Koldo Jauregi Dina7 kultur elkarteko kideak egin du diskoen bilketa lana. Buruan aspaldian zerabilen gaia zela aitortu zuen astearte iluntzean, "garai batean herriz herri eta plazaz plaza ibiltzen ginen euskal kantuak entzuten. 1966 urtetik 1990era bitartean kaleratutako biniloak bildu ditut erakusketarako, –1992ko pare bat ere badira tartean–. Denak euskaldunak". 265 disko dira guztira, ohiko neurrikoak eta baita txikiagoak ere. Gaika sailkatu ditu: tartean dira soinu handi nahiz txikiarekin lotutakoak, bertsolari, txistulari, txaranga, euskal kantari nahiz talde ezagunenak... Aparteko gune batean, haurrei zuzendutako garaiko biniloak ere bai. Lan handia egin du Koldok bilduma lan hau osatzen, batetik bestera ibili da diskoen bila eta "perretxikoak bezala, asko bilatuta" topatu ditu azkenean. Euskal musikak erakarrita hasi zen biniloak biltzen, baina gerora portadak jasotzeagatik jarraitu zuen hein handi batean. "Oso bereziak dira diskoen portadak, esanahi handikoak", adierazi zuen.
Beste askoren artean, Martin Aginalde larrauldarraren 'Martin eta Iturbide' trikitixa diskoa ere biltzen du Larraulgo Ekomuseoko erakusketak. "Martin Aginagalderena da erakusketako lanen artean ageri den musikari larrauldar bakarra. Pablo Sorozabal musikaria ez zen Larraulen jaio, baina bai bere aita. Pabloren hamahiru disko daude ikusgai", argitu zuen Koldo Jauregik.
Interesa duen orori zuzenduta dago erakusketa eta hileko lehen igandean zabalik egongo da urtarrilaren hasiera bitartean. Talderen batek beste egunen batean gerturatu nahiko balu, 688 803 608 Dina7 elkarteko telefono zenbakira deitu beharko du.
Ikusi, entzun eta dantzatu
Biniloen inguruko hainbat argibide azaldu ondoren, disko-jartzaile lanetan ere aritu zen Koldo Jauregi larrauldarra. ‘Larraulgo fandangoa’ pieza aukeratu zuen lehenengotako kantu gisa eta bertaratutakoei nahi zuten doinua entzuteko aukera luzatu zien ondoren. Disko zaharrak izanagatik, aparailu on batean jarriz gero, oso ondo entzuten zirela zioen pozarren, arrazoi faltarik gabe. Afari-merienda eginez eta euskal kantuekin dantzan amaitu zuten Ekomuseoan erakusketaren irekiera festa.
Martin Aginagalde trikitilaria
Erakusketaren irekieran izan zen Martin Aginagalde trikitilaria, Larraulgo Elizegi baserrian jaioa. 16 urte zituela Eleuterio Tapiarekin ikasi zuen trikitixa jotzen eta 1979 eta 1981 urteetan Euskal Herriko Trikitixa txapelketak irabazi zituen. Txapelak eskuratu eta gero, Argentinan ere ibili zen trikitixa astintzen. Martin musika eskola zabaldu zuen gerora Villabonan eta urte askoan, irakasle aritu zen bertan.
Arazoak tarteko, denbora luzez trikitixa alde batera utzita izan badu ere, ilusio handiz, Diatonik jo taldea osatzen ari da orain, plazaz plaza erromeria emanaldiak eskaintzeko.