Karea egiteari berrekin diote

Azken hamar urteetan karobia piztera ohituta zeudela, Burdina taldeak urrats handia eman zuen igandean. Asteburu osoko lanaldiaren ostean, kare bizia ekoiztu zuten lehenik. Eta ondoren, urarekin nahasiz, eraikuntzarako erabiltzen den masa egin zuten. Ehundik gora bisitari eta herrikide izan ziren gertaera hori beren begiekin ikusi zutenak. Pribilegio hutsa, Burdinakoen esanetan.

Kea zerion kare bete pala lurrean ipini eta Joxerramon Berrondok ekitaldira hurbildutakoei Burdinarentzat balio handiko iragarpena egin zien: “Hemen duzue atera berri, karobitik lortutako karea”. Instante horretan laburbildu zen hogeita lau orduko lanaren emaitza, larunbat goizean karobia piztearekin abiatu zena. Karea lortu izana balio handiko ekintza sinbolikoa da. Ez da gutxiagorako, 1920ko hamarkadan galdu zen karea egiteko ohitura ia ehun urte ondoren berreskuratzea lortu baitzuten. 
Egun handia, beraz, iragan mendeko ogibideak eta tradizioak gogoko dituztenentzat. Eta ez bakarrik andoaindarrentzat, Andoaingo ekitaldira Gipuzkoako hainbat aditu eta zaletu hurbildu zelako. Baita Eitb-ko albistegietako kideak ere, zeintzuk eguerdian bertan Ortzaikatik bertatik albistea eman zuten.

Bolumen handiko lana
10 m3 pago, m3 bat gehiago akaziena eta beste m3 bat kare-harria. Osagai horiekin karobiak duen 6,20 metroko luzerako hodia betetzen joan ziren. Zotzak, ezpalak eta egurrak, hurrenez hurren. Hodia betetzeko metro bat falta zela, hutsunea akazien azalarekin bete eta indarra eginez zanpatu egin zuten. Kare-harria bota zuten orduan, eta sua ematen hasi. Lau orduro sua piztuz,  hodia hustu ahala akazien azalarekin eta kare harriarekin betetzen jarraitu zuten. Langintza horretan Josetxo Crespo Altsasuko harginak lagundu zien. Igande eguerdiko ekitaldian, bisitarien aurrean eta bero-bero zegoen hodiaren ahoan jarrita, harri-pikatzaile lanetan aritu ziren. Karea lortu zuen, harria lurrean joz. Burdina eta antzeko taldeentzat urrats garrantzitsua izan zen aurreko asteburukoa, iragan mendeko ogibidea biziberritzea lortu zutelako.

Ion Belokiren bertsoak
Kontuan hartu beharra degu
honek daukan balorea,
nahiz ta arbasoek nola eiten zuten
gaurdaino baden aldea.
Garrantzitsuna halare ez da,
hontaz hitz eitea ordea.
Zuek guztiok bildu zerate
ejenplu hau ikustera,
atzo piztu zen kare harritik
gaur sortu degu karea.

Ta ezin utzi aipatu gabe
gure Burdinan izena.
Boluntariok lanen aituta
aurrera eramaten dena.
Hau piztu dute ta berreskurau
galdua zen oroimena,
hau itzaltzean emango digu
igual gu guztioi pena.
Baina itzaltzean oroituko dugu
Joxe Pauloren izena.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!