Andoain Laburrean, edizio berria

Andoain Laburrean iaz mendeurrenaren harira antolatu zuten eta jasotako erantzunarekin gustura, edizio berria antolatzea erabaki dute. Aurreko astean egin zuten edizio berriaren aurkezpen ekitaldia.

[Oinarriak]

Film laburren lehiaketa ez da Andoaingo mendeurrenaren ekitaldietara mugatuko, eta iazko deialdiak aurten ere jarraipena izango du.  Ainara Rodriguez zinegotziak lehiaketaren aurkezpenean Andoain herriak  ESCIVIri esker zineman lortu duen errefeentzialtasuna azpimarratu zuen. Eta horregatik, eskolarekin elkarlanean aritzeko egokitasuna defendatu zuen: “Andoain Laburrean euskara hutsean egiten den lehiaketa da. Herrian zinema eta bideo eskola izanik, guztiz aproposa iruditzen zitzaigun horrelako lehiaketa martxan jartzea”.
Ainhoa Aiertza ESCIVIko irakasleak parte hartzeko deia luzatu zuen, zine eta bideo eskolako hainbat ikaslek parte hartzeko duten gogoa azaltzearekin batera.
Kimetz Bilbao ESCIVIko ikaslea da, aurtengo lehiaketako kartelaren egilea. Parte hartzeko asmoa duen ikasleetako bat da: “Iaz hasiberria nintzen eta lehiaketa batean parte hartu nuen lehen aldia izan zen. Bideozaleak parte hartzera animatuko nituzke”.
Aurten, 75 eta 300 euro bitarteko lau sari banatuko dituzte. Sari banaketa Basteron izango da, datorren abenduaren 1ean arratsaldeko 18:00etan hasita.

 

OINARRIAK

  • 16 urtetik gorakoek eta profesional ez direnek parte har dezakete.
  • Andoainen bizi, ikasi edo lan egiten duen edozeinek parte har dezake.

LANEN EZAUGARRIAK

  • Filmaren audio elementuek euskaraz izan behar dute.
  • Gaia librea den arren, film laburrean uneren batean “Aita Manuel Larramendi” izeneko liburua azaldu behar da. Zeharka zein istorioaren elementu garrantzitsu gisa. Liburuaren aleak eskuragarri daude Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuan.
  • Ikus-entzunezko lanen iraupena 5 eta 15 minutu artekoa izango da, kredituak barne.
  • Film laburrak argitaragabeak aurkeztu behar dira jaialdi, lehiaketa edo interneten ikusi gabeak.
  • Generoa librea da. Andoaingo herriari aipamena egitea hobesten da.

LANEN AURKEZPENA

  • Myairbridge.com bidez  euskarazerbitzua@andoain.eus postara bidalita. 
  • Udaleko Euskara Zerbitzuan aurkeztuta. Astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00etara.
  • Oinarriak bere osotasunean: andoaindarraeuskaraz.eus.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!