Zabalik da Amasako Iturrigoxo taberna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 20a, 02:00

Marimar Chivitek hartu du bere gain Amasako Iturrigoxo kudeatzeko ardura. Urriaren 7an ateak zabaldu eta lanpetuta dabiltza geroztik.

Hilabete ugari itxita egon ondoren, urriaren 7an zabaldu zituen berriz ere ateak Amasako Iturrigoxo jatetxe-tabernak. “Denbora asko egon da taberna itxita eta jakin-mina ez ezik, taberna berriz irekita ikusteko gogoa zeukan jendeak. Mugimendu handia dabil eta poza ematen du bide onetik abiatu garela ikusteak”, adierazi du Marimar Chivite tabernako arduradunak. Urte asko darama billabonatarrak ostalaritzan lanean. Villabonako Apatx tabernan, Zizurkilgo Elkartetxean, Urnietako Adarra jatetxeko sukaldean 17 urtez edota azken bi udatan Asteasuko igerilekuko tabernan egin du lan aurrez. 25 urtetik gora daramatza ostalaritzan lanean eta ondo baino hobeto ezagutzen du ofizioa. Bere ustez sekretua bakarra da, “lana ahalik eta ondoen egiten ahalegintzea”. Joxi Mujika billabonatar sukaldaria eta biak arituko dira Iturrigoxoko sukaldeko lanetan eta euren ezaugarria etxeko jana prestatzea izango dela azaldu du, “amak edota amonak etxeko sukaldean prestatzen duten gisakoa, goxo-goxoa”. Tabernako barran Idoia Murillo billabonatarra ari da lanean, asteburuetarako langile gehiago gerturatzen delarik.

Harrera bikaina
Astegunetako menua (10,50€) eta asteburukoa (22€) eskaintzen dituzte eta taberna-jatetxea ireki berria izanagatik, pozarren eta harrituta ere badaude ireki berri-berritan, menuek izan duten erantzun onarekin. “Badirudi bezeroei gure eskaintza gustatu egin zaiela; lehen egunetik hasita, egunero gerturatu baitzaigu jendea menuak jatera”. Menuez gain, momentuan eginiko pintxoak, ogitarteakoak, razioak edota sanwichak eskaintzen dituzte. Era berean, aurrez eskatuta, bezeroek nahi duten janaria ere prestatzen dute akordatutako prezioan. Espezialitaterik ba ote duten galdetuta, momentuz halakorik ez dutela erantzun du Marimarrek, baina izugarri harritu duela bezeroek eguerdiko salda, haragi egosi, txorizo edota etxean egindako kroketei egin dioten harrera beroa.

Asteartetan itxita
Asteartetan atseden eguna izango dute. Itxita egongo da, beraz, Iturrigoxo. Gainerako asteko egun guztietan zabalduko dute, goizean 10:30ak aldera. Taberna berriz ere abian jarri eta hilabetera iritsiko dira Samartinak eta hasiak dira dagoeneko festetarako prestatzen. Festak amaitu ondorenean ere, taberna nahiz herria girotzeko musika emanaldiak antolatuko dituzte tarteka. “Asteasuko igerilekuetan ere antolatzen genituen kontzertuak eta horretarako ez dugu arazorik izango Amasan ere. Anakruxa musika taldeko kide dut ahizpa eta noiznahi izango dute gure artean emanaldia eskaintzeko aukera”. Amasa-Villabonako Udalaren zerbitzua da Iturrigoxo eta billabonatarrek bi urterako hartu dute momentuz taberna-jatetxea kudeatzeko ardura, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Tabernako guneaz gain, bi jangela ditu. 30-40 lagunentzako lekua duen jangela txikia eta jaialdi berezietarako 80 bat lagunentzako lekua duen jangela handia. Ilusioz eta gogotsu etorri dira. Amasako plazan daude, ateak zabalik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!