"Beharra daukat" kanpaina Andoainera iritsi da

Gipuzkoako Crohn eta ultzeradun kolitisaren gaixoen ACCU elkartearekin bat egin du Andoaingo Udalak, “Beharra daukat” kanpainarekin bat eginez.

Gaur eguerdian, Andoaingo udaletxeko pleno aretoan, osasun-arazo bat dela eta komunera joateko premiaren aurrean komuna uzteko kanpaina aurkeztu dute. Lehenago, Andoaingo Udalak aho batez onartu zuen ACCU elkartearen eskaera. Udalak udal eraikinak ahalbidetuko ditu horretarako, eta herriko merkatarien artean kanpaina egiteko konpromisoa hartu du.

Gipuzkoa mailako elkarteko lehendakari Jone Argoitiak kanpainaren xehetasunak eskaini ditu: “Gaixotasun hauek ditugunontzat beharrezkoa da. Lotsak alde batera utzita, aurpegia emateko unea dela iritzi diogu. Gure kanpainaren erabiltzaileek txartel bat edukiko dute, eta horri esker hainbat tokietako komuna erabiltzeko aukera izango dute”.

Antzeko egoeran dauden pertsonentzat txartela eskuratzeko sistema oso erraza da. Beharradaukat.eus webgunetik inprimakia lortzen da, eta hori beteta anbulategira joan behar da. Paper hori medikuak aztertu eta oniritzia ematen dio, eta hortik aurrera elkarteak txartela ematen dio han eta hemen erabili ahal izateko. Andoainen, esaterako, gaixo horiei udal eraikin guztietan erabiltzeko aukera eskainiko zaie eta laster ekimenarekin hainbat merkatarik bat egitea espero dute. Toki horietan guztietan pegatina bat agertuko da, “Beharra daukat” kanpainarekin bat egiten duela adierazten duena.

Tokien kokapena errazte aldera, erabiltzaileek APP aplikazio erraz batekin tokiak -eta komunak- aurkitu ahal izango ditu google-n mapari esker.

Lasaitasuna

Lehendakariak aukera honek eskaintzen duen lasaitasuna nabarmendu du: “Nik oraindik ez dut erabili, baina txartela erabiltzeko aukera hori izatea oso lasaigarria da”. Kanpainarekin, bestalde, gaixotasun hau gizarteratu nahi dute.

Ana Carrere alkateak, Udal korporazio osoaren izenean, harrera egin eta elkartasuna adierazi die.

Andoaingoa elkarteari babesa eskaintzen dion lehen udalerria da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!