Hernandorena gogoan, Xalbador Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 24a, 02:00

Zizurkilgo ekintzaile euskaltzalea (1898-1994) gogoan hartu zuten atzo Urepelen ospatu zen Xalbador Egunean. Omenaldia Emile Larre Baigorriko euskal kultur zalearekin partekatu zuen zizurkildarrak.

[Argazkiak] [Bertsoak]

Bertan izan ziren Teodoro Hernandorenaren alabak eta bilobak. Zizurkilgo zenbait herritarrek ere ez zioten hutsik egin hitzordu bereziari.

Kepa Junkerak larunbatean eskaini zuen kontzertu batekin eman zitzaion hasiera Baigorriko Deidarra elkarteak urtero antolatu ohi duen Xalbador Egunari.

Igandean, Xalbadorren baserri eta bordara egin zen txangoak eman zion segida. Ondoren, Joxe Mari Iriondok bi euskaltzaleen inguruko hitzaldia eskaini zuen. Hernandorenak ekintzarako zeukan grina goraipatu zuen Iriondok, eta hark makina bat eremuetan musutruk egindako lana xehetu. Besteak beste, euskalgintzan, bertsogintzan, euskal aberringintzan, euskal filmografian eta pilotaren jokoan aritu zen Hernandorena.

Ospakizunean parte hartu zuten euskaltzaleek gogoan eduki zuten bai Hernandorenak eta baita Emile Larrek nola egin zituzten egundoko ahaleginak Iparraldean bertsolaritza hauspotzeko. Urrutira gabe, Hernandorena izan zen Mattin eta Xalbador oholtzara kantatzera animatu zituena.

Urepeleko plazan euskal dantzekin eta herri kirolen apustuarekin gozatu hartu ostean, herri bazkarian bildu ziren Xalbador Egunera bertaratutakoak.   

 

Esker oneko bertsoak

Arzallus, Lizaso, Loidisaletxe eta Gurrutxategik bertso saio bikaina eskaini zuten bertsozaleek kafea hartzen zuten bitartean.

Iriondok eskatu, honako bertsoak abestu zituzten agurrean, bi omenduak gogoan hartuta Agurrean:

 

Arzallus:

Ez baitzen bakarrik bizi

Urepeleko artzaina

Teodoro ta Emile

Laguntza on baten ordaina.

Bata dentista izan zenuen

Bestea apez bikaina.

Batek zuzentzen zizkion hortzak

eta besteak mingaina.

 

Lizaso:

Zizurkilen jaio omen

liburu askok diona.

Euskaltzale, bertsozale

ta sentimendu sakona.

Bertsoan alde jirabiraka

ibiliagatik hona.

Gorputz txikia bazuen ere

Itzal handiko gizona.

 

Loidisaletxe:

Euskararen alde ziran

nolabait hauek biziak.

Beren denboran gauz asko

erakutsi eta pasiak.

Ez da posible euskaltzaleek

Burutik hauek kentzia

gaur omendutzen ditugun hiru

gisako eminentziak.

 

Gorrotxategi:

Bata hemen jaio zan ta

bestea berriz jaio han.

Bizi guzia pasatu

euskeran alde beti plan

Hainbat izerdi eta hainbat neke

beti euskeraren jiran.

Euskarentzat bizi ziran ta

euskerarentzat hil ziran.

 

Euskal Herriaren historian, pertsona gutxik berdinduko dute Teodoro Hernandorena euskalgintzaren aldeko lanean. Edonor txunditzeko moduko ekimen pertsonalez hornitua dago bere biografia.

Egun, bere izena daraman haur eta gazteen ipuin lehiaketa egiten da Zizurkilen; Iparraldean, berriz, bertsolari gazteen lehiaketa. Aldi berean, bere izena darama Zizurkilen euskal kulturaren alde diharduen elkarteak.  

Hernandorenaren izanaren eta ekinen gainean gehiago jakiteko, bi liburu-biografietara jo daiteke:

- IRIONDO, Joxe Mari: Teodoro G. Hernandorena (1898-1994). Bidegileak bilduma, 2004.

- LASA, Xabier, Begi kolpea. Teodoro Hernandorenaren biografia. Larramendi Bazkuna, 2008.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!