Mintzalagunak Andoainen

Ikasturte berriarekin batera, martxan da berriro ere Andoaingo Mintzalagun programa. Honakoa seigarren ikasturtea da. Euskal Herri osoan ezaguna den fenomenoa, indarra hartzen ari da gure herrian ere. Hamarretik gora dira martxan dauden taldeak; eta dagoeneko 50 herrikide baino gehiago dira talde hauetan parte hartzen duten mintzalagunak.

Hizkuntzaren ikaskuntzan, alboan utzi ezin daitekeen kontua da ikasitakoa praktikan jartzea, ez da gauza berria; euskara praktikatzeaz gain, jende berria ezagutu, euskararen munduan murgildu eta, finean, euskaraz bizitzeko aukera izango du izena ematen duenak.  Mintzalaguna, euskaraz hitz egiteko 

ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Bertan, edozeinek har dezake parte, euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan...

IZEN-EMATEA udaletxean
edota aek euskaltegian
Egitasmoan izena eman nahi dutenek Andoaingo AEK euskaltegian edo udaleko euskara zerbitzuan dute izena emateko aukera, baita telefonoz  ere:
• 943 591 704
• 943 300 831

E-mailez:
• andoain.aek@gmail.com

GURASOLAGUN EGITASMO BERRIA
Egitasmoa hazten doan neurrian eta jende gehiago hurbiltzen doan heinean, beharrizan berriak eta proposamen ezberdinak agertuz doaz gure mintzapraktika egitasmoen baitan. Honen adibiderik garbiena gurasolagun da.
Euskararen transmisioa bermatzeko, ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntz harremanetan eragitea. Ekimen honekin, guraso euskaldunak edota euskaraz ikasten ari direnak, egoera berdinean dauden beste guraso batzuekin harremanetan jartzea da helburua; plazan, parkean, asteburuko txangoetan... familia edo lagun giro guztiz euskalduna sortzea. Horretarako, guraso eta umeekin mintzataldeak, tailer txikiak, irteera edo txangoak antolatzen dira.
Aurreko ikasturtean martxan jarri ostean, egonkortasuna eta erreferentzialtasuna hartzen ari den egitasmoa da Gurasolagun.
Ikasturte berriarekin batera, Aita Larramendi, La Salle-Berrozpe eta Ondarreta ikastetxeekin elkarlanean martxan jarriko da Gurasolagun. Zure ikastetxean Gurasolagunen kartel esanguratsua ikusten baduzu, ez dudarik egin, joan idazkaritzara eta eman izena.
Horrez gain, iaz antolatutako ekimenen arrakasta ikusita, aurten ludotekarekin elkarlanean, ‘Bidaide’ antolatuko dugu. Ikasturtean zehar sei lantegi egingo dira, gurasoek euren haurrekin batera parte har dezaten: azaroan sukaldaritza begetarianoa, abenduan jolas kooperatiboak, otsailean eskulan tailerra, martxoan euskal dantzak edo zunba, apirilean ‘parketarrak’ eta maiatzean xaboi tailerrak. Lehen lantegian parte hartzen dutenei pasaporte modukoa banatuko zaie, eta lantegi bat egiten duten bakoitzean zigilua jarriko zaie. 2017ko ekainean pasaportea 6 zigiluez osatua dutenen artean, hainbat opari zozkatuko dira.
Berbalagun eta Gurasolagun guztiek EHUko kredituak eskuratu ahalko dituzte, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! eta Argia aldizkariak eta Berria egunkaria merkeago, eta beste hainbat abantaila gehiago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!