Mikel apaizarekin egoteko eserlekua Sorabillan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 10a, 01:00

Etorkizunean Mikel Goenaga apaizaren izena eramango duen Gunearen irekiera egin zuten Sorabillan, joan den larunbatean. Ekimenaren aldeko talde eragilearen izenean mintzatu zen Karmen Rodrigez Ranz, eta gunean jarri den eserlekuaren inguruko azalpenak eman zituen: “Aulki hau ez da Mikelena, Mikelekin egoteko baizik”.

Ekitaldiaren kronika:

Euria goian eta behean egiten zuen eguerdi aldera Sorabilla auzoan, baina  Mikel Goenagaren senide eta lagun frankok ez zioten muzinik egin aldez aurretik jarritako hitzorduari. Sorabillako elizako kanpai errepikak egin zuen ekitaldirako deialdia, eta txistularien doinupean, aulkia ipini duten gunera hurbiltzen joan ziren, Erretoretxearen eta elizaren artean dagoen zelai horretara. Auzoko Dani Herranz eta Maider Tapia dantzariek tradiziozko agurra dantzatzeari ekin zioten ondoren.
Ana Carrere alkateak hitza hartu zuen: “Udaletxera heldu eta berehala pare bat bilera eduki genituen Mikel Goenagarekin. Nik orduan ezagutu nuen. Behartsuenen, etorkinen edota presoen alde lanean aritzen zen pertsona indartsua iruditu zitzaidan. Aitortu behar dut sinestuna ez naizen arren, Mikelen jokabideak eta jardunak zer pentsatua eman zidala; sinestarazi zidan Elizaren baitan posible dela ofizialtasunaz haratago jokatzea, errealitatera itsatsita eta herritarrago jokatuz. Bera da horren frogarik argiena, eta baita Sorabillako Erretoretxean egiten den lana ere”.
Mintzaldia amaituta, Mikel Apaiza Gunea adierazten duen plaka bistaratzea egokitu zitzaion Carrereri. Segidan, Mikel Goenagaren senideak eta lagunak guneko aulkira gerturatu ziren. Euri jasak ez zuen etenik, eta aterpe gisa jarritako haimaren azpian, Karmen Rodriguez Ranzek hitz hartu zuen, ekimenaren aldeko taldearen izenean. Aulkiak transmititu nahi duen sinbologiaren inguruan zenbait gogoeta egin nahi izan zituen, Mikelen izanarekin lotuz: “Eserleku bat, atsedena hartzeko lekua da, hausnartzera jartzeko, hizketan patxadaz aritzeko lagunekin… Izan ere, Mikelengana joaten ginenean, Sorabillako zein Astigarragako erretore etxeetara, sukaldeko mahai handiaren inguruan jartzen ginen. Bakarka, edo taldeka joaten ginen berarengana. Esaterako, gaur bezalako egunetan, azaroaren 5ean betetzen baitzituen urteak. Gogoz joaten ginen harengana, errealitaterik gordinenarekin egunero bizi zen pertsona batengandik informazioa jaso nahi genuelako. Berak, behartsuenen errealitatearen kronika egiten zigun, bai, baina aldi berean, galdera-ikurrak planteatzen zizkigun, ez zirenak batere erosoak.
Ez ziren batere errazak izaten berak proposatzen zizkigun bideak”.

Trabaz beteriko bideen urratzaile
Denboraleak, N1ean trafiko istripuak eta auto ilarek markatutako goiza izan zen larunbatekoa, eta metafora eta umorea erabili zituen Rodriguezek errealitate hori, Mikelen inguruko gogoetak egiten jarraitzeko: “Mikelek zirkulazio etena eta euritea eragin digu gaur, eta horixe zekarren Mikelekin konpromisua hartzeak: bustitzea eta trabaz beteriko bidea egitea. Bere etxetik bustita irteten baitzinen. Andoainen bizi izan zen garai hartan Otieta bilgunean elkartzen ginen makina bat gizarte eta kultur eragileek Mikel ezagutzeko aukera eduki genuen, eta badakigu nola bustiarazten gintuen; horrexegatik, guztiok eskertuta gaude berarekin. Eta zer esanik ez bere laguntza jaso zuten ikastetxe guzti guztiak”.
Azkenik, Rodriguezek eserlekuan esertzeko gonbitea luzatu zien ez bakarrik ekitaldira bertaratu zirenei, baita herritar guztiei ere: “Andoaindarrak maiz etortzen gara Sorabillara paseatzera edo lasaitasun bila. Aurrerantzean badaukagu Mikelekin egoteko txoko bat. Lasai egoteko, atseden hartzeko, ondokoarekin hizketan aritzeko, kontenplazioan egoteko… Txokoa ez dadila Mikelen txokoa izan, Mikelekin egoteko txokoa baizik”.
Hizlarien txandari amaiera emateko, Mikelen anai batek hartu zuen hitza: “Gaur bezalako egun batean, 1958ko azaroaren 5ean jaio zen Mikel. 58 urte beteko zituen gaur. Bere lau anai-arrebak amarekin hementxe gaude gaur. Gaurko eguna hautatu izana opari bat da berarentzat. Familiaren partetik, mila esker Andoaingo herriari eta zuei, bere lagunei”.
Ekitaldiaren ostean, San Martin elizaren atarian bildu zirenek Sorabillako auzotarrek prestatutako salda beroa edan eta mokadua jateko aukera eduki zuten; tertulian, Mikel oroitzen jarraitzeko beste modua izan zen, eurite zakarretik babesturik.

Ekintzaile porrokatuaren oroimen ahaztezina
Mikel Goenagaren lagunek osatutako taldea eta Andoaingo Udala izan ziren ekitaldiaren antolatzaileak. Ez baitaude horren erraz ahazteko Goenaga bezalako pertsona bat. Ekintzaile porrokatua izan zen bizi izan zen artean, gizarteko behartsuen alde eta injustizia guztien kontra, beti ere.   
58 urte zituela hil zen aurtengo martxoan; Astigarragako apaiza zen orduan, baina aurretik, makina bat urte Andoaingo Sorabilla auzoan egin zituen. Arrasto ahaztezina utzi zuen Andoainen orduan, eta horrexegatik, samin sakona eragin zuen heriotzaren albisteak.
Heriotzaren berri eduki bezain pronto taldea osatu zen Andoainen, bere oroitzapena bizirik mantentzeko asmoz, eta apirilaren 24an, omenaldi ekitaldia antolatu zuen Sorabillan bertan.
Hain zuzen, larunbatean inauguratutako Mikel Apaiza Gunea talde horrek bultzatu duen bigarren ekimena izan da, Andoaingo udal batzan proposatu eta alderdi politikoek aho batez onartu zutena pasa den iraileko udal batzarraldian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!