Miniatura-sukaldea txikian handi, dotore eta goxoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 10a, 01:00

Miniaturazko sukaldaritzako erreferenteetako bat da egun Erica Medina Andoaingo sukaldaria. Senarrarekin batera sortutako pintxo askok sari ugari jaso dituzte azken urteotan. 

Erica Medina Sanchez andoaindarrak ez zuen oso argi zer ikasi nahi zuen, baina bai lan egiteko baliatuko zituen ikasketak burutu nahi zituela. Bazekien sukaldaritza ikasita ez zuela lan faltarik izango, eta apostua egitea erabaki zuen, gazterik, 18 urte zituela. Donostiako Cebanc eskolan egin zituen ikasketak eta berehala ohartu zen sukaldaritza gogoko izateaz gain, langintza horretarako balio zuela. Ikasketak eta praktikak uztartu zituen lehen urteetan; sukaldari, jangela nahiz barrako zerbitzari edota harraskako garbitzaile…, lan ezberdinak probatuz. “Tolosako Fronton nahiz Andoaingo Leitzaran jatetxeetan aritu nintzen aurrena eta Martin Berasategirekin jarraitu nuen praktikaldia. Mugaritz jatetxean ere denboraldi bat igaro ostean, Donostiako Kursaalen hasi nintzen lehenengoz lanean. Sukalde arduraduna izan nintzen bertan eta sukaldeaz, jatetxeaz eta katering zerbitzuaz arduratu nintzen, hiru urtez. Hondarribiako Alameda jatetxera joan nintzen jarraian eta azken hamabost urteotan Hondarribiako Gran Sol jatetxean ari naiz lanean”, bide azkarra eta oso intentsoa izan dela adierazi du andoaindar sukaldariak. Gogoko du sukaldea, baina baita taldea zuzentzea ere eta, sukaldari aritzeaz gain, Hondarribiako Gran Sol jatetxeko lantaldea zuzentzen du egun.

 

Pintxo dastaketa-menua

Erica Medinaren senar Bixente Muñozen familiarena da Gran Sol jatetxea eta, belaunaldiz belaunaldi, familiako kide ugarik egin du lan bertan. Epe laburrean 50. urteurrena ospatzekotan dira. Aurrekoek bezalaxe, tabernan pintxoak eskaintzearekin batera, eguneko nahiz asteburuko menuak emanez ekin zion euren bideari senar-emazteak Gran Solen. Azken urteotan, ordea, bira egin eta miniaturazko sukaldaritzara lerratu dira, “tabernaz gain, lehen jangela genuen lekuan Gastrotokia zabaldu dugu eta pintxoen dastaketa-menua eskaintzen dugu bertan. Gipuzkoa mailan, modu horretako aukera eskaintzen dugun jatetxe bakarra gara. Kalitate-prezioari erreparatuta, oso eskaintza ona dela uste dut, interesgarria”. Tarteka maridaje afariak ere antolatzen dituzte, pintxoak ardo ezberdinekin zerbitzatuz. Tabernan pintxo beroak eskaintzen badituzte ere, pintxo berezien aukera dastatu eta lasaiago egoteko aukera ematen du Gastrotokiak, asteburuetan soilik zabaltzen dutenak. Astean zehar, prestakuntzarako eta proba ezberdinak egiteko gune bezala erabiltzen dute toki hori. Bilera edota ekitaldi ezberdinetarako ere alokatzen dute 50 lagunentzako lekua duen gunea. Bertakoak ez ezik, munduko txoko ezberdinetatik gerturatzen zaizkie bezeroak; tartean aktore, musikari edota sortzaile ugari.

