Bertako produktuak, ostiralero

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 10a, 01:00

Josefa Imaz eta Nerea Asurmendi ama-alabek zerbitzu berria jarri dute martxan. Aurrerantzean, euren baratzeko produktuak jarriko dituzte ostiralero salgai, Zizurkil goiko plazan.

Euren baratzeko produktu freskoak etxeratzeko aukera eskainiko dute Josefa Imazek eta Nerea Asurmendik. Urrian hasi ziren postua jartzen, eta halaxe egingo dute aurrerantzean, ostiralero, 12:30etatik 15:00etara. 

Lardamuñon dute baratzea. Nereak azaldu duenez, “orain arte belaze izan dira sail horiek eta gure zalditegiko abereak bazkatzen ziren bertan. Zalditegia itxita, ordea, lursail horri beste irtenbide bat emateko moduaren bila hasi ginen, eta baratzea egiteari ekin genion”. Josefa amak erein zituen lehendabiziko barazkiak, eta orain, Nerea ere buru-belarri ari da. “Zalditegiko bezero izan genituen zenbait pertsona, etxerako barazki eske hasi zitzaigun. Eskaera horri erantzunez, baratzea geroz eta handiagoa egiten hasi ginen. Orain, beste pauso txiki bat eman, eta ostiraletan postua jartzea erabaki dugu. Ez dakigu nolako erantzuna jasoko dugun, baina froga egin nahi dugu”.

 

Eguerdian, zabalik

Ostiral eguerditan jarriko dute postua. “Jende asko etortzen da Zizurkilera, bazkaltzera. Haiekin gogoratuta erabaki genuen postua eguerdiko ordutegian zabaltzea. Kotxea eliza atzean aparkatzen dute gehienek eta erosoa izango da bazkaldu, erosketa egin, eta erositako genero freskoa kotxera eramatea”, azaldu du Josefak. 

Ekologikoa

Modu ekologikoan lantzen dute baratzea. “Lehendik ere ekologikoan ari ginen, baina dagoeneko hori egiaztatzen duen ziurtagiria eskuratzear gaude. Urtebete daramagu prozesu horretan. Ziurtagiria lortu ahal izateko, toki jakin batetik erosi behar dituzu haziak eta landareak, eta izurriteei aurre egiteko ezin duzu edozein produktu erabili. Zenbait ikuskatze egin digute baldintza guztiak ondo betetzen ditugula ziurtatzeko eta dagoeneko prozesu horren amaierara iristen ari gara. Epe laburrean lortuko dugu ziurtagiria”. 

Betikoak, eta bereziak ere bai

Garaian garaiko barazki freskoak eskainiko dituzte Josefak eta Nereak. Kuiatxoak, kuiak, ziazerbak, piperrak, intxaurrak, baserriko arrautzak…, denetarik zuten salgai postua jarri zuten lehendabiziko egunean. “Jendeak gehien kontsumitzen duena eskaintzen saiatzen gara. Izan ere, kosta egiten baita gauza bereziagoak saltzen. Orain, adibidez, kalabaza edo kuia mota ezberdin bat dugu baratzean, ‘Cotimarron’ izenekoa. Barazkijaleek asko kontsumitzen dute, baina jendeak, oro har, ez du ezagutzen eta kosta egiten zaie froga egitea. Oso zapore berezia du; purean jan daiteke, baita beteta jarri eta labean erreta ere”, azaldu du. 

 

Luzera begira

Etorkizunera begira ari dira Nerea eta Josefa. “Intxaurrondo eta gaztainondoak landatu ditugu eta mugurdi landareak ere baditugu. Zuhaitzei kosta egingo zaie fruituak ematen hastea, baina hori ere iritsiko da”. Horrez gain, etxeko oiloen arrautzak ere eskaintzen dituzte. “Inkubagailua erosi dut eta etxean bertan jaiotako oiloekin betetzen dut ziklo osoa. Belazean ibiltzen dira egun osoan zehar, landatu berri ditugun zuhaitzen inguruan”, azaldu du Nereak. 

Aste gutxi dira postua jartzen hasi zirela, eta oraindik ez dakite zenbateko eskaera izango duten: “Eskaera horren arabera moldatuko dugu gure ekoizpena ere, bai produktu aldetik, baita kantitate aldetik ere”. Aurrerantzean, ostiral eguerdiro izango da baratzeko produktuak etxeratzeko aukera, Zizurkilgo Pello Mari Otaño plazan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!