Bizilagunak egitasmoa

SOS Arrazakeriak antolatutako ekimenak bertako eta kanpokoen arteko elkargunea sortu nahi du, azaroaren 13an egingo diren otorduen bidez, harremanak sortu eta elkar ezagutzeko. Bizilagunak egitasmoarekin bataiatuta, aurtengoa bosgarren edizioa da. 

Hizkuntza eta sinesmenak trukatzeko aukera ematen du, gertuko giroan: “Askotan gure bizilagunak atzerritarrak izaten dira, baina ez gara pausoa ematera ausartzen. Aukera ona da elkar ezagutzeko eta aurreiritziak apurtzeko”, azaldu du Tarana Karim kideak. 

Iñaki Otamendik bi urtetan hartu du parte eta “oso esperientzia polita” dela aitortu du. Gainera, haurrentzat “oso positiboa” dela gaineratu du, aniztasuna naturaltasunez ikusten dutelako: “Oso ohituta gaude gure zirkuluetan ibiltzen eta atzerritarrei gurekin harremanetan hasteko aukera gutxi ematen diegu”. Etxean sortzen diren elkarrizketak “oso interesgarriak” direla eta, lotsa alde batera utzita, andoaindarrei parte hartzeko gonbidapena egin die. 

Jaialdia azaroaren 26an
Bazkarietatik harago, familia guztiak azaroaren 26an Victoria Eugenia antzokian bilduko dira: “Jai handia izaten da eta proiektuak hartu duen dimentsioa ikusteko baliagarri da”. Parte hartzaileez gain, kirolariak ere bertan izango dira; izan ere, aurten kirol munduko pertsona ezagunen irudia erabili dute Bizilagunak ekimena bultzatzeko.
“Kirola inklusiorako oso tresna garrantzitsua da, bertan elkartzen direlako mota ezberdinetako pertsonak”, adierazi zuen Ana Carrere alkateak aurkezpen ektialdian. Hori dela eta, Andoainen Banaiz Bagara, Caritas eta Hurria Sahara elkarteek bezala kirol ordezkariek ere bat egin dute ekimenarekin. Urtetik urtera familia gehiago gehitzen ari dira programa honetara. Lehengo urtean 214 bazkari egin ziren Gipuzkoa mailan, guztira 2500 lagunek parte hartuz.

Izen ematea:
www.mugak.eu
sosarrazismobizilagunak@gmail.com 
943321811

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!