Amasako Samartiñak, igandera arte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 11a, 01:00

Azaroaren 9ko txupinazoarekin abiatu ziren festak Amasan. Gurutze Astiasaran eta Aitor Otamendi festa batzordeko kideek Samartiñak izan dituzte hizpide.

Festak abiatu berritan, zein berrikuntza nabarmenduko zenukete aurtengoan?
Gurutze:
Urterokoaren ildotik osatu dugu egitaraua. Aldea aurtengoan ez dugula azokarik egin eta mendiduatloia festen ondoren beharrean, aurretik antolatu dugula. Berrikuntza gisa, ostiraleko pailazo saioaren ordez puzgarriak izango dira haurrentzat.
Aitor: Larunbateko bertsolariak, berriz, gauean beharrean arratsaldeko 19:00etan arituko dira, pilotalekuan beharrean San Martin elizan.
G.: Ostiral iluntzeko bakailao lehiaketa ere pilotalekuan beharrean Iturrigoxoko gela handian egingo da. Pilotalekua handi geratzen da eta modu horretan bilduagoa izango da.

Herri txikia izanagatik, lan handia eskatuko du festetako ekintza guztiei erantzun beharrak…
G.:
Nahikoa lan izaten da, bai. Egunean bertan egin behar diren antolakuntza lanez gain, aurretik soka guztiak lotuta eduki behar baitira. Aurreko urteetako esperientziak lagundu egiten du, baina gogoa behar izaten da.

Eta gogotsu al zaudete?
A.:
Bai, gogoz eta ilusioz.
G.: Azaroaren 5ean urteroko mondeju afaria egin zen Uxo Toki elkartean. Amasako gazteok ere afaria egin genuen motorrak berotzen hasteko.

Eguraldia izaten da beti galdera ikurra Samartiñetan. Azken urteetan, ordea, ez da negu girorik izan festetan…
G.:
Oso eguraldi onekin ohitu gara azken urteetan. Ikusi egin beharko da zer egiten duen… Aurrez euri zaparrada galantak egin izan baditu ere, azken urtetoan mauka motzean ibiltzera ohitu gara, Samartiñetako uda txikian.
A.: Gazte egunean bereziki asko eskertzen da eguraldi ona. Baserriz baserri oinez asko ibiltzen garenez, eguraldi txarrak ez du batere laguntzen ez oinez ibiltzeko, ez baserrietan dantza egiteko…

Ekintzarik gustukoena?
A.:
Gazte eguna. Urte guztia egun horren zain egoten gara, nahiz eta gero konturatzerako pasatzen den. Urtean zehar gutxi ikusten garen herritarrak biltzen gara eta, guri bezala, baserritarrei poza ematen die bertako gazteak ikusteak.
G.: Gazte eguna, dudarik gabe. Amasakoa ez den jendeak ez du ulertzen nola egun horretarako urte hasieratik lanetik jai eskatzen dugun. Egun berezia da.

Harrera beroa duena?
A.:
Herri bazkaria. Jende asko biltzen da. 300 lagunetik gora. Frontoia beteta izaten da.
G.: Antolatzaileek izugarrizko lana egiten dute.

Indartu beharrekoa?
G.:
Ekintza guztiak bultzatu beharko lirateke. Bakailao lehiaketa, esaterako, parte hartzaile aldetik jaitsi egin da azken urteetan. XXVI.a izango da aurtengoa eta lagunartean biltzeko hitzordu polita izaten da.
A.: Igande arratsaldeko herri kirol lehiak ere urtetako tradizioa du. Igande arratsaldea izanik, pott eginda egoten gara, baina eusten zaio oraindik ere.

Herritarrei deirik?
G.:
Anima daitezela festara.
A.: Eta ondo pasa dezatela.


EGITARAUA
Azaroak 11, ostirala
10:30 Meza Nagusia.
Herri-kirol erakustaldia, bertsolari eta trikitilarikin.
17:00-19:00 Puzgarriak frontoian.
Ondoren, txokolate beroa.
20:00 XXVI. Bakailao lehiaketa Iturrigoxo jatetxean.
23:30 Dantzaldia, Bide batez.

Azaroak 12, larunbata
11:00 Ume krosa.
12:00 Erraldoi eta buruhandiak Jeronimo dultzainero taldearekin.
14:00 Herri bazkaria.
19:00 Bertso saioa elizan..
23:00 Dantzaldia, Bihozkada.
Ondoren, Laket.

Azaroak 13, igandea
18:00 Herri kirolak: Amasako gazteak Asteasuko gazteen aurka.
Ondoren, Martina Sorgiñari agurra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!