Mikel Apaiza Gunea inauguratuko da larunbatean

Sorabillan, Erretoretxearen eta San Martin Elizaren artean dagoen eremuari Mikel Apaiza Gunea izena jarriko zaio ofizialki larunbatean, bertan egingo den ekitaldi batekin.

Kanpai errepikak deialdia luzatuko du, goizeko 11:30etan, eta Urki dantza taldekoen agurraren ostean ekingo zaio ekitaldiari.

Sinbologia handiko eserleku bat inaguratuko da ofizialki ekitaldian zehar, aipatu den eremuan. Ondoren, hamaiketakoa eskainiko zaie bertaratu diren guztiei.

Mikel Goenagaren lagunek osatutako taldeak eta Andoaingo Udalak antolatu dute ekitaldia. Deialdia luzatu dute biek ere, Mikel Goenagaren adiskide eta  lagunei eta Andoaingo herritarrei oro har, Sorabillara hurbil daitezen goizeko 11:30etatik aurrera.

Ekintzaile porrokatua izan zen bizi izan zen artean Goenaga, gizarteko behartsuen alde eta injustizia guztien kontra, beti ere.   

58 urte zituela hil zen aurtengo martxoan; Astigarragako apaiza zen orduan, baina aurrretik, makina bat urte Andoaingo Sorabilla auzoan egin zituen. Arrasto ahaztezina utzi zuen Andoainen orduan, eta horrexegatik, samin sakona eragin zuen bere heriotzak.

Hainbat herritarrek taldea osatu zuten Andoainen bere heriotza jakin bezain pronto; bere izena eta berak aurrera eramandko egitasmoak gogoan edukitzeko jaio zen taldea, eta apirilaren 24an, omenaldi ekitaldia antolatu zuen Sorbaillan bertan.

Hain zuzen ere, Mikel Apaiza Gunea da talde horrek bultzata egingo den bigarren ekimena. Andoaingo udal batzan gunearen ideia proposatu, eta alderdi politikoek aho batez onartu zuten aurretik.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!