Antzerki emanaldi berezia, urriaren 29an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 21a, 02:00

Bartzelonako Institut del Teatren ari da ikasten Hodei Arrastoa zizurkildarra. Bere lana eta zenbait ikaskiderena ikusteko aukera izango da.

Dagoeneko laugarren ikasturtea egiten ari da Hodei Institut del Teatren. Urriaren 29an bere lana bertatik bertara ikusteko aukera eskainiko du, baino ez da bakarrik arituko. “Atxulondo kultur etxean arituko gara. Mikroantzerki estiloan oinarrituta eskainiko dugu gure ikuskizuna. Lau espazio edo eszenatoki ezberdin antolatuko ditugu, eta horietako bakoitzean saio ezberdin bat eskainiko dugu”. Izan ere, Hodei ez da bakarrik arituko. “Eskolako lagun talde bati luzatu diot parte hartzeko proposamena eta bakoitzak bere proposamena eskainiko du.
Guztiak ere oso interesgarriak dira, eta elkarrengandik oso ezberdinak: testuan oinarritutako saioa eskainiko dute gune batean, antzerki musikalaz gozatzeko aukera ere izango da, Italiako tradiziotik ekarritako maskarak erabiliko dituzte beste saiotxo bat eskaintzeko, eta azkenik, dantza eta mugimenduan oinarritutako antzerki fisikoa ere izango da, azaldu du Hodeik.

Gune ezberdinetan barrena
Ohiko antzerki ikuskizunetan, eszenatokiaren aurrean eserita egoten dira ikusleak, Zizurkilen eskainiko duten ikuskizuna, ordea, oso bestelakoa izango da. “Ikusleak gune batetik bestera mugituko dira, saio ezberdinekin gozatu ahal izateko. Bi pertsona egongo dira, uneoro, gidari lanak egiten”. Ikuskizun berezia, beraz.

Hirugarren urtea
Bartzelonako ikaskide eta lagunak behin baino gehiagotan ekarri izan ditu Hodeik Euskal Herrira: “Lehendabiziko urtean turismoa egitera etorri ginen. Inguruko txoko ezberdinak erakutsi nizkien eta oso bidaia polita izan zen. Hurrengo urterako, ordea, beste proposamen bat egin nien; turismoa egiteaz gain, gure antzezlanak Zizurkilen erakustea, alegia. Taldetxo bat animatu, eta Atxulondon eskaini genuen ikuskizuna. Elkarren arteko loturarik gabeko antzezpenak izan ziren, bakoitzak bere estiloan eta gustuen arabera landutakoak. Jende mordoska etorri zen ikustera. Ikusteko formatu erosoa da, oso arina eta oso gustura geratu ginen”. Iaz, esperientzia errepikatu zuten eta emaitza pozgarria jaso zuten berriz ere. Aurten, berriz, oso bestelako eskaintzarekin gerturatuko dira.

Prestaketa lanak
Distantziatik ari dira Hodei eta bere lagunak urriaren 29ko saioa prestatzen. “Saioetako batean, adibidez, Bartzelonan ikasten ari diren bi neska abeslari arituko dira, baina musikariak euskaldunak dira. Elkarri partiturak bidali, eta telefonoz hitz eginez ari dira saioa prestatzen. Egunean bertan egingo dute lehen entsaioa. Hori guztia koordinatzea ez da erraza. Horrez gain, eszenografiarako behar diren gauzak prestatzea, kartelak inprimatu eta herrian barrena itsastea…, etxekoen eta lagunen laguntza izaten dut horrelako lanak egiteko, Bartzelonatik ezin ditudalako egin. Zailagoa egiten zait distantziatik gauzak lotzen joatea, baina gustura egindako lana da”.

Borondatea
Saioa ikusi nahi duenak, ez du sarrerarik ordaindu beharko, izan ere, “gure helburua ez da dirua lortzea. Saioa amaitzean, zakutxo bat jartzen dugu irteeran, nahi duenak borondatea emateko aukera izan dezan. Aurreko urteetan, bidaiko gastuak pixka bat arintzeko balio izan digu bildutakoak”.

Etorkizuna
Azken ikasturtea izango du hau Hodeiek eta oso gustura ari da Bartzelonan. “Aldaketa handia izan zen niretzat Zizurkildik hara joatea, baina nire bizitzako erabakirik onenetakoa izan dela uste dut. Ikasketak amaitzen ditudanean, ez dakit oso garbi zer egin. Bartzelonan urteotan sortzen joan naizen ekimenetan murgildu eta bertan geratu, edo Euskal Herrira itzuli. Ikasten jarraitzeko aukeraren bat izan dezaket Euskal Herrian, baina oraindik ez dut guztiz erabaki zer egin”. Horren aurretik, Pragan pasako ditu ikasketen azken hilabeteak, Erasmus bekari esker. “Bartzelonan oso gustura nago, baina ondo etorriko zait lan egiteko beste modu bat ezagutzea, kultura ezberdinean murgiltzea, jende berriarekin lan egitea…”.
Entretenimendu hutsetik haratago doan zerbait bezala ulertzen du Hodeik antzerkia: “Antzerkiak funtzio asko bete ditzake. Egoera ezberdinak ezagutarazteko, salatzeko, emozioak eragiteko…”. Urriaren 29an bere ikaskideekin batera prestatutako saioaz gozatzeko aukera eskainiko du Zizurkilen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!