Jaietan lan egitea eta gozatzea, biak egitea egokitu zaizu zuri...
Bai, aurten lan asko egitea tokatu zaigu. Ni neu nekatu samar ibili naiz egunero ekimen ezberdinetan aritu naizelako: Buruntzantzan batukada, Urnieta Bizirik, Perurekin Gobernuz Kanpoko Erakundea... Gozatu dut, baina beste modu batera.
Lan egitea eta gozatzea bateragarri egiten dituzu, beraz...
Esandakoaz gain haurrak tarteko direla, egunean zehar topera bizi gara baina gauez ez hainbeste.
Ekiteko, mugitzeko..., nondik datorkizu jarrera hori?
Lasarteko Cocherasekoa naiz, eta askori, hori esatearekin, urnietarra naizela esan nahi izaten diet. Gaztetandik hasi nintzen saltsa ezberdinetan murgiltzen. Txosnen munduan edota SOS Arrazakerian ibiltzen nintzen orduko hartan, eta gaur arte! Niretzat beharrezkoa da ekitea, bizirik sentitzen naiz horrela.
Zein da jaiei buruz duzun lehen oroitzapena?
Ba kanpotik hona parrandara etortzen den pertsona batena. Aspaldi izan zen hura! Desberdina da, zeren eta orain jaia barrutik bizi dut. Jaiaren benetako dimentsioa urteotan hartu dut, ekimen ugari daudelako eta horien atzetik lan handia dagoelako. Jai batzordean egoteak ikuspegi orokor hori eman dit.
Gaur egun jaiak gorpuztu direla esango nuke. Uste dut denon artean jaiak indarra hartzen ari direla.
Festa herrikoiagoak direla esan nahi al duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Geroz eta gehiago gara jaien antolaketan murgiltzen ari garen urnietarrak. Jai batzordera adin guztietako herritarrak hurbiltzen ari dira, eta hori oso aberasgarria da jaiak herriko jendearekin indartzen ari direlako.
Batukada kenduta, zein ekitaldi duzu gogoko?
Danborrada. Presentzia handia du jaietan, eta horren inguruan giro paregabea sortzen da. Ikusi besterik ez zegoen larunbat gauean Oianumeko afarian sortu zen giroa.
Zer da Buruntzantzan zuretzat?
Urte asko dira perkusio eta batukada munduan, eta bizitzeko modu bat da niretzat. Buruntzantzan taldea, bestalde, lagunak egiteko aukera paregabea izan da niretzat. Barne poza ematen dit.
Euskaldun berria zara...
18 urterekin hasi nintzen ikasten, bereziki lan munduan murgiltzeko tresna modura. Denborarekin, hamar urte igaroko ziren, jarrera aldatu eta euskaraz bizitzeko kontzientzia hartu nuen. Uste dut horrela bizi behar dela, bestela hizkuntza gal genezake. Alabekin euskaraz bizi naiz jada, eta nire bikotearekin ezagutu ginenetik dugun gaztelaniazko joera hori aldatzen ari gara.
Urnietan ez balitz, non biziko zinateke?
Ez dut zalantzarik, Urnietan. Bihotzez diot, oso eroso sentitu naiz hona iritsi naizenetik. Lasarterekin alderatuta txikiagoa da, eta horrek harreman pertsonalak lantzeko aukera handiagoa ematen dit.
2015ean herritar plataforma bat sortu nahian ibili zineten...
Udal hauteskundeetarako ideia ona iruditu zitzaidan, guztiak politikan sartuta gauden ustekoa naizelako. Gauzak aldatzeko beharrezko iruditu zitzaidan. Oso plataforma irekia zen, baina azkenean bidean geratu zen ideia. Saiakera hor geratu da, ea hurrengo baterako jende gehiago animatzen den.
Ez nuke esango hemen gauza guztiak gaizki daudenik, baina gehiago egin genezakeela iruditzen zait niri.
Nori egingo zenioke antzeko elkarrizketa?
Rosa Elosegiri eta Isidro Salinasi, eredu direlako. Urtez urte lanean ari dira, ekimen ezberdinetan murgilduta.