Sanmielak 2016

Jaien arrakasta ulertzeko ardatz nagusiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 24a, 02:00

Urnietako Udalak aurreko ostiralean jaien balorazioa egin zuen kazetarien aurrean. Pozik agertu dira jaiak giro ederrean eta parte hartze handiarekin igaro direlako. Ezbeharrik ez da izan, gainera. Balorazio baikorra egin dute Xoxokako jaien inguruan ere. Aurtengo jaien arrakastaren ardatz nagusiak honako hauek dira:

 

1. Jaiak bakean
Eraso sexistarik ez da izan jaietan

Udalak aurten kanpaina berezia egin du beste herri askotan gertatu diren eraso sexualak saihesteko. Jaiek iraun bitartean ez da erasorik izan, eta hori Udalarentzat “zoriontzekoa” da.

2. Parte hartzea
Urnietarrek bat egin dute jaiarekin

Herritarren parte hartzea handia izan da eta, horri gehituta, hitzordu batzuetara inguruko herrietako pertsona ugari hurbildu da.

3. Txosna eremua
Jaien erreferentzia nagusia da

Karpagunea jaietako erreferentzia nagusi bilakatzen ari da, bereziki otorduetarako eta zuzeneko emanaldietarako. Otorduetara, esaterako, ehunka lagun hurbildu da patata tortilla lehiaketara edota Iñistor jaira. Emanaldietara ere askotxo hurbildu dira, bereziki larunbat gaueko kontzertura. 

4. Erakargarria
Egitarauak kanpokoak erakarri ditu

Urnietarrentzat ez ezik, Sanmielak erakargarri bilakatzen ari dira inguruko herrietako pertsona askorentzat. Larunbat gaueko kontzertura, esaterako, inguruko herrietatik jendetza hurbildu zen. Baina baita igande arratsaldeko ekitaldietara ere.

5. Egitarau trinkoa
Sanmielak bost egunez jarraian

Jaiak asteburu bakarraren bueltan egitean, hitzordu guztiak bost egunetan pilatu dira. Udalarentzat hori onerako izan da, “jaiak intentsitate handiz biziteko aukera izan baita”.

Txanponaren bestaldea
Jaiak antolatzearen zeharkalteak

Udalak balorazio baikorra egitearekin batera, kontuan hartzen du hainbat hitzorduk bizilagunen artean sortzen duten eragozpena. Jaiak antolatzearen zeharkalteak dira. Horiez gain, Udalak jaiotan gertatu diren bi gertaerekiko kezka agertu du, etorkizunerako onbideratu nahiko lituzkeenak:

Adin txikikoak
Udalarentzat kezkagarria da aurtengo jaietan adin txikikoen artean ikusi diren hainbat egoera, gehiegizko kontsumoak eraginda. Egoera horiek saihestea, datorren urterako erronka modura hartu dute. 

Zarata, ordutegiz kanpo
Patata tortilla txapelketa osteko DJ saioa nahi baino gehiago luzatu zen. Itxuraz, argindarra eteteko instalakuntza zigilatu egin zuten ezezagun batzuk eta musikak baimendutako ordutegia gainditu zuen. Udalak horrelako gertaerak etorkizunean errepika ez daitezen txosna eremuko elkarteekin bilera deitu du.

2017ko balizko egitaraua
Aurtengoaren bidetik antola liteke datorren urteko Sanmieletako egitaraua. Honakoa izan liteke 2017rako egitarauaren oinarria:
• Irailak 27, asteazkena: Txupinazoa.
• Irailak 28, osteguna: Haurren eguna.
• Irailak 29, ostirala: San Miguel eguna.
• Irailak 30, larunbata: Koadrilen eguna.
• Urriak 1, igandea: Baserritarren eguna.

Xoxokako jaiak
Udalak, jaien antolaketan laguntzaile modura, Xoxokako jai batzordekideen lana zoriondu egin du. Xoxokan ere urnietarrak eta inguruetako herritarrak erakarri dituzte festara. Bereziki nabarmena izan zen hori ostiral goizeko sega apustuan eta arratsaldeko zaldi lasterketan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!