Maite Otero andoaindarra, Vianako ikastolako zuzendaria

Igande honetan hainbat euskaltzale Viana aldera abiatuko da, bertako euskaltzaleekin batera Erentzun ikastolari hauspoa eman asmoz. Urteak atzera eginez, Maite Otero andoaindarrak Vianako bidea hartu zuen hango ikastolan lanean hasteko. Bertan geratu, familia osatu eta gaur egun ikastolako zuzendaria da. Igandeko Nafarroa Oinez jaiaren atarian, elkarrizketa eskaini dio Aiurriri.

Andoaindar ugari abiatuko dira igandean Vianara. Eta zu zeu Maite noiztik bizi zara bertan?
Maite Otero. 1992tik Vianan nago, urte asko dira bai! Baina, oraindik ere nongoa naizen galdetzen didatenean Andoaingoa naizela erantzuten diet.

Zu bezalakoen bitartez lotura berezia sortu da Andoaingo eta Vianako euskaltzaleen artean...
M.O. Lotura batzuk egin ziren 1992ko Nafarroa Oinez hartan, eta 2007koan ere andoaindarren laguntza jaso genuen. Eta ez dugu ahaztu behar Gabino Agudo Nafarroa Oinez hartako koordinatzaile izan zela, edota Fultxo Krespo Vianako ikastolan dugun irakasle andoaindarra. 
Gerora, lotura bereziak egin dira hango eta bertakoen artean. Bada Vianako jendea ezkondu eta Andoainera joan dena. Eta nire kasuan, Vianan lan egiten hasi eta bertan osatu dut familia. 

Igandera begira lan eta lan arituko zarete aste honetan...
M.O. Duela 18 hilabete lanean hasi ginen. Jarduera osagarri piloa antolatu dugu, eta azken txanpa honetan azken xehetasunak lotzen gabiltza. Ezin ahaztu gabe utzi eguraldi ederra lotu dugula  iganderako.

Nola bizi dute jaien atarikoa zuen ikastolako ikasle eta irakasleek?
M.O. Nahiz eta antolaketa mailan mila kontu izan buruan, ikastolako kideak ilusioz gainezka bizi ditugu egun hauek. Ikasleak poz-pozik daude, iganderako entseguetan eta prestaketa lanetan.

Erentzun ikastolari buruzko datu batzuk emango al zenizkiguke?
M.O. Gure ikasleek lau hilabeterekin hasi eta hamabi urtera arte Vianan bertan ikasten dute. DBH egitera Oionera joaten dira, eta batxillergoa La Puebla de Labarcara.  Arabako Errioxatik oso-oso gertu gaudenez, ikasleek heziketa osoa euskaraz jasotzen dute. 84 familia gara ikastolan, 110 ikasle denera. Familia eta guraso taldea ari gara jaia antolatzen.
Ez dakienarentzat, aurten lehen aldiz Nafarroa Oinez bi ikastolen artean antolatuko da. Viana eta Lodosa Ebro ibaiaren aldeko bi ikastolak gara aurtengo antolatzaileak.

Andoaindik igandean bertan lan egitera abiatuko da herritar talde bat, eta astelehenean ere busez joango da beste talde bat. Andoaindarra zarenez pozteko modukoa da, ezta?
M.O. Oso eskertuta gaude, eta ez da lehenengo aldia aurreko Nafarroa Oinez jaialdietan ere laguntza handia jaso dugulako. Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet denei, guretzat ezinbestekoa izango baita.
Ebroko ibai ertzeko ikastolei laguntza emateko denon eskuak beharko ditugu eta sokatiran egiten den bezala, egin dezagun hartu, tenka, tira denon artean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!