Atzegizaleak biltzeko kanpaina

Atzegik #KaleAtzegizale izenburupean aurtengo sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du. Bereziki, jarrera positiboak orokortu eta ingurune inklusiboagoa lortu nahi ditu.

Atzegizaleen keinu txikiek alde “handia” suposa dezakete adimen urritasuna duten pertsonen egunerokoan. Horren garrantzia azpimarratu zuen Aloña Agirre Atzegiko kideak, Beterri-Buruntzako kanpainaren aurkezpen agerraldian.

“Denontzat da garrantzitsua inguruko jendearen trataera gurekiko, eta atzegizaleen keinu txiki horiek eragin handia dute adimen desgaitasuna dutenen bizitzan. Horixe bera da aurtengo kanpainarekin azpimarratu nahi izan duguna”, adierazi zuen Aloña Agirrek.
“Gure helburua kaleak atzegizale bihurtzea da”, gaineratu zuen. Atzegik horrelako jarrerak orokortu nahi ditu, adimen desgaitasuna duten pertsonen egunerokotasuna errazago egiten dutenei eskerrak emanez. Hala, Atzegiko kideek eskerrak eman zizkieten agerrialdian bertan atzegizale horiei.
Udalek “pixkanaka” berdintasuna lortzeko pausoak emateko eta beregain dituen betebeharrekin aurrera jarraitzeko hitza eman zuen Hernaniko alkateak: “Sentsibilizazio lanaz gain, Udalaren betebeharra da herria Atzegizale bihurtzea, herri inklusiboa izatea eta aurtengo #KaleAtzegizale leloarekin bat eginez, Hernaniko kaleak denentzako kaleak izatea, guztiok baldintza berak izan ditzagun”. Eskualdeko udalek ere ekimenarekin bat egin dute.

Kanpainaren nondik norakoak
Laura eta Ander dira aurtengo kanpainaren protagonista nagusiak. Kartelean edota bideoetan, beraien eguneroko jarduera arruntetan ikus daitezke: kiroldegian, ileapaindegian… Denera, zortzi mila kartel jarriko dituzte Gipuzkoa osoan zehar.
Horrez gain, eskuorriak eta txapak banatuko dira adimen desgaitasuna duten pertsonek eta hauen senideek inguruan dituzten atzegizaleei beraien jarrera azpimarratu eta esker ona adierazteko.
Atzegizaleak ikusgai egiteko, gainera, urte osoan zehar Atzegiko kideek beraiekin argazkiak aterako dituzte marko baten laguntzaz, eta argazkiak webgunean eta sare sozialetan ikusgai egongo dira.

Informazio gehiago: atzegi.org/kaleatzegizale

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!