“Bizitza beste era batean baloratzen ikasi dut”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 21a, 02:00

Arantxi Padilla billabonatarra ia sei urtez aritu da EITBko Latinoamerikako berriemaile gisa lanean Kolonbian. Etapa hori amaituta, itzuli berri da jaioterrira.

Duela hilabete itzuli zara Kolonbiatik Villabonara. Ari al zara pixkanaka kokatzen?
Hilabete eskas daramat Euskal Herrian eta pixkanaka ari naiz kokatzen. Kosta egiten da, ez baita gauza bera Europako edota Latinoamerikako edozein herrialdetan bizitzea. Nahiz eta urte hauetan handik hona bueltaka ibili, etapa bat bukatu dela eta berriz ere denboraldi luze batean behintzat itzuliko ez zarela badakizunean, egokitzeko denbora behar da.

Kolonbiako bake prozesuaren erdi-erdian egokitu zaizu itzulera. Zein giro nabaritu duzu bertan?
Kolonbiatik etorri baino aste batzuk lehenago lortu zuten kolonbiarrek akordioa, eta akordio hori baino pixka bat lehenago FARCeko gerrillariekin elkartu ginen oihanean. Gerora, plebiszituaren ezezko emaitza izugarrizko sorpresa izan zen eta hortik, inork espero ez zuen gertaera mordoa etorri da. Nik uste baiezkoa atera izan balitz, egoerak bere bidea jarraituko zukeela: FARCek armak uzteko ezarrita zegoen prozesua martxan jarriz. Ezezkoarekin baina, eszenatokia aldatu egin da. Orain Kolonbia oso nahasita dago, zurrunbiloaren baitan, oso aztoratuta; ez baitakite zer gertatuko den, zenbat iraungo duen ez atzera-ez aurrera egoera honek, inork gutxik espero baitzuen halakorik, –ezta ezezkoa bozkatu zutenek ere–. Eta ez gobernuak, ez FARCek, ez Alvaro Uribe presidente ohiak ezta ultraeskuindar alderdiek ere B planik ez zeukatela ikusi da. Plebiszituaren ezezkoa eta gero, Juan Manuel Santos presidenteak ultraeskuineko alderdiarekin biltzea erabaki du eta batez ere ezezkoaren aldeko kanpaina egin dutenekin, haiek proposatzen dutena ezagutzeko. Sare sozialen bidez, ezezkoaren alde egin dutenei gerrarekin jarraitzea ote den aukera galdetu zaie emaitzak jakin ostean. Baina denbora pasa dute ezer berririk proposatu gabe. Santos presidenteak su eten bilaterala mantenduko zuela esan zuen hasieran, eta berriki, abenduaren 31ra arte luzatu du agindua. Ikusi egin behar aurrerantzean zer gertatzen den, baina sekula gertatu gabekoa gertatu da Kolonbian: bi alderdiak akordiora iritsi eta herritarrek ezezkoa ematea.

Plebiszituko emaitzen zein irakurketa egiten duzu? Zergatik atera da zure ustez ezezkoa?
Akordioa lortu zenean, inkestek ezezkoak irabazi egingo zuela zioten. Baino azken aste horietan egondako baiezkoaren aldeko kanpainak egoera horri buelta ematea lortu zuen nolabait. Bazirudien %63a baiezkoaren eta %33a ezezkoaren alde zeudela. Agian imajina zitekeen ezezko asko izango zela, baina inoiz ez baiezkoak baino gehiago. Ezin sinets zitekeen ezezkoaren aldeko botoek irabaziko zutenik. Jendea ‘orain zer?’ galdezka geratu zen.
Oso kanpaina ona egin dute ezezkoaren aldekoek eta desinformazioarekin jokatu dute. Desinformazioak min handia egin dezake alfabetatze maila alturik ez duen herrialde batean. Gerrillariek aurrerantzean izugarrizko soldata jasoko dutela eta ziurrenik, politikara salto egingo dutenez, senatura jauzi egin eta 2018an Timochenko presidente izango dela sinetsarazi zieten. Kolonbia hurrengo Venezuela izango dela, FARCeko gerrillariek ez zutela kartzela zigorrik izango… Akordioetan, ordea, argi eta garbi zehaztu zen delituen eta egoeren arabera gerrillariak nahiz militarrak amnistiatu edo zigorra ordaindu beharko zutela, nazioarteko epaimahai batek epaitu ostean. Kasu bakoitza aztertu ondoren hartuko zirela erabakiak.
Gerra ezagutu eta azalean bizitu dutenek bake prozesuaren alde bozkatu dutela ikusi da eta aldiz gerra telebistatik ikusi dutenek ezezkoa bozkatu dutela, ez dakitelako zer den gerra bat, ez dutelako sekula tiro hotsik entzun, gerrilla edo estatuaren mehatxurik izan ez dutelako, ez dutelako alde bateko zein besteko sarraskirik ikusi eta oso erraza delako norberaren etxetik nolabaiteko balorazio bat egin eta ‘gerra bat ezin da horrela amaitu’ ondorioztatzea, estatuak FARCen gainetik geratu behar duela pentsatuz. Oso pauso garrantzitsuak eman dira dena bertan behera uzteko. Ni lasaitu egiten nau gerrillak bakearen bidetik jarraitzeko hartu duen erabakiak.

