Tasetan %1eko igoera onartu du udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 26a, 02:00

Hiru urtez igo gabe egon ostean, tasetan %1eko igoera onartu du Zizurkilgo udalbatzak eta hondakinen tasari dagokionez, %5eko igoera onartu du Udalak EH Bilduren botoekin:

Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, “hiru urte izoztuta egon ostean %2 proposatu genuen Udal gobernutik baina adostasunaren izenean ehuneko 1ekoa onartu genuen. Ezin da esan planteatzen zen igoera justifikaezina dela, hiru urtez igo ez direnean”. Gainera sozialisten kritikari erantzunez, zera gogoratzen du alkateak: “Zizurkilgo Udala ia 30.000 euro itzuli beharrean da Gipuzkoako Foru Aldundira aurten PNV eta PSEk aberastasun handien zerga kendu eta aurreikusi baino diru gutxiago bildu dutelako. Hori bai dela gizartearen aurkako politika egitea, gehien dutenei zergak jaitsiz azkenean ekimenak aurrera eramateko diru gutxiago baitago”.

Hondakinen tasa

Hondakinen tasari dagokionez % 5eko igoera onartu zuen Udalak EH Bilduren botoekin. “PNV eta PSEk bultzatzen duten erraustegia eraikitzeagatik soilik hondakinen kontsorzioaren faktura bikoiztu egingo dela aurreikusten da, jada 2016ko urte hasieran %40ko igoera izan zuen errefusa eta organikoaren tratamentuagatik ordaintzen denak bi alderdi horien ekimenez. Horren aurrean, eta oraindik Udalean dugun zorra ikusita, ezin dugu besterik egin eta oposizioko alderdiek ere badakite. Hori bai gogoratu behar da egoki birziklatzen dutenek hobariak dituztela”, zehaztu du Luengok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!