“Pozik gaude herritarrek emandako erantzunarekin”

Etxez etxeko kanpainaren ostean, materia organikoa sailkatzeko sistema Andoain osoan dago jarrita. Joana Garcia eta beste sei hezitzaile kanpaina aurrera eramaten aritu dira, informazio osoa eskainiz eta herritarren zalantzak argitzen. Pozik daude, andoaindar asko, kanpaina euren auzora iritsi arte itxaroten egon nahi ez eta Ataria bulegora informazio eske hurbildu delako.

Zer moduzkoa izan da herritarren erantzuna?
Joana Garcia.
Oso ona, egia esan, harrituta gaude erantzunarekin. Hasiera batean, herritarren erdiak parte hartuko zuela espero genuen, baina muga hori pasa egin dugu eta oso pozik gaude. Oraindik ez ditugu datu zehatzak, baina erabiltzaileen parte hartzea hemendik bi hilabete barru ikusiko dugu. Izan ere, txartela hartu duten guztiek erabiltzen duten ala ez ikusi beharra dugu.

Atariaz gain, auzoz auzoko informazio puntuak jarri dituzue. Jende asko etorri al zaizue?
J.G.
Ataria bulegoan lan askorekin ibili gara; batez ere kanpainaren hasieran. Jendeak auzoz auzoko kanpainari itxaron ordez, zuzenean hona gerturatu zen informazio eta txartel eske. Hilabete ondoren, eguneko martxa hartzen hasi gara.
Bestalde, auzoetako informazio puntu horiek dagoeneko ez dauden arren, orain arte jende dezente ibili da; auzo batzuetan besteetan baina gehiago, baina orokorrean, kanpaina guztiz borobiltzeko modua izan da. Izan ere, etxez etxe joan arren, jendea zalantzekin geratu da eta puntu horiek argibideak eskatzeko erabili dituzte.

Zein izan dira herritarren zalantza nagusiak?
J.G.
Sailkapenarekin lotutako zalantzak dira ia guztiak. Adibidez, pertsona bat  harategiko hiru paper mota ezberdinekin gerturatu zait: paper ezkoztatua, paper plastikoduna eta paper plastiko gabea. Horrelakoetan zer egin behar duten azaltzen diegu eta dena zehatz-mehatz erakusten duen gida bat ere badugu.
Horrez gain, Udalak poltsa organikoak banatzen jarraituko duen ala ez ere jakin nahi dute. Oraindik zabor sortzaile bereziekin kanpaina egiten ari gara eta, hori guztia amaitutakoan, Udalak erabaki egin beharko du ematen jarraituko duen edo nola egingo duen.

Edukiontzi sistema berrira egokitzerakoan, ezagutza falta nabaritu al duzue?
J.G.
Ez, orokorrean, jendeak badaki zer den organikoa. Hala ere, errefusara zer bota pentsatzen jartzerakoan, nahasmenak sortzen dira. Pardel eta txakurren gorotzekin nahasten dira asko. Organikora zer bota behar den erakusten diegu: janari hondakinak, olioz blaitutako sukaldeko papera, moztutako landareak…  Sailkatu ezin duten hori, errefusa izaten da normalean.

Zein da gaizki birziklatzeagatik sor daitekeen ondorioa?
J.G.
%5eko hutsegite tartea dugu, hortik aurrera, birziklatzea ezinezkoa delako. Beste herrietako kasuak ikusita, arazo handiena herritarrek organikoa plastikozko poltsetan botatzen dutela da. Poltsa hori ez da egokia, eta ondorioz, poltsa asko badaude, ezin da organiko bezala definitu. Oso zorrotzak izan behar dugu horretan eta poltsa konpostagarriak izan behar dutela azpimarratu behar da.

Organiko asko sortzen duten komertzioei zein abantaila eskaini diezue?
J.G.
10 litroko ontzi domestiko baten ordez, 40 litroko ontzia eskaini diegu. Hortik aurrerako edukiontziak handiegiak dira zaborra kaleko ontzietara botatzeko eta, atez ateko zerbitzurik ez dutenez, tamaina hori da eskaini dezakegun handiena. Udala poltsa horien kargu egingo da.
Horrez gain, tabernariei beira birziklatzeko sistema berri bat eskaini diegu. Edukiontzi berde berriek mekanismo berri bat dute, botillak banan-banan hustu ordez, 120 litroko ontzi bat mekanismoan jarri eta dena batera botatzen duena. Beraientzat aurrerapen handia da azkarrago egin dezaketelako. Dagoeneko batzuk eskatu dute eta laster egingo da banaketa.  

Noiz arte egongo zarete informazioa ematen?
J.G.
Guztia ondo ezarri arte. Hilabete batzuk pasako dira; izan ere, organikoaz gain, kartoi komertziala ere sailkatu nahi dugu. Kartoi asko sortzen duten komertzioek ez dugu paperontzira botatzerik nahi, kartoiaren eta paperaren prezioa ezberdina delako eta toki ezberdinetara eramaten delako. Igandeetan izan ezik, egunero kartoi komertzialaren bilketa egingo da arratsaldeko 20:00etan. Horretarako, komertzioek kartoia edukiontzien ondoan utzi beharko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!