Ortzaikako karobia piztu, karea egiteko

Igande honetan eguerdiko 12:00etan hasita karea egiten hasiko dira Goiburuko Ortzaika baserriko karobian. Ekitaldia irekia da. Andoaingo karobietan XX. mendearen hasieran karea egiteari utzi zioten. Asteburu honetan usadio hori berreskuratuko dute, Burdinaren eskutik. Ortzaikako karobia 2006an berreskuratu zen, eta harrezkero urtero sua piztu izan dute. 

Bada, berrikuntza ikusgarria dakar larunbat eguardirako iragarri den ekitaldiak, karea egingo baita bertan. 

Prestaketa lanekin larunbatean hasiko diren arren, ekitaldi nagusia igande eguerdiko 12:00etarako iragarri dute. ETB edota RTVE hedabideen interesa piztu du Burdina taldearen ekimenak.
Karea historian zehar zibilizazio ezberdinek erabili izan dute, eraikuntzan eta nekazaritzan batez ere. Karearen ekoizpena beharrezko zen antzinako baserri giroko gizarte tradizionalean. Besteak beste, karea lurrarekin eta urarekin nahastuta baserriak zuritzeko erabiltzen zen, nekazaritzan soroak eta baratzak ongarritzeko eta xomorroak akabatzeko.
Karobiak labea behar du, eta horrekin batera, kare-harria eta erregaia (egurra). Lehenbizi, karobia egurrez betetzen da, eta harriak jartzen zaizkio gainetik; behe aldean karobia daukan ate-zulotik su ematen zaio. Horrela, harria kiskaltzen doa, eta kare bihurtzen poliki-poliki. Kiskaltze prozesua eten ez dadin, karobia erregaiz eta harriz betetzen joian behar da.
Bertaratzen direnek karea egitearen prozesuari buruzko xehetasunak jasoko dituzte Burdina taldeko kideen partetik. Azken urtetan legez, larunbateko ekitaldian Burdina taldea hasieratik sustatu zuen Joxe Paulo Usandizaga zena omenduko dute. 2011n hil zen Usandizaga, Burdina taldeko kideengan hutsune handia utziz.
 
auzolanean
Ia urte osoan aritzen dira auzolanean Burdina taldeko boluntarioak, ondare historikoa berreskuratzeko helburuz. Aurten han hemen aritu dira Andoaingo, Tolosaldeko eta Nafarroako zenbait herrietako karobiak, garbitokiak, burdinolak, ermita zaharrak, errotak… berreskuratzen eta txukuntzen. Batzuk aipatzearren:
• Asteasu: XX. mendearen hasierako garbitokia berreskuratu Errekalde bailaran.
• Elduaien: Intturiagako (Leitzaran bailara) burdinolaren zati bat eta Errotazahar errota berreskuratu.  
• Orexa: errota-zerrategi bat txukundu.
• Areso: Santa Krutz ermita zaharrean prospekzioak giza asentamendu baten arrastoen bila.
• Andoain: Olaberria eta Olazar burdinola zaharretan prospekzioak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!