Gorbeia, Zanpatuz-en azaroko irteera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 25a, 02:00

Autobusa bete jende joan zen Beriainera pasa den igandean, eguraldi kaskarra eduki arren. Mendi elkartearen hurrengo irteera Gorbeia mendira izango da. Azaroaren 12an izango da, larunbatez, eta egun osokoa. 

Informazioa:

50 lagun pasak parte hartu zuten Beriaingo irteeran, Zanpatuz mendi elkartearekin, pasa den igandean. Irañetatik abiatu, Euskal Herriko erdigune geografikoa ezagutu zuten aurrena, eta handik Beriaingo ermitara, 1.493 metrora. Hego haizeko denboralea, egun ia guztia lainopean eta euripean egin zuten Urnietako mendizaleek. Beriain gainean ermita barruan hartu behar izan zuten aterpe, kanpoaldean egotea ezinezkoa zelako haizea eta hotzagatik. Handik behera, Unanun autobus barrura azkar batean igo ziren, Urnietara azkar bueltatu eta dutxa bero bat hartzeko.

Mendi elkartearen hurrengo irteera Gorbeia mendira izango da. Azaroaren 12an izango da, larunbatez, eta egun osoko irteera. Pagomakurretik, Bizkaitik igotzea da asmoa, Arrabako zelaigunea eta Egiriñaoko aterpean barrena gurutzeraino iristeko. Handik Araba aldera jaitsiko da taldea, Murua herriraino, jaitsiera beste toki batetik egiteko. Guztira lau ordu pasatxo dira oinez, eta gorantz gainditu beharreko desnibela 600 metro. Beherantz, aldiz, 800 baino gehiago. Irteera maila ertainekoa da. Bazkaria norberak eraman beharko du, eta eguraldia lagun, otordua Gorbeiako tontorrean bertan egingo da. Eguraldia txarra bada, beherako bidean babesguneren bat topatzen den lehen tokian.

Izena emateko zerrendak Kantoi, Xauxar eta Ikasmin akademian jarriko dira. Izena emateko azken eguna azaroaren 10a izango da, osteguna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!