Luis Tolosa arkitektoaren sormena, gogoan

Euskal arkitekturan izen handiko Luis Tolosa arkitektoari buruz jardun zuten Lauren Etxepare eta Leticia Garcia adituak Basteron, atzo, ostegunez. Tolosak Andoaingo Laborde eta Ziako lantegien eraikuntzak diseinatu eta proiektatu zituen, besteak beste.

 

 

Hitzaldia, Luis Tolosari buruz Basteron antolatu den erakusketaren karira egin zen. Erakusketan, Tolosaren ibilbide profesionala aztertzeaz gain, berak proiektatu zituen eraikuntzei buruzko maketa, dibujo eta argazkiak ikusi daitezke. Urriaren 29ra arte egongo da irekita erakusketa, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20etara. Larunbatetan, berriz, 10:30etik 13:00era, eta 18:00etik 20:30era.

Gipuzkoako Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Andoaingo Udala dira erakusketaren zein hitzaldiaren antolatzaileak.

Luis Tolosa Amilibia (Donostia, 1903-Irun, 1956) delineantea eta proiektu egilea izan zen. Paisaiako portuan egin zuen lan, eta denbora horretan, portuko sortze prozesuan parte hartzeaz gain, hainbat lantegietako eraikuntzak diseinatu eta proiektatu zituen. Lan munduko eraikuntzetan espezializatu zen, eta Andoainen Laborde eta Ziazkoz gain, aipatu litezke, besteak, beste: Nueva Ceramica (Orio), Union Cerrajera (Bergara), Ramon Vizcaino (Oiartzun) edo Olaran (Beasain). Guztien artetik, Aizpurua eta Albistur industria gizonen Ziako lantegia (tarimak eta pertsianen ekoizlea), Tolosaren harri-bitxitzat jotzen dute adituek. “Zoragarria da, goi mailako arkitektura”, adierazi zuen Etxeparek, hitzaldian.

Tolosak arkitektoaren titulurik ez zuenez, beste egileren azpian geratu izan zen maiz. Bere seme Juan Ignaciori eta honen emazte Rosa Mari Tellori eta Ana Azpiri arkitektoari esker, baina, argitan jarri ahal izan da Tolosaren sormen lana azken urtetan.

 

Arkitekto arrazionalista

Ana Azpiri berak aurkeztu zituen atzoko bi hizlariak, Etxepare eta Garcia. Etxeparek errepasoa eman zion XX. mendeko lehen hamarkadetan Iparraldean eta Hegoaldean nabarmendu zen euskal arkitekturari, aparteko estiloa eduki zuenari. Tolosaren arkitekturan eragina izan zuten egile eta horien eraikinen azalpenak eman zituen, hain zuzen. Garcia, bere aldetik, Tolosaren estiloaren eta teknikaren nondik norakoa xehetu zuen.

Bat etorri ziren biak ere, euskal arkitektura arrazionalistaren ikurrik distiratsuenetakoa izan zela adierazterakoan. Etxeparek zehaztu zuenez, XX. mendearen hasieran mugimendu euskal kutsua edukiko zuen arkitektura batena aldeko mugimendua sortu zen Eusklal Herrian, zenbait egileren eskutik. Korronte horretan kokatu zuen Tolosa ere. Euskal gizarteko arlo gehienetan bezala, arkitekturan ere erabat baldintzatu zuen 1936ko gerrak. XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan, arkitekto horiek askatasuna eduki zuten han hemen etxe bizitzarako eraikuntzak eraiki zezaten. Egun, oraindik zutik diraute horietako zenbait. Gerra ostearekin batera, ordea, gizartean krisi ekonomikoa eta miseria zabaltzea etorri zen, eta egoera horrek eraikuntzen materiala merketu beharra ekarri zuen. Gainera, agintari berriek mentalitate uniformizatzailegoa erakutsi zuten. Arrazoi guzti horien eraginez, bazterrean utzi zen gerra aurreko arkitekto berritzaileen bidea.

Nolanahi ere, mentalitate berri hori eremu urbanoetan ezarri zen gehienbat. Hirigintzaren ikuspegi itxi horretatik libre geratu ziren industria guneak, lantokiak kokatzen ziren guneak alegia. Horri esker, Tolosak askatasuna eduki zuen arestian aipatu diren lantegi horiek diseinatu ahal izateko, tartean Andoaingo Laborde eta Ziako. Labordeko nabeareen proiektuarekin, Tolosak lortu zuen eraginkortasuna, kostua eta estetika, hiru kontzeptu horiek era armoniatsuan biltzea. Ziako eraikina 1940ean diseinatu zuen, proiektu-egile gisa heldutasunera iritsita zagoela; hormigoi armatuak teknikoki ematen zituen aukerak gero eta gehiago ezagututa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!