ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
"Iragan igandean, urriak 9, Marokoko gobernuak okupatuta duen Mendebaldeko Saharako eremuan sartzeko aukera ukatu zion giza eskubideen behatzaileen euskal ordezkaritza bati. Aaiunera egindako bisita ASVDH saharar biktimen elkartearen gonbidapenez egin zen; elkarteak duela hilabete batzuetatik hona marokoar agintarien baimena du funtzionatzeko.
Ikerketa-lana Saharako biktima eta erakundeekin partekatzeko ekimen hau, hain zuzen, giza eskubideen alorreko edozein ikerketa-prozesuren parte bat da. Horrez gain, Euskal Fondoak lagundutako ikerketa-proiektu baten parte ere bada. Hori guztia kontuan hartuta, honako hau adierazten du Urnietako Udalak 3 alderdien babesarekin:
Aurka egiten diogu giza eskubideen behatzaile eta ikertzaile ezagunek osatutako talde horri sarbidea ukatzeari. Sarbidea ukatzeak agerian uzten du ez dagoela biktimen eskubideak aitortzeko interesik eta zein zaila den haien lana bultzatu dezaketen pertsona eta erakundeekin harremanetan egotea. Ukapen hori, zuzenbidearen aurkakoa izateaz gainera, Saharako egoera hobetzeko beste oztopo bat da, kontuan hartuta zein den helburua: hain zuzen, giza eskubideen errespetua izan dadila gatazkaren irtenbide politikorako oinarria. Egin beharreko jardueran, besteak beste, kontu hauek aztertu nahi ziren: desagerrarazitako biktimen egoera eta pertsona guztiak desagerrarazpenen aurka babesteko Nazioarteko Hitzarmenaren 24. artikuluko 7. paragrafoa. Marokok sinatutako hitzarmen horretan honako hau adierazten da: “bermatu egingo zaie eskubidea dutela desagerrarazpenen inguruabarrak eta desagerrarazitakoen egoera ezartzen laguntzeko eta desagerrarazitako biktimei laguntzeko erakunde eta elkarteak askatasunez eratzeko eta horietan libreki parte hartzeko”.
Berriro ere adierazten dugu saharar herriarekiko elkartasuna, nazioarteko zuzenbideak eta Nazio Batuen hainbat eta hainbat ebazpenek babestutako aldarrikapenei dagokienez. Zehazki, egunero bitarteko baketsuen bidez egoera horren aurka borrokatzen diren saharar emakume aktibistekiko hurbiltasuna adierazi nahi dugu. Hain justu, haien egoera aztertu nahi zuen aipatutako behatzaile taldeak.
Eskerrak eman nahi dizkiegu behatzaile taldeari eta taldeak Mendebaldeko Saharan giza eskubideen alde egiten duen lan eskuzabala babesten duten gizarte-erakundeei, zeregin hori justiziaren eta giza duintasunarekiko errespetuaren adierazpen gailena den aldetik.
Horrenbestez, Marokoko Gobernuaren aurrean egin beharreko ekintza guztiei heltzeko eskatzen diegu Espainiako Gobernuari eta nazioarteko erakundeei, giza eskubideen eta lankidetzaren alorrean lan egiten duten erakunde nahiz elkarteek askatasunez bisitatu ahal izateko Mendebaldeko Sahara. Hori edozein herrialderen gutxieneko baldintza da; inor ezin da egon zuzenbidearen gainetik.
Berresten dugu Mendebaldeko Saharako giza eskubideen urraketa larriak ikertzeko proiektuarekin dugun konpromisoa. Hegoak –Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuak– eta Aranzadi Zientzia Elkarteak garatua, proiektuari esker aurrerabide garrantzitsua egin da egia ezagutzeari, justizia sustatzeari eta biktimei ordaina emateari dagokienez".