Oztopo probak, bogan

Boga-bogan jartzen ari dira oztopo probak. Lasterka egiteaz gain, bidean dauden oztopo ezberdinak gainditu egin behar izaten dira. Hamar bat kilometroko probak izaten dira. Bidean, baina, mota anitzeko oztopoak topatu ohi ditu korrikalariak: lasto fardoz estalitako kamioiak, errekak, hesiez inguratutako eremu lokaztuak… 

Estatuan barrena urteak daramate halako probak antolatzen; dagoeneko zirkuitua osatuta dago eta baita txapelketa ere, milaka parte hartzaile eta ikusle erakartzen dituena.  Gipuzkoan bakarra burutu da, Astigarragan. Maiatzean izan zen, eta ez da erraza proba gehiago inguruan antolatzea. Inguruotan, ordea, lehen postuetan dabiltzan kirolariak dauzkagu.

Ismael Mateo eta Almudena Carvajal andoaindarrek badakite zer den horrelako probaren bat irabaztea. Axun Mateo eta Izaskun Cantabella ere lehiatzen aritzen dira. Laurak Ismael Mateok Hernanin gidatzen duen Denontzat gimnasioan biltzen dira: “Gurean ez dago ez makinarik ezta ispilurik; ariketa ezberdinez osatutako zirkuituak eta irudimena erabiltzen ditugu. Oztopo probatan egin behar izaten diren ariketa fisikoetara egokitzen gara. Jarduera hau edozeinek praktika dezakeela iruditzen zaigu, aldamenekoak baino tripa handiagoa edo eta muskulu kaskarragoak ote dituen jaramonik egin gabe”.
 

Almudena Carvajalek Madrilen eta Bartzelonan Eternal Running probak irabazi ditu, eta Ismael Mateo aurreko igandean Bartzelonan egindako proban bigarren sailkatu zen. Podiumera igotzen ohitura hartzen ari dira biak. Mateo batez ere, Badajoz, Loiu edota Galdakaoko probatan lehenengoen artean sailkatu baita. 

Kirola eginez ondo pasatzeko aukera eskaintzen duen modalitatea dela dio Ismael Mateok. “Urteak egin ditut lasterketa tradizionaletan, errepidean edota mendian. Errutinan erortzen zara azkenerako. Orain bizpahiru urte deskubritu nituen proba berezi horiek, eta geroztik izugarri zaletu naiz. Ez zoaz erlojuari begira, lokatzetan zikindu edo errekan bustiko zaizulako. Lasterketa abentura oso bihurtzen da. Traba bat gainditu ahala, zer datorkizun jakin gabe egiten duzu aurrera”. 
Axun Mateok zehaztu duenez, ez daude bi proba berberak direnak: “Oztopoak nahiko antzekoak izan arren beti, lekura moldatzen dira; kontuan hartzen dute ibairik ba ote den, mendirik… Antolatzaileek ezustearen faktorearekin jokatzen dute, eta lasterkariek egunean bertan jakiten dute nondik nora eta zein baldintzatan ibili behar duten”.
Lagunarteko giroan egin badaiteke ere, maila fisiko ona duenak abantaila duela aitortu du Almudena Carvajalek: “Fisikoki prestatuta joan beharra dago. Dena den, beste kiroletan ikusten ez dugun dibertsioa eskaintzen dute, eta gainera, paregabea da parte hartzaile guztien artean bizitzen den giroa”. Eternal Invencible probatan aisia eta lehia biak uztartu daitezke, berdin-berdin: “Denetik dago parte hartzaileen artean: batzuk lehiakorrak dira, eta beste batzuk soilik ondo pasatzera doaz. Denek ere, batzuek zein besteek, proba bakoitza erronka pertsonal  moduan hartzen dute”.

ALMUDENA CARVAJALI ELKARRIZKETA

Zer dela eta hasi zinen oztopo probetan?
Almudena Carvajal
. Ez nekien zer ziren oztopo probak, orain dela oso gutxi arte. Probatzeko eta probatzeko esanez berotu egin ninduten. Madrilera joan, eta hara non, lehen postua lortu! Hirugarren postuari heldu nion lasterketaren zatirik gehienean, baina kilometro eta erdi geratzen zenean, berriro ere oztopoak jarri zizkiguten, eta hantxe lortu nuen aurretik zihoazenak gainditzea. Egia esanda, probatzera joan nintzen, baina azken kilometroetan, denok barruan daramagun lehiarako harra irten zitzaidan…

Lehendik ere lasterka ibilitakoa zara.
A.C.
Zer edo zer bai, baina ez asko, oso modu herrikoian baizik ez. Lasterketa txikietan parte hartu izan dut Zumeatarra elkarteko lagun batzuekin, baina Behobiaren pareko ibilbide luzeetara iritsi gabe. Orain, gimnasioan ez ezik, Belkoain, Goiburu, Adarra, Onddi eta antzeko mendi parajeetan aritzen naiz, entrenamendu gisa.
 
Zergatik egiten zaizu erakargarri?
A.C.
Kirol ugari praktikatu izan ditut nire bizitzan, eskubaloia (Leizaran taldea), igeriketa (Buruntzaldea IKT taldea), aerobika, body combat…, baina esango nuke nire neurrirako kirola deskubritu dudala, gauza askoren konbinazio perfektua baita. Gorputz osoa lantzen duzu, eta horrekin erresistentzia, fondoa, arintasuna, indarra… Lasterka ari zara, baina aldi berean oztopoak gainditzeko erronkak dauzkazu aurrean.

Hemendik aurrera, zeure buruari gehiago exijituko diozu, ala?
A.C.
Hortxe dago presioa, lasterketak irabazi izanagatik batik bat. Hurrengo probatara gozatzeko asmoz joango naiz. Pertsonalki, ahal dudan gehiena eman nahi nuke. Ez nuke etxera itzuli nahi eman nezakeena baino gutxiago eman dudala pentsatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!