Amador Granados txirrindularia, goi mailako kirolaria

Lehiakorra da Amador Granados. Gorputz eta arima eskaintzen dio kirol lehiari, eta horrek emaitza ederrak eman dizkio. Azkena, Rioko Paraolinpiar Jokotatik ekarritako brontzezko domina.

Noiz eta nola hasi zinen kirola egiten?
Jaiotzetik, arazo fisikoa izan dut oinetan, eta umetan, hainbat ebakuntza egin zidaten. Garai hartan ez zen errehabilitazio saiorik egiten, eta kirola egitea gomendatzen zuten. 18 urterekin egin zidaten azken ebakuntza. Bizikleta edo igeriketaren artean aukeratzeko proposatu zidan sendagileak, izan ere, nire oinetako arazoa zela medio, ez baitzen egokia korrika edo salto egitea eskatuko zuen kirolik egitea. Nire aita bizikletan ibiltzen zen garai hartan, Mitxelingo zikloturista taldean, eta asteburuetan harekin batera ateratzen hasi nintzen. Zikloturista talde hura desagertu egin zen eta bolada luze batean bizikleta utzita egon nintzen. Hernaniko Madina anaien gimnasioan egin nuen bolada bat, giharrak lantzen. Hantxe jakin nuen Quebrantahuesos lasterketaren berri. Frogarako prestatu, eta emaitza ona lortu nuela ikusita, txirrindularitza munduan sakonago sartzea erabaki nuen. Lazkaon bazegoen ezinduentzako txirrindularitzan zebilen mutil bat, Emilio Sanchez, eta hark bideratu ninduen ezinduentzako kirola sustatzen duen Zuzenak taldera. Emaitza onak lortzea baino, zaletasuna mantentzea zen, garai hartan, nire helburu nagusia.

Zein lan egiten du Zuzenak taldeak?
Orain fundazioa da, baina nik ezagutu nuenean kirol taldea zen. Desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzea eta birgaitzea da Zuzenak taldearen helbururik nagusiena; bai kirolean, baita egunerokotasunean ere. Hogeita hamar urtetik gora daramate lanean eta haiek zabaldu zidaten kirolerako bidea. Kirol egokituan, beharrezkoa da sendagile batek zure desgaitasuna neurtzea. Maila ezberdinak daude zehaztuta eta desgaitasunaren arabera lehiatzen gara. Garai hartan ez nekien nondik hasi behar nuen ere eta Zuzenak taldean asko lagundu zidaten lehen pauso haiek ematen; nora joan, non lehiatu, etab.

Lorpen ikaragarriak lortu dituzu kirol mailan, baina ez zara kiroletik bizi…
Ez, delineantea naiz lanbidez, eta autonomo gisa aritzen naiz. Desgaitasuna dugun kirolariontzat, ia ezinezkoa da kiroletik bizitzea. Zenbait talde profesionalen laguntza badugu eta baita erakundeena ere, baina ez da hortik bizitzeko adinakoa.
Europako zenbait herrialdetan ia laguntza ekonomiko berdina jasotzen dute kirol egokitukoek eta ohiko kirolariek. Hemen, ordea, oso urruti gaude oraindik. Komunikabideek ez diote ia tarterik eskaintzen kirol egokituari, ez zaio garrantziarik ematen, eta ondorioz, jendeak ez daki zertan ari garen ere. Horrek min handia ematen du. Edozein kirolarik adina lan egiten dugu eta gure lorpenak ez dira aintzat hartzen. Pauso asko dago emateko oraindik, nahiz eta pixkanaka egoera hobetzen ari den.

Maila onean lehiatu ahal izateko, beharrezkoa da entrenamenduak egitea. Nola bideratzen dituzu saioak?
Lehendabiziko urteetan, nire kasara aritzen nintzen. Aurrerago, Ramon Unanue izan zen, bereziki, entrenamenduak gidatu zizkidana. Urtean 2000 km. egiten nituen nire kasara aritzen nintzenean eta Ramonekin, 4000 egin nituen lehen urtean, 12.000 bigarrenean eta 24.000 egitera ere iritsi nintzen. Berarekin aritutako lehen urteak oso gogorrak izan ziren; kirolari profesional batek egiten dituen entrenamenduak egiten nituen, profesional izan gabe. Gaur egun, Tolosako futbol taldeko txirrindularitza taldeko Ainhoa Artolazabal da nire entrenatzailea. Hark laguntzen dit saioak antolatzen.
Egunerokoan, goiz osoa eskaintzen diot kirolari. Anoetako belodromoan pasatzen ditut hainbat eta hainbat ordu. Kirol froga garrantzitsuren bat gerturatzen doan heinean, entrenamenduak gogortzen joaten naiz, beharraren arabera. Autonomoa izateak entrenatzeko erraztasuna ematen dit.

Haurtzaroan hainbat ebakuntza egin zizutela aipatu duzu. Nolako haurtzaroa gogoratzen duzu?
Oso polita. Ebakuntza asko egin zizkidaten arren, ez dut oroitzapen txarrik. Gurasoak, anaia-arrebak, lagunak…, ohiko haurtzaroa izan nuela iruditzen zait. Nire gurasoek eragin handia izan dute horretan; normaltasun handiz hartu zuten nire desgaitasuna, eta aurrera egitera bultzatu ninduten. Horrez gain, nire izaerak ere aurrera egiten lagundu didalakoan nago.

