Ekitaldiak azaroan, Bizitzaren Herena ekimenaren eskutik

Andoaingo ‘Bizitzaren Herena’ ekimenak aurkezpena egin zuen urriaren 28an, Axier Oiartzabal andoaindar presoaren askatasuna aldarrikatzeko. Ondorengo oharra irakurtzeaz gain, ekitaldi sorta iragarri zuten azarorako:

Irailaren 23an 15 urte bete zituen espetxean Axierrek. Azaroaren 29an 45 urte beteko ditu. ‘Bizitzaren Herena’ ekimena aurkeztu genuen joan den uztailean eta ekimen sorta iragarri genuen orduan. Hilabete hauetan lanean aritu gara, eta gaur hauen aurkezpena egitera gatoz hona.

Ez da erraza une honetan sentitzen duguna azaltzea. Gure bizitzan 15 urte atzera egin, eta gehienok gure gaztaro goxora goaz zuzenean. Oroitzapen asko datozkigu burura, Axier gure artean zegoen garai haietako oroitzapenak. Azken 15 urteak luzeak izan dira bera gabe, eta zinez uste dugu etorkizuna berarekin egiteko ordua iritsi dela.

Egun Saint Maurreko espetxean dago axier; 600 km-ra. Urrutiago ere egon izan da, baina urrutiago egon delako ez dugu egoera hau ontzat ematen. Urrutiegi dago oraindik, 15 urte eta gero bere lekua etxeam dagoela uste baitugu hemen gauden guztiok.

Gaur ostirala da, eta Ainhoa eta Ihintzan gurekin egon nahi bazuten ere ezin izan dute. Gaur beste hainbat seniderekin batera errepidean daude, beraien senidea dena bisitatzeko.

Datozen asteotan, ekimen ezberdinak egingo ditugu. Axier eta bere etxekoekin gure elkartasuna adierazteaz gain, Axier ere etxeratzeko ordua dela aldarrikatuko dugu. Nahikoa da berak eta bere etxekoek bete duten Bigorra, eta egoera hau lehenbailehen amaitu dadin nahi dugu.

Hori del aeta, andoaindar guztiak deialdi hauetara gonbidatu nahi ditugu:

• Azaroak 19, larunbata: 19:00etan, Goikoplazatik Zumea plazara jende-katea.

• Azaroak 23, asteazkena: 19:00etan, espetxealdi luzeen eraginaz mahai-ingurua Basteron.

• Azaroak 29, asteartea: Axierren urtebetetze egunean, ekimeneko kideek bere senide eta lagunekin osatu duten dokumentalaren proiekzioa Basteron.

Hiru ekimenak ahalik eta jendetsuenak izatea nahiko genuke, Andoainen pentsaera ezberdineko andoaindar asko gaude Axier etxera bueltatzeko ordua dela pentsatzen dugunak. Zu ere bertan egongo zarela uste dugu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!