Bertsolaritzaren ikergaiak aurkeztuko dira datorren astean Amasa-Villabonan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko aza. 3a, 01:00

Miren Artetxek, Oihana Iguaranek, Eñaut Agirrek eta Ainhoa Aizpuruak beren ikerketa proiektuak ezagutaraziko dituzte. Hitzaldien ondotik, bertso-saioa eskainiko da:

Azaroaren 10ean, 18:30etik aurrera, Amasa-Villabonako Subijana etxean bertsolaritzaren inguruan martxan dauden doktorego-tesiak aurkeztuko dira: Miren ArtetxeOihana IguaranEñaut Agirre eta Ainhoa Aizpurua ikertzaileek ezagutaraziko dituzte beren ikerketa-lerroak. Artetxek Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotzea lanaren nondik norakoak azalduko ditu; Iguaranek Bertsoaren Agenda. Agenda settingak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina; Agirrek Ahozko hizkeraren ezaugarriak bertsolarien bat-bateko jardunen; eta, Aizpuruak Bertsolaritzaren prosodia.

Mintzolak zein UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek babestutako ikerketa lanak dira hauek: Miren Artetxek duela lau urte erakunde hauen artean esleitutako ikerketa-kontratua eskuratu zuen; Oihana Iguaranek eta Eñaut Agirrek aurtengo deialdikoa erdietsi dute; eta, Ainhoa Aizpuruak Mikel Laboa Katedrak eskaintzen duena bereganatu du. Hitzordu honekin ikerketa hauen berri eman eta bertsolaritza ikertzen dutenen arteko harremana eragin nahi dugu.

Hitzaldien ondotik, bertso-saioa izango da: Eñaut Agirrek bertso-zaharren emanaldia eskainiko du eta ondotik, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsotan ariko dira librean. 

Ekitaldi irekia eta doakoa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!