Peru eta otsoa antzezlana, Gurea antzokian igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 21a, 02:00

Datorren igandean, urriak 23, Didau antzerki faktoriak 'Peru eta otsoa' antzezlana eskainiko du Gurea antzokian, 17:00etatik aurrera. Sarrera: 4 euro. Sinopsia, jarraian:

Peru eta otsoa

Didau Antzerki Faktoria

Sergéi Prokófiev musikari ukraniarrak 1936an konposatu zuen Peru eta otsoa ipuin musikatua, musika sinfonikoa haurrei modu dibertigarri batean hurbildu nahian. Ipuin errusiar klasiko honen pertsonaiak hartu, eta bakoitzari orkestako instrumentu bat egokitu zion errepresentazio modura.

Honela, Peru orkestako hari-instrumentuen bidez azalduko zaigu: Peruren laguna, txori txikia, zeharkako txirula izango da; zoritxarreko ahatea, oboea; katu zuhurra, klarinete goxoa; aitona, beti marmarrean, fagota; basoan bizi den otso handi grisa, tronpak; eta azkenik, basoan dabiltzan ehiztariak, tinbalak eta bonboa. Eszenatokian, zuhaitz eder bat eta gramofono baten laguntzarekin ipuina kontatuko diguten bi pertsonai xelebre.

Peru eta Otsoa ipuin sinfonikoa atenporala da, eta haurrentzat egin den sinfonia garrantsitsuena, oraingoan DIDAU antzerki faktoriaren bertsio berezian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!