Sariak, txapelketa ugaritan

Miniaturazko sukaldaritzaren aldeko apustua egin zutenetik, oihartzuna hartuz joan dira. Langile ugarik egiten du lan Gran Soleko sukaldean, pintxo bakoitzaren atzean izugarrizko lana baitago; ez egiten bakarrik, baita pentsatzen ere. Eskaintzen dituzten pintxoetako asko txapelketa ezberdinetan saritutakoak dira. “2000. urtean hasi ginen pintxo txapelketetara aurkezten eta sari ugari jaso dugu geroztik. Originalitateari lotutako sariak eskuratu genituen hasieran, eta pintxorik onenaren sariak gerora, bai Gipuzkoa edota Euskadi mailan. Jarraikortasuna izatea kosta egiten bada ere, urtez urte txapelketetara aurkezten saiatzen gara; erreferente izaten jarraitu nahiak saiakera egitera bultzatzen baikaitu”. Berriki, urriaren 24tik 26ra jokatu zen Euskal Herriko Pintxo Txapelketan 2. saria eskuratu dute laranja erara prestatutako ahatearekin.

Sushi faltsua

 

Osagaiak

  • Barrua betetzeko: 
    200 gr muskuilu. 2 piper berde. Piper gorri erdi 1. 2 pikillo piper. Tipula 1. Arrautza egosi 1. 20 gr tomate frijitu. Tabaskoa, gatza eta piperbeltza. Lamina 1 nori itsas alga. 200 gr panko ogi
  • Besamel saltsarako: 
    Txorrotada 1 olio. Tipula 1. 250 gr irin. Litro 1 esne. Gatza eta piperbeltza. 100 gr gurin
  • Saltsarako: 
    400 ml mirin ardo. 50 gr soja. 50 ml ozpin baltsamiko. 150 gr tapioka
  • Platera apaintzeko:
    Ogi beltz birrindua. Tomatea ezkatatan. Tipula frijitua. Sesamo haziak. Kimuak. Pistua.
     

Pausoak

Pausoak

 

Sushia betetzeko:

Tipula, piper berde eta gorria brunoisse eran ebaki eta oliotan ondo erregosi ondoren, muskuilu, arrautza gogor nahiz pikillo piper puskak eta frijitutako tomatea gehitu. Irakinaldia eman eta norberaren gustuaren arabera gatza eta piperrarekin ondu. Tabasko pixka bat ere gehitu, gogoko pikante mailaren arabera. Gerorako gorde.

 

Besamel saltsa egiteko:

Ontzi batean gurina jarri olio txorrotada batekin eta irina gehitu ondoren, sueztitu. Esne beroa gaineratu, uneoro ondo nahastuz. Minutu batzuetan egosten utzi eta gatz puntua eman. (Pikorrik sortuko balitz, irabiagailuarekin irabiatu).
 

Mirin saltsarako:

Kazola batean mirin ardoa irakiten jarri. Soja saltsa eta ozpin baltsamikoa gehitu eta irakiten hasitakoan, tapioka gaineratu eraginez eta eraginez. Tapioka loditzen hasitakoan, sutatik atera eta iragazi.
 

Akabera eta muntaia: 

Alga plaka baten gainean besamel saltsa zabaldu koilara baten laguntzaz eta algaren azpialdean, alderik alde, muskuiluekin egindako betegarria. Kontu eta irmotasun handiz alga alde batetik bestera bildu. Izoztu. Izoztu ondorenean bost zatitan ebaki eta 15 bat minutuz desizozten utzi, errebozatu aurretik.

Irin, arrautz eta panko ogitan pasa shushiak. Olio berotan frijitu eta paper lehortzailearen gainera atera, gehiegizko olioa kentzeko.

Sushiak hartu eta aldeetako bat mirin saltsatan busti ondoren, tomate ezkatetan pasatu.

Platera apaindu, ogi birrindua, sesamo haziak, tipula frijitua eta kimuak zabalduz, baita perrexil pistua ere. Plateraren erdian shushia jarri, tomate ezkatak gora begira dituela, ali-oli saltsarekin puntua marraztu eta kimu freskoarekin azken ukitua eman.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!