Kirol lorpen handiak erdietsi dituzu, froga ezberdinetan…
Kirol egokituan ez dago tekniko aditurik eta norberaren gustuen arabera ematen ditugu lehen pausuak. Pistako txirrindularitzako txapelketa batean konturatu nintzen azkarra nintzela. Froga motzetan eta sprinetan emaitza onak lortzen nituen, eta nire kirol ibilbidea froga horietara bideratzea erabaki nuen. Errepidean ere lortu dut txapelketaren bat, baina pistan lortu ditut garaipenik handienak.

Paraolinpiar jokoak ere ezagutu dituzu. Kontaiguzu…
2004, 2008 eta 2016ko jokoetan izan naiz. Lehendabizikoa oso polita izan zen. Banekien ez nuela garaipenik lortuko eta oso lasai joan nintzen. 2008koetan, berriz, kilometroaren froga presatu nuen bereziki. Nire ustez oso ondo prestatuta nindoan, gorputzaldi onean. Bost dezimagatik galdu nuen brontzezko medaila eta oso gaizki pasa nuen.
2012ko jokoetan, selekzionatzaileak ez ninduen hautatu eta hori ere gogorra izan zen, bereziki ez zelako, nire ustez, kirol mailagatik hartutako erabakia izan. Oso minduta geratu nintzen. Horrenbestez, ez nuen uste 2016ko jokoetara iritsiko nintzenik. Batetik, adinean aurrera noalako eta bestetik, 2012ko erabaki haren ondorioz nire haserrea agertu nuelako federazioan. Ia ziur nengoen Riorako ere ez nindutela aukeratuko. Talde ikaragarri ona osatzen genuela ikusarazi nien ordea. Munduko txapeldun ere izan ginen 2014an, eta Rion ere emaitza ona lor genezakeela ikusi zuten. Azkenik, joateko aukera izan nuen, eta brontzezko dominarekin itzuli ginen. Esperientzia ikaragarria izan zen Riokoa, ahaztezina.

Beti aipatzen da Olinpiar jokoak oso bereziak direla. Hain ezberdina al da beste edozein kirol txapelketekin alderatuta?
Bai, zalantzarik gabe. Niri, esaterako, ikaragarri gustatzen zait jangelan sortzen den giro hori. Kultura ezberdinak ikustea, gainerako kirolarien lana gertutik jarraitzea…, oso polita da. Egun askotako egonaldia egiten denez, herrialdea pixka bat ezagutzeko aukera ere ematen dute gainera, eta hori ere aberasgarria da. Kirolaren handitasuna bete-betean bizitzen da Paraolinpiar jokoetan.

Hainbat txapelketatan parte hartu duzu zure kirol ibilbidean. Baten bat nabarmenduko al zenuke?
Bizkaiko Bira azpimarratuko nuke. Ikaragarri kostatu zitzaidan han garaipena lortzea. Oso froga gogorra zen, eta baita polita ere. Nire kirol ibilbidearen hasieran tokatu zitzaidan Bira korritzea; indar betean nengoen eta ilusio handiz bizitzen nuen beti.
Bestalde, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Andoaingo txirrindulari lasterketa. Hamabi urte daramate antolatzen. Lan handia egiten dute eta aitortza merezi dute. Kirol egokitua herrian bertan ikusteko eta ezagutzeko aukera eman dute.

Kirol ibilbide luzea daramazu. Bide horretan, momentu gogorrik ere biziko zenuen…
Jokoetatik kanpo utzi ninduten urte hura izan zen, akaso, gogorrena. Federazioarekin eta Paraolinpiar komitearekin haserretuta egon nintzen bolada horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren beka ere galdu egin nuen. Kirola uzteko puntuan egon nintzen. Pixkanaka, borrokari eusteko gogoa piztu zitzaidan eta aurrera egin nuen, baina gogorra izan zen.

Erretiratzeko unean pentsatu al duzu?
Paraolinpiaden ondoren erretiratzea pentsatzen nuen, baina oso ondo sentitzen naiz eta, momentuz, jarraitzeko asmotan nabil. Mundiala hemendik sei hilabetera da eta prestatu egingo dut. Nire desgaitasuna dela eta, gainera, ezin diot kirola egiteari utzi. Lehian maila ona emateko aukera dudan bitartean, eutsi egingo diot eta ondoren, zaletasun gisa egiten jarraituko dut.

Barru-barrutik ezagutzen duzu kirol egokitua. Zein da egun duen erronkarik handiena?
Gizarteartzea, hor gaudela ikusaraztea. Gure lorpenak ez dira aintzakotzat hartzen. Adibide bat jartzearren, Munduko txapelketa irabazi nuenean ere, ez ninduten Gipuzkoako kirolari onenen zerrendan sartu. Hori ez da bidezkoa. Erronka handia daukagu hor.

Zerbait gehiago gaineratu nahi al duzu?
Eskerrak eman nahi dizkiet nire entrenatzaile, prestatzaile eta laguntzaileei. Basque Team-i eta Zuzenak taldeari bereziki, haien laguntzarik gabe hau guztia ez litzatekeelako posible izango. Horrez gain, ez ditut aipatu gabe utzi nahi etxekoak ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!