Zein pauso aurreikusten duzu aurrerantzean Kolonbian bakegintzari lotuta?
Akordioak berrikustea proposatzen da eta aukera eman zaie ultraeskuineko alderdiei beraien proposamenak egiteko. Baina Uriberi berari akordioetan parte hartzeko aukera eskaini zitzaion eta ezezkoa eman zuen. Uribek akordioen gainetik protagonismoa eduki nahi zuela iruditzen zaie kolonbiar askori. Alegia, kolonbiarrek Uribe behar dutela bakegintzan aurrera jarraitzeko. Gehiengoak plebiszituan ezezkoa gailenduko zela pentsatzen ez zuen bezala, Bakearen Nobel saria eman diote Santosi eta hori ere ez zuen inork espero, emaitzetan ezezkoa atera ondorenean behintzat. Nobel Sariko dirua (830.00 euro gutxi gora-behera) Kolonbiako gerrako biktimei emango ziela jakinarazi zuen Santosek eta nik uste hori izango dela akordio horretara iristeko azken bultzada. Gainerakoan, Nobel Saria irabazi eta gero egoera erridikulua izango litzateke eta kanpora begira, nazioarte mailan ere oso irudi txarrarakin geratuko litzateke Kolonbia. Kolonbiar askok lotsa sentitu dute ezezkoaren aurrean, batez ere agian Kolonbian bertan baino babes handiagoa jaso duelako prozesuak nazioarte mailan. Ikusi besterik ez dago zenbat presidente joan zen Cartagenara sinadura prozesua gertutik jarraitzera edota zenbat herrialdek parte hartu duen akordio hauei baiezkoa emanez. Nazio Batuen erakundea ere hor dago eta ez alde egiteko eskatu diote, Kolonbian egoteak prozesua bere horretan ez uztea eta egoera baretzea eragiten baitu.
Ikusi egin beharko da zer gertatzen den aurrerantzean, baina arriskutsua iruditzen zait egoera. Behin akordatuta dagoenari nola ematen zaio buelta? Zer da berrakordatu beharrekoa? Agian ez zen akordiorik onena izango, baina nonbaitetik hasi behar zen. Hori azpimarratzen dut beti, bat-batean, egun batetik bestera ezin baita gerrarekin amaitu eta belaunaldi asko beharko baitira benetako bakea ikusteko, beste hainbat gerrekin gertatu den bezala. Jende askok gorroto handia daukala ikusten dut, orrialdea pasa eta beste etapa bat hasteko ezina. Izan ere, inoiz ez dute beste egoerarik ezagutu eta ez dakite zer den gerrarik gabe bizitzea.

