Gamesako langileak lan hitzarmenik gabe aritu dira lanean 2016 urte guztian zehar. Langileen batzordea enpresarekin elkartu nahian ibili arren, harreman hori zaila izan dela argitu du bertako langileetako batek. “Duela aste batzuk enpresak proposamen bat egin zigun, baina langileen gehiengoak ezezkoa erabaki zuen asanbladan eta lan geldialdiak egitera jo genuen: 2 ordu lanean eta beste bi etenaldian igaroz. Bi aste eta erdian egin genuen protestaldi hori”. Denbora tarte horretan egindako lan eta saiakeraren ondorioz, ordea, Gamesa enpresak langileei proposamena luzatzea lortu dute eta langileen gehiengoak proposamen hori onargarria dela erabaki du. Hitzarmena sinatu aurretik, ordea, hainbat puntu eta datu ondo zehaztu behar dituztela jakinarazi dute. Gamesa lantegiak langileei egin dien proposamenak soldatarekin ez ezik, lan orduen murrizketarekin du lotura; izan ere langileei urtean 10 ordu murriztuko baitzaizkie eta, besteak beste, kontziliazioari dagokionez ere, hainbat hobekuntza jasotzen du.
Langileek azaldu dutenez, 2016 urtean zehar jaso du Gamesa lantegiak historikoki irabazirik gehien eta gorakada horren jakitun eskatu zuten langileek soldaten igoera. 180 langile inguru aritzen da lanean Gamesak Asteasun duen lantegian eta energia eolikoa lortzeko gerora Burgosen muntatzen dituzten biderkatzaileen piezak egiten dituzte bertan.