzan. Lehiak bestalde, nire mugak non dauden ezagutzeko aukera ematen dit. Horrez gain, hainbat toki ezagutu ahal izan dut kirolari esker, eta zer esanik ez, jende asko ezagutu dut mundu honi esker. 

 

Kirolak jendea ezagutzeko aukera eman dizula aipatu duzu. Lagun asko egin al duzu?

Bai, oso harreman polita lortu dut Kataluniako bi emakume korrikalarirekin, esaterako. Selekzioko kideekin ere, zer esanik ez. Selekzioan sartzeko kirol maila handia duzula erakutsi behar duzu, baina beste ezaugarri batzuk ere eskatzen dira; euskalduna izatea edo gutxienez euskara errespetatzea. Oso talde jatorra osatzen dugu eta gozatua da asteburu bat haiekin partekatzea. Pilak kargatuta itzultzen naiz bidaia horietatik, nahiz eta fisikoki leher eginda egon. 

 

Jar gaitezen atzera begira, nola sartu zinen mendi lasterketen mundu honetan?

2006an egin nituen lehendabiziko lasterketak. Urte hartan Gasherbrum II mendirako espedizioan hartu nuen parte, eta prestakuntza gisa, mendian korrika egiten hasi nintzen. Umeak jaio ondoren, 2010ean, ekin nien mendi lasterketei modu serioagoan. Garai hartan oso lasterketa gutxi zegoen Euskal Herrian. Harrigarria da sei urteren buruan nola hazi den lasterketa kopurua. 2011n Euskal Herriko txapelketa irabazi nuen eta 2012an Euskal Selekzioan sartu nintzen. 2014an hankako behatz bat hautsi nuen eta denboraldi hura huts egin nuen, gainerantzean, Munduko Kopan lehiatu naiz urtero, selekzioarekin.

 

2014ko denboraldia hutsean pasa zenuela aipatu duzu. Nola kudeatzen ditu kirolari batek horrelako egoerak?

Nik uste baino hobeto eraman nuen. Ohi bezala hasi nuen denboraldia, Zegama-Aizkorri lasterketan lehiatuz. Uztailean, ordea, lesionatu egin nintzen Asteasuko Santamañako igoeran. Ezin izan nuen gehiago lehiatu eta deskantsatzeko baliatu nuen uda hura. Oso ondo etorri zitzaidan; pentsatzeko, egiten ari nintzenari zentzua bilatzeko… Udaren beste aldea ere ikusi nuen; umeekin lasai, entrenamenduak burutik kenduta eta gozatuz pasa nituen aste haiek. Konturatu nintzen korrikarik egin gabe ere goza nezakeela. Lesiotik sendatuta, 2015eko denboraldia ilusioa eta gogo handiz hartu nuen, eta oso denboraldi txukuna egin nuen. 2016an oraindik ere pausotxo bat gehiago aurreratu dut, eta oso pozik nago. 

 

Datorren urteari begira, zein da zure helburua?

Beste modalitate batean jarri dut begia. Adina dela eta, beteranoen mailara pasako naiz, eta lasterketa luzeetan zer moduz moldatzen naizen ikusi nahi dut. Aurten, ibilbide luzeetan lortu ditut emaitza hoberenak eta ultra modalitatean froga egiteko gogoa piztu zait. Ultren artean, Esaitek antolatzen duen Euskal Herria Mendi Erronka darabilt buruan. Ekainean da eta ikusi egin beharko dugu nola egokitzen den gure egutegira. 

Munduko Kopari dagokionez, badago modalitate bat, Extrem izenekoa, niretzat egokia izan daitekeena. Lasterketa luzeak dira, ez Ultrak bezain luzeak, baina bai Sky baino luzeagoak, eta oso teknikoak eta gogorrak. Selekzioak aukera hori onartzen badit, froga egin nahi nuke eta nire gorputzak zer esaten duen entzun. 

 

Kirol maila ikaragarria eman duzuen arren, ez zarete honetatik bizi…

Ez, baina ez dakit ez ote den onerako. Honetatik bizi direnek tentsio ikaragarria bizi dute; denboraldi kaskar samarra ateraz gero, hurrengo urtean jarraitzeko aukerarik gabe gera daitezke, eta euren ogibidea da. Afizio gisa dugunoi ez zaigu ezer gertatzen egunen batean entrenatzera joaten ez bagara edo lasterketa batean erretiratzen bagara. Honetatik bizi direnek, berriz, askoz ere presio handiagoa dute euren gainean. 

Horrez gain, kirol bat profesionalizatzen den momentutik, kiroltasuna galtzen hasten da eta zikinkeriak azaltzen hasten dira. Egun ere, nahiago nuke debekatutako sustantzien kontrol handiagoa balego. Aurten, Munduko Kopako lasterketa bakarrean egin digute dopinaren aurkako froga. Tristea bada ere, kontrolak egitea da kirola garbi mantentzeko modu bakarra.

 

Kirol-lehiatik erretiroa hartzeko unean pentsatu izan al duzu?

Momentuz ez. Azken urteotan maila hobetzen ari naiz eta garbi daukat, gainera, lesioek errespetatzen banaute eta gauzak ongi egiten asmatzen badut, oraindik ere badudala hobetzeko aukerarik. 

Nolanahi ere, lehia maila hau uzten dudanean, oso argi daukat kirolari lotuta jarraituko dudala beti. Baditut nire plan eta ilusioak. Ni alpinismotik nator, eta hantxe dauzkat kranpoi eta pioletak, nire zain. Alpeetara joan, mendi ibilbideak egin, mendian bizikletaz ibili…, orain egin ezin ditudanak egin nahi ditut.

 


Gustuko lasterketa

Etxetik gertu, oso gustuko du Aitziberrek Tolosaldeko hiru tontorren lasterketa. “Ahalegin ikaragarria egiten dute horrelako lasterketa bat antolatzen. Niretzat oso berezia izan zen bertan parte hartzea, gure entrenatzeko guneetatik barrena pasa ginelako”.

 

Jendearen animoak

Lasterketan doanean, irribarrea erraz egiten duela esaten diote Aitziberri. “Poz handia ematen du jendearen animoak eta txaloak entzuteak. Nekatuta egonda ere, txalotzen nauenari hitz batzuk esan, edota gutxienez irribarrearekin erantzutea gustatzen zait”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!