Etxera itzuli aurretik FARCeko gerrilariekin elkartu zinen oihanean eta bi erreportaje osatu zenituzten haien eguneroko bizimodua EITBko albistegietan erakutsiz. Zer nolako esperientzia izan zen?
Denbora generaman erreportaje hura egiteko saiakeran, baina aurrera aterako ez zela etsita geundenean eta etxera itzultzeko hamabost bat egun geratzen zitzaizkidanean, momenturik egokienean iritsi zitzaigun baiezkoa. Nora gindoazen jakin gabe abiatu ginen kameralaria eta biok, astebetez inkomunikatuta egongo ginela soilik jakinda, sekretismo eta misterio egoera betean. Nire Kolonbiako azken esperientzia izango zela pentsatu nuen eta kezkatuta abiatu arren, seguru aski bizitako esperientziarik politena izan zen. Kolonbiara orain dela ia sei urte abiatu nintzenean, ez zegoen bake negoziaziorik eta ez nuen sekula pentsatuko halako esperientzia bizitzeko aukerarik izango nuenik gerrillarekin astebetez, armak uzteko prozesuan zeudenean, –logikoki ez baikinatekeen gerra garaian sartuko–. Izugarrizko itxaropena sumatu genuen barruan, oso giro ona arnasten zen. Akordioa lortu eta armak uzteko zain zeuden, gerrilla batez espero ez den mentalitatea zuten. 200-300 bat lagun izango ziren; goxo eta ondo zaindu gintuzten eta oso gustura egon ginen. Ez genuen inongo momentutan beldurrik sentitu. Denbora gehiagoan geratuko nintzatekeen bertan, esperientzia bakarra baitzen, inoiz berriro bizituko ez nuena. Asko ikasi nuen. Gehienak ume zirenean egin ziren gerrillako kide. Oso familia pobrekoak zirela zioten eta askok ez zutela beste aukerarik izan. Kolonbiako nekazal giroan bizi diren familia askoren artean errealitate bat da hori, haietako asko eta askok ez baitaukate euren seme-alabak ekonomikoki mantentzeko modurik eta gerrillan sartzea da aurrera egiteko aukeretako bat. Berdin militarren artean ere. Guk beti genion pobreen arteko gerra zela Kolonbiakoa. FARCeko kideen artean, izugarri harritu ninduen justizia soziala lortzeko borrokan, askok urte asko zeramala euren familiarekin hitz egin gabe. Beste batzuk ez zuten ezer jakin nahi… Hango pobrezia hain da muturrekoa, bakoitzaren etxeko errealitatea ezin imajina daitekeela. Gerrillan sartuta jana ziurtatuta zeukaten, babestuta sentitzen ziren… Emakume gerrillariek, –gizonek ez bezala–, estatusa zuten emakume gerrillariak izateagatik. ‘Zailena hemendik kanpoko bizitza da’, zioten. Dozena urtetik gora gerrillan zeramatenei, ‘gerrilari ez bazinate zer?’ galdetutakoan, ‘seguruenik ohiko emakume kolonbiar pobreak izango ginateke, ume mordoa gure ardurapean izango genukeenak’, erantzun zuten. Gogorragoa zitzaien kanpoko emakume zibilen bizimodua, gerrilla barrukoa baino. Izan ere, gizarte kapitalista eta patriarkatuaren baitan, senarra eta seme-alabak zaintzea da haien eginbeharra. Emakume askok ez du Kolonbian oraindik etxetik kanpo lanik egiten eta askok izugarrizko egoera gogorrak jasaten dituzte euren etxeetan.
Guk gerrillarekin igaro genuen aste horretan, basoaren barruan daudenek, herritarrek FARCeko gerrillarien borroka ulertzen dutela uste zutela sumatu genuen eta ondo onartuko zituzketela gizartean, baina hori ez da errealitatea. Gizarteak ez ditu gerrillariak onartzen eta ez dituzte gizarte zibilean nahi.

Milaka kilometro urrunago, baina bertan bazeunde bezala ari zara Kolonbiako egunerokotasuna bizitzen…
Bai, dudarik gabe. Oso momentu interesgarrian etorri nintzen eta Kolonbia gertutik ezagututa, dagoeneko ezingo dut inoiz hura alde batera utzi. Latinoamerika osoa, baina batez ere Kolonbia, oso gertu sentitzen ditut. Zorte handia eduki dut, bidaiatzeko eta bizimodu ezberdin asko ikusteko aukera izan dudalako; pribilegiatua sentitzen naiz. Sufritu ere egin dut, baina asko disfrutatu dut nire lanaz. Bizitza beste era batera baloratzen ikasi dut. Etiopian edo Bosnian bidaiatzen ibili nintzenean ere asetuta itzuli nintzen etxera. Norberaren motxila esperientziaz betetzeak mundua nola dagoen kontzientzia hartzen laguntzen du.

