Urriaren 3an, Karlos Almorza Arrietak eta Javi Buces Cabello historialariek idatzitako ‘Saseta defentsa-sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen’ liburua kominikabideen aurrean aurkeztu ondoren, urriaren 4an Asteasun, 5ean Adunan eta 6an Zizurkilgo herritarren aurrean aurkeztu zuten liburua. Jakin-mina piztu du liburuak eta hiru aurkezpenetan jende ugarik parte hartu bazuen ere, Adunako udaletxeko kultur aretoan egin zen aurkezpenaren berri jaso zuen Aiurri aldizkariak.
Josu Amilibia Adunako alkateak eta liburuaren egileek hartu zuten hitza bertan. Lehenik eta behin, ordea, Aranzadi elkarteak osatutako 20 minutuko ikus-entzunezkoa eskaini zuten, gaia aurkeztuz eta kokatuz. Bertaratutakoen txaloak eragin zituen aipatu saioak eta bereziki hunkigarria izan zen libururako testigantzak eman dituzten eskualdeko herritarren hitzak entzutea.
Hiru oinarri
Hiru urteko lanaren ondoren iritsi da 1936ko Gerran, bailarako mendietan gertatu zena aztertzea helburu duen liburua. Hiru oinarri ditu: Aduna, Asteasu eta Zizurkilek elkarlanean antolatutako auzolandegietan egindako indusketa lanak, artxibo ezberdinetan burututako azterketak eta herritarren testigantzak.
Josu Amilibia alkateak adierazi bezala, Adunako herritarren laguntzarekin hasi ziren 1936ko Gerran Adunako mendialdean izandako gertaerak aztertzen, “baina gaia haratago iristen zela ikusita, Asteasu eta Zizurkilera zabaldu genuen gure asmoa eta bat egin zuten haiek ere”. Esker ofizialak eta herrikoiagoak eman zituen Josu Amilibiak bere hizketaldiaren amaieran, “mila esker liburua aurrera ateratzen lagundu duen Aranzadi elkarteari, luxua delako haiekin lan egitea; Karlos Almorza eta Javi Buces idazleei nahiz Haizea Bravo auzolandegiko koordinatzaile eta bideoaren egileari; Gipuzkoako Foru Aldundiari, lan proiektu hauek diruz laguntzeagatik eta Zizurkil, Asteasu eta Adunako Udalei. Era berean, eskerrik asko auzolandegietan parte hartu duten gazte guztiei, –estatu mailako nahiz bertakoei– eta liburua osatzeko testigantzak eman dituzten herritar guztiei”.
10.000 dokumentu
Historia eta arkeologia uztartuz osatu dute liburua eta datu hori oso garrantzitsua dela uste du Karlos Almorza egileak, liburua irakurtzeko lagungarri delako. “Historia eta arkeologia aztertuta, gertaerak azaltzeaz gain, kokatu ere egin nahi ditugu. Liburuan borroka izan zela esaten bada, hortxe daude lubakiak froga modura”, adierazi zuen. Liburua osatzeko 10.000 dokumentu irakurri dituzte eta datuak zehatz mehatz aztertu. Ikerketa horri esker badakite Candido Sasetak antolatu zuela bailarako mendietako defentsa-sistema eta 97 gizon aritu zirela defentsa-lerroan. “Fronte honetan euskal gudariak hil ziren. Arduradun militar on bat zuten –Candido Saseta–, baina gainerako guztiak zibilak ziren. Bertan hil ziren, besteak beste, Joxe Arana Irastorza ANVko lehen gudaria eta Jose Joakin Egaña Uria EAJkoa”.
Liburuko ondoriorik garrantzitsuena, gudariek “34 egunetan hemendik ez dira pasako” pentsatu eta ideia hura gauzatzea lortu izana da Karlos Almorzarentzat. Izan ere, “defentsa-lerroan eutsi egin zioten 34 egunez eta hura hala izan ez balitz, ondorio okerragoak izango ziratekeen alde guztietatik begiratuta”.
Gazte boluntarioak
Artxiboetan nahiz auzolandegietan egin duten lanaz gain, Javi Buces Aranzadiko kide eta liburuko egilearentzat oso garrantzitsuak dira liburuan jaso dituzten testigantzak, dena ez baitago dokumentuetan. “Aranzadik ez du borroka edota bataila soilik aztertu nahi. Dudarik gabe, oso garrantzitsua da hori, baina garrantzitsuena borroka hori eta ondorengo diktadura frankista nork sufritu zuten jakitea da”. Gazte boluntarioek hiru urtez zehar auzolandegietan egindako lana ere hizpide izan zuen eta haiei esker pixkanaka-pixkanaka, gudarien trintxerak, haien defentsa sistema izan zena berreskuratu zela jakinarazi. “Gudari horiek gazte boluntarioak ziren; euskal gazte boluntarioek eraiki zuten defentsa sistema hori. Eta laurogei urte geroago, euskal gazte boluntarioek berreskuratu dute haien borroka eta duintasuna”. Azkenik, nazioarte mailan giza eskubideei lotuta finkatu ziren hiru printzipioak hartu zituen oinarrian: egia, justizia eta erreparazioa. “Guk Aranzadi bezala egiaren printzipioa bete nahi dugu lan honen bidez. Hori da gure lana, gure konpromisoa. Egiarik jakin gabe ezinezkoa baita beste printzipioak betetzea”.
‘Oroimena’ olerkia
Juan Kruz Igerabide idazle adunarra, gerra lehen pertsonan ezagutu ez arren, aurrekoei entzundakoen testigantza eman duenetako bat da. Adunako aurkezpenean izan zen eta ‘Oroimena’ olerki dotorea errezitatu zuen ekitaldiaren bukaeran.
…Fusilaren seme eta biloba gara,
ez dugu ordea masailean fusilaren igurtzirik nahi
eta ez diegu oroimenaren tiroei ezentzun egingo.
Bortxaz hildakoen seme eta biloba gara,
ez dugu ordea inor bortxaz hil nahi eta
ez diogu inori inor bortxatzen utziko.
Ahoa itxi zietenen seme eta biloba gara,
ez diogu ordea inori ahorik itxi nahi eta
historiaren aho mutuari diogu ahotsa jarriko.
Loatzo musika eskolako musikarien doinu goxoekin amaitu zen aurkezpena, testigantzak eman eta liburua osatzen lagundu duten herritarrei esker-oneko opariak banatuz.
Planoak zuhaitzetan
{{IMG-36201}}
Liburuan 1936ko Gerra garaian jazotako gertaera ugariren aipamena egiten da. Tartean hainbat aurkikuntzarena. Horietako bat, bitxia benetan. Defentsa-lerroa non kokatzen zen jakin ez, baina hura babestera zetozen pertsonei zuzenduta, zuhaitzetan planoak zizelkatu zituzten, egundaino mantendu direnak. Hiru behintzat aurkitu dituzte eskualdeko mendietan eta badirudi orain artean zuhaitzetan mantentzen diren plano bakarrak direla.
Liburua eskuragarri
{{IMG-36202}}
Zizurkil, Aduna eta Asteasuko herritarrek liburua doan jasotzeko aukera izan dute azken asteotan. Aurrerantzean, eskualdeko liburutegietan egongo da eta erosteko interesa duenak liburu-dendetan ere aurkituko du salgai.