Juliana Arana hil da

Asteartean hil zen Juliana Arana Etxenagusia andoaindarra, 95 urte zituela. Bera zen 1936ko gerran erail zituztenen belaunalditik bizirik geratzen zen azken pertsona Andoainen.

II. Errepublikaren etorrerarekin batera justizia soziala eta berdintasuna lortzea posible zela uste izan zuen Arana Etxenagusia familiako kidea izan zen Juliana.

Horrexegatik, bi anai erail zituzten kolpe militarra piztu zutenek.  Joxe, etxetik atera eta betirako desagertarazi egin zuten. Familiari inork ez zion azalpenik eman sekula.   

Gainera, Joxeren desagerketarekin ez zen amaitu familiaren baitan mina eta atsekabea. Izan ere, Julianen beste anaia, Manuel, tropa frankistek derrigor eraman zuten frontera 1937an. Luebakietan larriki gaixotu, eta etxera itzultzeko baimena eman zioten; etxean, agudo hil zen. Familian, soilik ama eta Juliana geratu ziren.

Beti eraman izan zuen berarekin bi anaien oroitzapena. Haien izena eta izana ahal zuen oro transmititu izan zuen bere inguruan, eta urtero parte hartzen zuen Andoainen Etxeberrietako eskulturaren ondoan , frankismoak zapaldutakoen alde antolatu ohi den omenaldi ekitaldian.

1936ko memoria historikoaren berreskurapena hitzetik hortzera dabilen aldi honetan, bada datu bat Julianaren heriotzak erakusten diguna, zer pentsatua eragiten diguna: bera zen 1936ko gerran erail zituztenen belaunalditik bizirik geratzen zen azken pertsona Andoainen.

Bizitza osorako markatzen dituzten tragedia bizitu arren familiarekin, Julianak beti eutsi izan zion bizi-poza; arpegian beti alaitasuna marrazten zaien pertsona horietakoa zen.

Bere arimaren aldeko hileta, bihar osteguna, Santa Krutz elizan egingo da, arratsaldeko 19:30ean hasita.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!