Kolonbian kokatuta egonagatik eta bertako berri ugari emanagatik, Latinoamerika osoko berriemaile izan zara. Nondik nora ibili zara?
Mexikotik beherako herrialde guztiak hartzen zituen nire korrespontsaliak. Geratu zait bisitatu gabeko herrialderen bat (Nikaragua, Panama…), baina gehienetan izan gara: Kolonbia, Peru, Txile, Ekuador, Argentina, Brasil, Mexiko, Honduras, El Salvador, Cuba… Noski, ez da nahiko zenukeen guztia ikusi eta ezagutzeko denborarik izaten, baina pintzelada batzuk hartzeko aukera izan dut. Horietako herrialde askotara, gainera, behin baino gehiagotan joan gara.

Latinoamerikan igarotako denboraldiaren zein irakurketa egiten duzu?
Profesionalki bezala, pertsonalki ere lagungarri izan zait. Era batera joan eta beste era batera itzuli naiz. Lehen urtea izan zen zailena; etxea eta hemengo lana utzi eta abiatzea, berez ez baineukan mugitzeko beharrik. Baina ezin nion aukera horri ezezkorik eman. Azken batean, bizitza etapaz jositako bide bat da eta beste bat gehiago izan da hau. Bizitzak momentuan eskaintzen duenera egokitzen jakin behar dela uste dut, beti aterako baita ikasgai positiboren bat nahiz eta momentuan prozesu negatiboa iruditu. Urtebeterako joan nintzen teorian, sei egin ditut azkenean eta etapa hori ixteko momentua iritsi zait. Baina seguru nago hemendik denbora batera berriz ere mugitzeko gogoa piztuko zaidala. Argi daukat nire sustraiak Villabonan ditudala eta etortzeko beharra sentitzen dut, baina ezingo nuke bizitza guztian zehar bertan bizi. Gure etxean txikitatik bultzatu izan gaituzte mundua ezagutzera eta hori nabaria da, anai-arrebek ere maiz egin baitute beste errealitate batzuk ezagutzera joateko apostua.


DARIO ARTETA
Jatorri kolonbiarra duen zizurkildarra
{{IMG-36205}}
“Faktore asko dago ezezkoaren atzean”

Nola bizitu duzu Kolonbiako bake prozesua?
Esperantza handiz bizi izan dut prozesu osoa. Denbora luzea pasa dugu Kolonbian indarkeria jasaten. Nekazariek, bereziki, ikaragarri sufritu dute. Gerrillaren indarkeriatik ihesi, hirietara joan ziren asko, baina han ez zuten irtenbide ekonomikorik bilatzen, eta estatuak ere alde batera utzi zituen; inongo diru-laguntzarik gabe, miseria egoeran bizi dira.
La Habanan bildu zirela jakin nuenean, esperantza sortu zitzaidan. Hitz egiten ari ziren. Beste prozesu batzuk ere bizi izan ditut, baina itxura ezberdina hartzen nion oraingo honi. Negoziazioak aurrera zihoazen eta bi aldeek jarrera ona erakutsi zuten; ez ziren mahaitik altxa.

