Tailerrak, eskulanak, jolasak..., denetik egiten dute. Hezitzaileek adierazi dutenez, giro ederrean aritzen dira jolasean eta “oso ondo” pasatzen dute. Joko hezitzaileak dituzte oinarri eta ekintza eta eskulanen bidez, gai ezberdinak lantzen dituzte. “Ludotekan balio hezitzaileak transmititzen dizkiegu. Egunaren amaieran, esaterako, materiala denon artean jasotzen dugu, umeek ulertu dezaten dena erabili
dezaketela baina jaso ere egin behar dutela”, azaldu du Ahetzek. Giro euskalduna dute eta euskaraz hitz egin ez
ezik, ludotekak jende berria ezagutzeko aukera ere ematen du.
Egunean hogeita hamar haur inguru izaten da bertan: “Eguraldi txarrarekin haur gehiago etortzen dira. Eskolaz kanpoko ekintzek ere eragin handia dute; izan ere, adin batetik aurrera ekintzak izaten dituzte eta ez dira ludotekara horrenbeste etortzen. 5 – 8 urte bitarteko haurrak dira gehienak”, azaldu dute. Instalakuntzei dagokienez, gela bat baino gehiago dituzte jolasekin horniturik: mahai jolasak, margoketarako materiala, etxe handia, psikomotrizitate gela… Hezitzaileek urnietarrei ludotekara gerturatzeko deia luzatu diete.
Izen-ematea zabalik
Ludotekan bertan egin daiteke, urriaren 29ra bitarte. Horretarako matrikulazio orria bete eta 10 euro ordaindu beharko dira.