Azpiegitura lan ugari batera herrigunean

Udazken honetan herrigunean zehar hirigintza alorreko hainbat lan martxan jarri dituzte, batik bat azpiegiturak berritzeari loturikoak. Kaletxikiko lanekin hasi ziren uda partean, eta dagoeneko lanik handiena egina dago. Tamaina handiagoko obra izango da Ama Kandidakoa, errepidea estutu eta biribilgunea eraikiko dituztelako. Horrez gain, Joakin Larretan eta Makaldegian ere lanak hasita daude. 

2016ko Udal aurrekontuak onartzearekin batera, inbertsio plana eta eraberritze lanak martxan jarri ziren. Udal gobernu taldetik Ana Carrere alkateak aitortzen duenez, “lehentasuna eman diogu azken urteetan egin behar izan ziren lanei, esaterako, ur hoditeria zaharkituaren eraberritzeari eta ur pasabideak hobeto kontrolatzeko balbulak txertatzeari. Lan horiek, behin amaituta, ez dira ikusten baina garrantzia handikoak dira. Hoditeria berritzen joan garen heinean, adibidez, galdutako ur kopurua murriztuz doa eta horrek Ur kontsortzioari ordaindu beharreko diru kopuruan eragin zuzena du. Aurreztuko duguna kopuru handia izango da. Milaka euroz hizketan ari gara”. 

Ama Kandida 
Errepidea estutu eta bidegorria ipini

  • Hasiera: 2016ko urria.
  • Martxan: 2017ko martxoa.
  • Aurrekontua: 315.000 euro + BEZ.

Bazkardon, Buruntza tailerrak dagoen aldean hasi eta Martin Ugalde kultur parkeraino doan etorbidea eraberritzen hasiko dira laster, konponketa lan ezberdinen bitartez: Espaloi ugari berrituko dituzte, errepidea estutu eta bidegorria eraiki. Helburu nagusiena etorbide hura herri barruko errepide bilakatzea da, abiadura motelduz eta arriskuak saihestuz. Bide batez, hartutako neurriekin, zarata akustikoa eta kutsadura murriztuko dira. 
Andoaingo gainerako eremuetan egin bezala, Ama Kandidan ere argiteria azpiegitura berritzeari ekingo diote. Kasu honetan, bereziki, lehendik zeudenak baino farola gehiago ipintzeko asmoa dute. 
Eraberritze lanak biribilune edo errotonda eraikiz hasiko dira, Berrozpe etxearen parean. Lanik zailena horixe delako. Bestalde, langile eta bizilagun askoren pasabide delako, Martin Ugalde kultur parkearen parean semaforoa eta zebra-bidea jarriko dituzte. Unanue etxearen parean ere espaloia zabaltzeko asmoa dute. 
Auzunean, oro har, eta bizilagunek eskatuta, zebra-bide gehiago ipiniko dituzte.

 

Joakin Larreta
Oinezkoentzat eta gidarientzat arriskua saihestea helburu

  • Hasiera: 2016ko urria. Martxan: 2017ko martxoa.
  • Aurrekontua: 372.000 euro + BEZ.

Errepidea eta espaloia eusteko horma indartzeko lanak aurreko astean abiatu ziren, trenbide sareari itsatsitako eremuan. Kale Nagusitik Joakin Larretara doan eskailera bota eta berria eraikitzeaz gain, herritarren begietara ez da ikusgarritasun handiko lana izango, lanik esanguratsuenak hormaren azpialdean egingo direlako. Hormigoiarekin indartuko dute. Bide batez, lanei ekin dietela baliatuta, argiteria eta hoditeria azpegitura zaharkitua berritzeari ekingo diote. Behin lanak amaituta, oinezkoen espaloia zabalagoa geratuko da. Kalean zehar ere zebra-bide gehiago jarriko dituzte.

 

Makaldegia
200 m2ko hedadura izango duen aterpe berria eraikiko dute

  • Hasiera: 2016ko urria. Martxan: 2016ko abendua.
  • Aurrekontua: 75.000 euro + BEZ.

2014ko urtarrilean Udalak Makaldegi edo Merkatu plazako burdinezko eraikuntza zaharkitua kendu zuen, egoera kaskarrean zegoelako. Lan horiei ekitean, beste bi gehiago egin zituzten: Bertatik igarotzen zen ur zikinen ubidea konpondu eta lurrazpiko edukiontzietarako zuloak hormigoiz betetzea.
Laster hasiko dira lanak, 200 m2ko hedadura izango duen aterpea aurreikusten duena. Lanak egin bitartean, tresneria gordetzeko aparkaleku batzuk denbora batez erabiltezin izango dira. Urriaren 25ean hasi eta lanek iraun bitartean astearteko eta larunbateko azoka Goikoplazara mugituko dute.

 

Kaletxiki
Berrozpe pareko lanak amaituta, bigarren faseari ekin diote

  • Hasiera: 2016ko uztaila.
  • Martxan: 2016ko azaroa.

 

Lehen fasea ezustearekin abiatu zen, Berrozpe pareko lur zorua ez zelako irmoa. Aurreikuspenetik kanpo, lurrez bete behar izan zuten eta horrek lanak luzatzea ekarri zuen. 
Lanik handiena amaitu dela esan daiteke, eta orain bigarren fasean sartuta daude. Auzunetik Goikoplazara doan aldapan, zehazki, hoditeria eta azpiegitura zaharkituak berritzen ari dira.

 

Zumea kalea
Bus geltoki berria laster zabalduko dute, aurrekoa zamalanetarako utziz

  • Hasiera: 2016ko iraila.
  • Martxan: 2016ko azaroa.

Zumea kalean, Tolosako norabidean, bus geltokia metro batzuk mugiarazi dute Eroskiren pareraino. Haren ondoan zamalanetarako gune berria egokitu dute. Asteburuan martxan izango dira.
Eta orain arte bus geltoki funtzioa betetzen zuen eremua zamalanetarako erabiliko da. 14:00etatik aurrera, herritarrek gune hori ibilgailua aparkatzeko erabili ahal izango dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!