Larraulen landutako linua beratzen, Katillutxulon berreraikitako linu-putzuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 14a, 02:00

Dina 7 kultur elkartea, 2009 urteaz geroztik, Larraulgo Ekomuseoa kudeatzeaz arduratzen da. Urteak daramatza ofizio zaharren bidea gai hartuta lanean. Egurra landu zuten lehendabizi eta harria (karobia) gero. Oraingoan emakumezkoen ofizio zahar bati heldu diote, –linua egiteko pauso guztiak jarraitzeari, hain zuzen–, bertako lursail batean linu-putzua aurkitu ondorenean:

Argazkiak (Iñaki Alcalde)

Pauso ugari eman dute dagoeneko; linu-putzua berritu, lursailak prestatu, hazia erein, uzta bildu, aletu…, eta urriaren 12an, Dina 7 kultur elkarteko Koldo Jauregi eta Pili Otaegik, Larraulen landutako linu landare lehortua Katillutxulo mendian berreraikitako linu-putzuan jarri zuten beratzen. Bertan edukiko dute astebete pasatxo, ondo beratu dela ikusi arte. “Putzuan, ‘bost egun eta sei gau’ egon behar izaten zuten gutxienez, bederatziurrena ere aipatzen zuten. Liho berdeak 15-20 bat egunetan jartzen ziren beratzen (beti gau bat gehiago egunak baino), zabal-zabal eginda: hondoan zarba batzuk, eta gainean harri edo zuhaitz adar batzuk jarrita; pektosa izeneko goma moduko substantzia desegin arte, honek zuntzak eta azala eransteko balio baitu”, adierazi du Pili Otaegik linuaren ofizioaren gainean osatutako eskuliburu dotorean. Pausoz pauso jarraituko dute aurrera, landarea linu-putzutik atera eta haria iruteko prozesuari ekiteko. Abian duten lanaren jarraipena azaro amaieran burutuko den Kultur Astearen baitan ikusi ahal izango da Larraulen.

Eskuliburua ez ezik, orain artean emandako pauso guztiekin DVDa osatzen ere ari dira Dina 7 elkarteko kideak, Iñaki Alcalde herritarra ari delarik lan horretan.

1850-60ko maindireak

Larraulen antzina lihoa landu zela frogatzen duten lekukoak aurkitu dituzte eta “Katillutxuloko linu-putzuaz gain, badakigu Elizegi-enekoek bazutela Urbeltz izeneko iturriaren aldamenean beren linu-putzu propioa, Txapartegiren jabegoa zuena”, diote liburuxkan. Era berean, Larraulen Elizegi baserriko Bittori Garmendia Arsuagak 1850-60an egindako maindireak Ignacio Elizaran Txapartegiren eskuetan daude egun. Besteak beste, Kultur Astean burutuko den erakusketan ikusgai izango dira. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!