Espero al zenuen plebiszituan ezezko emaitza ateratzea?
Inondik ere ez. Sorpresa handia izan zen ezezkoa ateratzea; ez nion logikarik ikusten. Kolonbian bizi izan zarenean, gatazka amaitzea nahi duzu, nekazariak itzul daitezela euren lurretara eta indarkeria amai dadila.
Bake akordioak gauza asko aipatzen zituen; nekazariei lurrak itzultzea, emakume, haur, nerabe, eta gizarteko beste hainbat sektoreri laguntza ematea... Baina, FARCeko kideentzako zenbait abantaila ere jasotzen zituen. Jendeak ez zuen ulertu horrenbeste urtetan indarkeria erabili zutenei abantailak ematea eta ezezkoaren aldeko kanpaina egin zutenek oso ondo erabili zuten hori.
Urtetan pilatutako sumina eta haserrea erabili zituzten kanpaina egiteko. FARCeko gerrillariei diru-laguntza ematea aurreikusten du bake akordioak, eta herritar txiroek, inoiz deliturik egin ez dutenek, ez dute sosik ere jaso. Horrez gain, Venezuela bizilagun dugu. Gerrillako buruzagiek postu politikoetara aurkezteko aukera izan, eta aginte postuetara iritsiko balira, Venezuelako egoerara iristeko beldurra sortu da Kolonbian.
Erlijioaren indarrak ere zerikusia izan dezake ezezkoaren garaipenean. Kolonbiarrak oso sinestunak dira. Katolikoak, Jehovaren testiguak, mormoiak, ebangelikoak, kristauak…, bakoitza bere sinismenetik, baina guztiak ere oso sinestunak. Jainkoak ezezkoaren alde egiten zuela zabaldu zen. Hemen oso harrigarria egiten zaigun arren, mezu hori iritsi zitzaion jendeari. Faktore asko dago ezezkoaren atzean, oso gai konplexua da. Botere ekonomikoa dutenek, bestalde, ezezkoaren alde egin zuten. Haiei ez zaie komeni egoera aldatzerik, orain arte oso ondo joan zaielako. Horregatik, diruz lagundu zuten ezezkoaren kanpaina. Gatazkagatik gehien sufritu zutenek bakearen alde egin nahi zuten; pobreziatik atera, hezkuntzaren eta osasunaren alde egin…, eta hori guztia akordioan bilduta dago. Hirietan bizi den jendeak, ordea, bere oinarrizko beharrak aseta bizi direnek, ez dute aldaketarik nahi. 
Baiezkoa defendatu zutenek pedagogia gehiago egin behar zutelakoan nago. Bake akordioak 297 orrialde ditu, eta jende gutxi da guztiak irakurri, ulertu eta hausnartzeko gai. Baiezkoaren aldekoek, Kolonbia berri baten esperantzan oinarritu zuten kanpaina, eta ezezkoek berriz haserrean, suminduran. Bigarren mezu honek irabazi zuen.

Zein pauso eman beharko da bakea Kolonbiara irits dadin?
Nire ustez atzera bueltarik gabeko prozesuan sartu da Kolonbiako bake prozesua eta guk, kolonbiarrok, egoera berri horretara moldatu behar dugu. Denbora eskatuko du horrek, sare berriak ehutea, asko hitz egitea… Kolonbia bitan zatitua dago orain, baina Santos presidentea bakearen alde lan egiteko prest ikusten dut. Nobel Sariak ere indar handia eman dio nazioarte mailan. Bake prozesuaren inguruan dagoen ikuspegia, oso ezberdina da Kolonbian eta nazioartean.
Bake prozesuaren alde lan egiten dutenak mugitzen ari dira, birnegoziatzen, eta horixe da, nire ustez, egin behar dutena. Ahal bada, Uribe negoziaketetan sarrarazi beharko lukete; prozesuaren parte izan dadila. Garrantzitsua litzateke, bestalde, gerrillak legez kanpoko jardueratatik lortu duen diruaren afera akordio horren barruan sartzea. Kolonbiarrek oso begi onez ikusiko lukete narkotrafikotik lortutako dirua biktimen ongizatea bermatzeko erabiltzea.
Denbora asko behar da jendeak prozesua barnera dezan, eta gerrillak ere erakutsi egin behar du bakearen bidetik joango direla. Beste bake prozesu batzuk bizi izan ditugu, eta gerrillak berriz ere armak lortzeko erabili izan zituen. Erakutsi egin behar dute oraingoan ez dela berdina gertatuko. Egia da prozesu hau oso ezberdina izan dela, nazioarteko bermea izan duelako, baino denbora beharko da. Kolonbiarrek gaiztotzat dituzte gerrillariak. Denbora asko beharko da min hori guztia arintzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!