Euskararen transmisioan lagungarri diren egitasmoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 4a, 01:00

Euskararen ahozko transmisioan, azterketa soziolinguistikoetan  gurasoen artean erdaraz aritzeko joera nabarmena agertu izan da. Eta, aldiz, haurrak tartean daudenean euskararekiko sentsibilizazioa areagotu egiten da. Andoaingo Udalak euskararen ahozko erabilera sustatzeko aukera zabala eskaintzen die herritarrei, guraso bakoitzaren egoera eta errealitatera egokitutakoa.

1
GURASOLAGUN Esther Agirre

“Euskaraz kontu kontari aritzea, horixe da gure zeregina”

Esther sortzez azpeitiarra da, “han bizi nintzenean ez nuen gaztelania ezertarako erabiltzen. Alde handia sumatu nuen Andoainera etortzean. Ikastetxearen bitartez, Gurasolagun ekimenaren berri izan nuen duela bi ikasturte eta euskaraz trebatzeko laguntzaile izateko nire burua proposatu nuen. Kontu kontari aritzea, horixe da gure zeregina. Goizez geratzen ginen, haurrik gabe, eta kafea hartuz edota pasieran euskaraz hitz egiten genuen. Alboan izan ditudanentzat euskara erabiltzeko baliagarri izan den bezala, niretzat jende berria ezagutzeko aukera aparta izan da”.


IZAN ZAITEZ GURASOLAGUN
Deialdia zabalik dago HHko eta LHko gurasoentzat.
Ezaugarriak: Adin bertsuko umeak dituzten gurasoak biltzen saiatzen dira, astean arratsalde batez, gutxienez ordubetez, ikastetxeko patioan edota inguruko plazatxo batean, euskaraz ari daitezen.
Informazioa: Udala: 943 300 831. AEK: 943 591 704.


2
GURASO ESKOLA Pili Sarriegi
“Haurra ikastetxean dagoen arratsaldeko tarte hori egokia da niretzat”

Pili sortzez donostiarra da eta han bizi zenean erdal munduan bizi zen, erabat. Haurra izatean, euskararen mundura hurbiltzea beharrezkoa iruditu zitzaion. Dagoeneko hirugarren ikasturtea da guraso eskolan dabilela. Astean bi egunez, berak eta beste guraso batzuk  AEK-ko irakaslearekin hitzordua ipini dute: “Haurra ikastetxean dagoen arratsaldeko tarte hori egokia da niretzat. Probetxuzko bi ordu dira. Ikasten ari naizela nabaritzen ari naiz, eta haurrarekin hizketan aritzen ahalegintzen naiz. Haurrak, euskara ikastetxetik haratago doan hizkuntza dela ikustea nahi dut”.


HAS ZAITEZ ESKOLAK HARTZEN
Deialdia zabalik dago guraso eta hezitzaileentzat.
Ezaugarriak: Ikastetxean bertan edota gertuko leku batean burutuko dira klaseak. Astean bi egunetan, 14:40tik 16:20ra. Azaroan hasita eta guztira 80 ordu. Diru-laguntza eskatzeko aukera dago.
Informazioa: Udala: 943 300 831. AEK: 943 591 704.

 

3
BIDAIDE Ainara Loiarte
“Tailerrak gutxieneko euskara maila duten gurasoei bideratuta daude”

Ainara andoaindarra Mintzalagun egitasmoaren koordinatzailea da, eta berak egin ditu Bidaide egitasmoaren aurkezpen lanak: “Oinarrizko edo gutxieneko euskara maila duten gurasoei zuzenduta dago, haurrekin batera parte har dezaten. Bereziki, mintzalagun eta guraso eskolatakoei zuzendurik dago. Azaroaren 18an Karrikako Ludotekan hasita, sei jardueratan parte hartuko dute. Lehengoa sukaldaritza begetarianoari buruzko tailerra izango da. Saioz saio zigilu bana jasoko dute, eta sei zigiluak lortzen dituztenen artean ikasturte amaieran zozketa eta sari banaketa egingo dira”.

Deialdia zabalik dago guraso eta haurrentzat.
Ezaugarriak: Andoaingo Ludotekak ikasturtean zehar tailerrak antolatuko ditu, gurasoei zuzenduta. Betiere tailerrak haurrekin batera parte hartzeko egiten dira. Derrigorrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.
Informazioa: Udala: 943 300 831. Ludoteka: 943 300 208.

 

4
AISA

Harrera-ikastaroen bidez, Euskal Herrian bizi diren etorkinek dituzten hizkuntza-premiei aurre egin nahi zaie, oso oinarrizko ezagutza bermatuz eta euskararekin duten harremana erraztuz. Ikasleen eguneroko bizimoduan oso hurbileko gaiei garrantzia ematen zaie: osasuna, familia, eskola. 
Helburuen artean, ikasle etorkinek kalean aurkituko dituzten errotuluak eta kartelak ulertzeko gaitasuna lortzea da.

Deialdia zabalik dago etorkinentzat.
Ezaugarriak: Euskara ikasteko oinarri-oinarrizko ikastaroak, euskararekin harremanik izan ez duten etorkinei zuzendua.
Informazioa: AEK: 943 591 704.


5
MOTIBAZIOA

Gurasoen artean motibazioa sustatzeko Andoaingo Udalak antolatzen dituen hitzaldiak dira. Adibidez, euskara ez dakiten gurasoentzat edo oso gutxi dakitenentzat Paula Casaresen hitzaldia antolatu zuten. Eta gauza bera guraso euskaldunentzat ere, Kike Amonarrizen hitzaldiarekin. Saioak doakoak dira, eta horien berri prentsa, webgune eta sare sozialen bidez ematen dute.

 

INFORMAZIO GEHIAGO

Telefono zenbakia: 943 300 831
euskarazerbitzua@andoain.eus
Webgunea: andoaindarraeuskaraz.eus
Facebook: andoaindarraeuskaraz.euskaraz

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!