Oraindik hilabete batzuk falta badira ere, Maskarada Aiztondora ekartzeko ekimenak ekin dio bere bideari. Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilen bizituko dute Maskarada maiatzean. Gaur egungo Iñauterien inguruko kezkak piztu zuen harra bailarako zenbait herritarren artean. “Gure herrietan nolako mozorroak eta karrozak ikusten diren eta orokorrean, iñauteriak nola bizitzen ditugun hausnartzen hasi ginen. Bagenuen kezka gure ondorengoei egiten ari garen transmisioaren inguruan, eredu politagorik ba ote zegoen galdetu genion gure buruari, eta Maskaradak ekartzeko saiakera egitea erabaki genuen”, azaldu du Aitor Atxega larrauldarrak.
Egun osoko festa
Zuberoatik datoz Maskaradak, eta antzerkia, kantua, bertsoa, hitza edota dantza biltzen dituzte: “Oso ikuskizun herrikoia da, naturala, artifiziorik gabea. Belaunaldi batetik bestera pasatuz joan da eta hori oso erakargarria dela iruditzen zaigu. Hona ekartzeko saiakera egin nahi genuen eta Allande Sokarrosekin jarri ginen harremanetan, bera izango baita aurtengo Maskaradaren koordinatzailea edo erregenta”, azaldu du Aitorrek. Aiztondotik iritsitako proposamenari baiezkoa eman diote Zuberoan, eta antolaketa lanak martxan dira dagoeneko.
Aitorrek azaldu duenez, egun osoko festa izaten da Maskarada: “Goizean, barrikada izeneko ekitaldia egiten dute. Etxez etxe joaten dira, etxe-atarietan ikuskizuna eskainiz. Aiztondoko herrietan ere egingo dute hori. Goizean zehar, herrietan barrena ibiliko dira barrikada eskainiz. Arratsaldean, Larraulgo plazan jokatuko dute Maskaradaren ekitaldi nagusia”.
Hitzaldi interesgarriak
Egun handia iritsi aurretik, Aiztondo bailarako herritarrei Maskarada zer den azaltzeko eta ezagutarazteko lehen ekimenak jarriko dituzte abian. Iñaki Aristeta adunarrak azaldu duenez, “Adunako Kultur Astearen barnean, Maskaradaren inguruko hitzaldi bat antolatu dugu. Kepa Fernandez de Larrinoa antropologia irakaslea eta Johanes Etxebeste dantzari zuberotarra etorriko dira. Maskaraden jatorri antropologikoa xehetuko digu Kepak, eta egungo maskaraden ikuspegia azalduko du Johanesek. Azaroaren 17an izango da, kultur aretoan, 19:30etan hasita”. Larraulgo Kultur astera ere gerturatuko dira hizlariak, azaroaren 21ean. Maskaradak hobeto ezagutu eta ulertzeko aukera izango dute hitzaldi horietara gerturatzen direnek.
Erakundeak, elkarteak, herritarrak
Aiztondoko eskolen parte hartzea ere bilatuko dute ekimenaren antolatzaileek. Aitor Atxegak aipatu duenez, “Iñauterietan Maskaraden gaia jorratzea eskatuko diegu. Dagoeneko zenbait eskolen erantzuna jaso dugu, eta guztiak ekimenaren aldekoak izan dira. Ahal dugun guztian lagunduko diegu festa antola dezaten. Gure kulturaren zati bat erakutsi eta gozatzeko aukera emango die Maskaradak eskoletako haur, irakasle eta gurasoei. Horrez gain, bailarako dantza eskolak ere gerturatu nahi ditugu”. Horretarako, Johanes Etxebeste bera etorriko da, Maskaradan zehar dantzatzen diren pare bat dantza erakustera. Ikastetxeetara ere gerturatuko da helburu berberarekin.
Parte-hartzailea
Izan ere, herritarren parte hartzea bilatzen dute antolatzaileek. “Ez dadila izan herritarrek ikusle gisa biziko duten ikuskizun bat. Maskarada parte hartzailea da, herrikoia, jendearen partaidetza eskatzen duena. Eta horixe lortu nahi dugu guk ere: jendeak bizi dezala Maskarada”, azpimarratu du Iñaki Aristetak.
Apirilaren 30ean, igandearekin egingo dute Aiztondoko Maskarada. Larunbatarekin etorriko dira Zuberoako lagunak; berrogeita hamarren bat. Elkar ezagutu eta giroa berotzen joateako, Asteasun elkartu eta poteoa egiteko asmoa dute antolatzaileek. Pilotalekuan elkarrekin afaldu, eta datorren egunean ekingo diote Maskaradari.
Batzarra, Adunan
Maskaradaren antolaketan parte hartzeko, batzar berezia deitu dute Adunan azaroaren 22rako. Iñaki Aristetak azaldu duenez, “pixkanaka, Maskaradako antolaketan arituko den taldea gorpuztu nahi dugu. Dagoeneko, gainera, badakigu Adunako herri eskolak baduela interesa Iñauteriei begira gaia lantzeko. Elkarlanean arituko gara festa herrikoi hau antolatzen. Dei egin nahi diegu herritarrei, etor daitezela parte hartzera eta gozatzera”.
Maskaradak Zuberoatik datozenez, zubereraz jokatu ohi dira. Iñakik aitortu duenez, ordea, “guretzat ez da beti erraza zuberera ulertzea eta maiatzeko Maskaradan jendeak ondo uler dezala nahi dugu. Horregatik, euskara batura itzuliko dugu”. Horrez gain, tokian tokiko gertakizunen inguruko parodia ere jasotzen du Maskaradak, “eta hori lantzeko, haiekin bildu eta azken urtean gure herrietan izan diren albiste eta xelebrekerien berri emango diegu”.