Iriondo eta Lete ardatz dituen antzezlana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 11a, 01:00

Datorren asteazkenean, azaroak 16, herriko bi kulturgile ardatz dituen antzezlanaren aurre estreinaldia egingo dute.
'LU eta LE' Bernardo Atxagak Donostia 2016 “Bakearen Itsasargia” programaren barruan enkarguz idatziriko antzezlana da, zeinean idazleak Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren mundu-ikuspegi pertsonala planteatzen duen. 

Ados Teatro konpainiak asteotan lana taulaganera egokitu du eta aurre estreinaldia bi musikarien herrian bertan egingo dute. Saroben, euren bizitokitik oso gertu gainera.

GAIXOTASUNA
Euskal kantagintza berrian erreferentzia nagusietakoak izan ziren Lurdes Iriondo eta Xabier Lete. Lurdes Iriondo “Euskal Herriaren nobia” izendatu zuen Gabriel Arestik. Xabier Lete musikagile eta poeta aparta izatera iritsi zen. Baina, aldi berean, biek ere heriotzarekin lotura handia izan zuten bizitza osoan zehar: 1985. urtean Leteri tratamendu eta sendabiderik ez zuen digestio aparatuari eragiten zion sindrome genetiko bat aurkitu zioten. Lurdesek ere hemezortzi urtetatik, balbula aldatzeko hainbat operazio izatera behartu zuen bihotzeko gaitza zuen, estenosi mitrala deritzona. 

HERIOAREKIKO HARREMANA
Konpainiaren sinopsiaren arabera, “umore kutsu sotilaz, bi protagonistak seduzitu nahian baina eurak gogor eutsiko dioten herioarekiko harremanaz mintzo dira. Baina egun batean herioak halabeharrez jaso egingo ditu”.


ANTZERKIA SAROBEN

Azaroak 16, asteazkena
19:30. Sarobe. 4 euro.
Egilea: Bernardo Atxaga.
Zuzendaritza: Garbi Losada.
Musika: Juan Carlos Perez.
Aktoreak: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza.
Sarrerak salgai leihatilan eta emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!