Aurtengo jaien hasierako ezustekoa izan zen, Miela jaitsi eta gero Buruntzantzan taldeko kideek eskaini zuten kantua. Arazo teknikoak izan ziren eta hori dela eta oharkabean igaro zen. Funky taldeak eta batukadak, Pablo Lusarretak kitarra eskuan zuelarik, Brasilgo kantu ezaguna Mielari ongietorria emateko Urnietara eta jaietara egokitu zuten. Horra kantuaren pasarte batzuk:
“Goazen mugitu gorputza
ta kalera atera
bost egun hauetan
ondo pasatzera
denok elkarrekin
ta errespetatzen”.
Kantuaren estrofak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita daude, eta funtsean jaiaz gozatzeko gonbitea dira.
PREGOIA
Herritar eta herri eragile askok balioan jarri dute Jauregik egiten duen lana, bereziki euskara eta kultura esparruetan. Jai batzordeak aurten pregoia irakurtzeko bera aukeratu zuen. Proposamena jasota, harro zegoela aitortu zuen: “Jaiak gizartea kohesionatzeko, batzeko elementu dira, herriaren nortasun kolektiboa eraikitzen dute, bizi garen herria indar handiagoz sentiaraziz. Extremaduratik, Galizatik, Kataluniatik, Latinoamerikatik... nondik zatozen berdin dio, guztiak ere bertakoak gara: Urnietar petoak. Kultur eragile izateagatik izendatu naute. Eta kultura aldarrikatzen dut, ezin gara libre izan kulturarik gabe eta kultura globalizatuaren gainetik geure kultura propioa lehenesten dut”. Gurasoei, lankideei eta Txanbolin eta Anabasako taldeei eskerrak eman zizkien.
PATATA TORTILLA LEHIAKETA
Sanmielak herritarren artean txertatuta dauden adibiderik garbienetakoa patata tortilla lehiaketa da. Dozenaka lagun elkartu ziren txosnagunean, karpa osoa betez. Orduak igaro ahala giroa berotuz joan zen, jaietako hitzordurik politenetakoa bilakatu arte. Giro on horretan lagungarri izan zen koadrila askok mozorrotzeko hartu zuten erabakia. Gangster modura agertzeko deia zabaldu zuten, eta karpan nagusi ziren alkandora zuria eta kapela zeramatzaten gangsterrak. Baziren jantzi dotoreak eta landuak eraman zituzten koadrilak ere. 21. patata tortilla izan zen irabazlea. Gazte koadrila batek egina, irabazle izan zirela jakinarazi zietenean haiena poza eta zoramena!
UDAL OMENALDIA
Irakasle, guraso eta ikasle ugari hurbildu zen batzar aretora, txiki geratzeraino. Giro atseginean, Maripi Sarasolak –ikastolako aurreneko irakasle izan zena, eta ia oraintsu arte bertan jardun duena– hasierako urteen berri eman zuen, ikastola sortzeko ausardia izan zuten pertsonak gogora ekarriz eta haien lana goraipatuz.
Mikel Pagola Urnietako alkateak ikastolaren urte guzti hauetako lana eskertu zuen eta Beñat Gaztelumendik hiru bertso abestu zituen. Jarraian, Manu Marias eta Itsaso Gomez gaur egungo ikastolaren zuzendariek hartu zuten hitza. 50 urteko ibilbidea posible egin dutenei eskerrak emateaz gain, herriko agintariei aspalditik espero duten DBH derrigorrezko bigarren hezkuntzarako eraikin berria berehala gauzatzeko eskaera luzatu zieten. Ekitaldia luntxarekin amaitu zen.
TXIRRINDULARI KRITERIUMA
Poxta Zaharren eskutik, Sanmieletako III. Txirrindulari Kriteriuma antolatu zuten larunbatean. Eguraldiak, arratsalde euritsuak, eta ondorioz errepide bustiak proba baldintzatu eta gogortu egin zuen.
Bi mailatan egin zuten, juniorrak alde batetik eta elite eta 23 urtez azpikoak bestetik. Kategoria bakoitzeko bina lasterketa egin zituzten, elimizazioa eta puntuaketa probak hain zuzen ere.
Sailkapenak:
Junior maila:
1. Unai Iribar 10 puntu
2. Ander Amonarriz 8 puntu
3. Xabier Mikel Azparren 6 puntu
Elite eta 23 urtez azpikoen maila:
1. Peio Goikoetxea 9 puntu
2. Mikel Elorza 6 puntu
3. Ander Alonso 6 puntu
XABIER SALDIASI OMENALDIA
Urnieta herriak esker ona adierazi zion Xabier Saldiasi, urte luzez Urnietako jaiak alaitzen egindako lanagatik. Aski ezaguna da Egan taldeko kantaria jubilatzera doala, eta horregatik Urnietako Udalak detailetxoa izan zuen berarekin. Mikel Pagola alkatea eta Maribel Vaquero alkate-ordea igo ziren taula gainera Saldiasi oroigarri modura gordeko duen plaka ematera. Markos Landak ere omenaldian parte hartu zuen.
Saldias eskertuta agertu zen, eta nola ez saioan zehar kantari agurtu zen. Triste bizi nahiz eta kantuaren azken estrofa aldatu eta zera abestu zuen: “46 urtetan nabil kalez kale, jubilazioa iritsi zaigu ustekaben”.