Oroimen historikoa berreskuratuz liburu aurkezpena atzo Adunan, gaur Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 6a, 02:00

Atzo iluntzean, ‘Saseta defentsa-sistema: Armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen’ liburua aurkeztu zuten Adunako Udaleko kultur aretoan: Argazkiak

Astelehenean liburua kominikabideen aurrean aurkeztu ondoren, asteartean Asteasun eta atzo Adunan, herritarren aurrean aurkeztu zuten liburua. Zizurkilen txanda izango da gaurkoan, 19:00etan udaletxeko batzar aretoan.

Josu Amilibia Adunako alkateak eta liburuaren egile Karlos Almorza eta Javi Bucesek hartu zuten hitza aurkezpenean. Lehenik eta behin Aranzadi elkarteak osatutako 20 minutuko ikus-entzunezkoa eskaini zuten, gaia aurkeztuz eta kokatuz.

Hiru urteko lanaren ondoren iritsi da 1936ko Gerran, bailarako mendietan gertatu zena aztertzea helburu duen liburua. Hiru oinarri ditu: auzolandegietan egindako indusketa lanak, artxibo ezberdinetan burututako azterketa eta herritarren testigantzak.

Josu Amilibia alkateak adierazi bezala, Adunako herritarren laguntzarekin hasi ziren 1936ko Gerran Adunako mendialdean izandako gertaerak aztertzen, “baina gaia haratago iristen zela ikusita, Asteasu eta Zizurkilera zabaldu genuen gure asmoa eta bat egin zuten haiek ere”.

Historiak eta arkeologiak uztartuz osatu dute liburua eta datu hori oso garrantzitsua dela uste du Karlos Almorza egileak, liburua irakurtzeko lagungarri delako. “Historia eta arkeologia aztertuta, gertaerak azaltzeaz gain, kokatu ere egin nahi ditugu. Liburuan borroka izan zela esaten bada, hortxe daude lubakiak froga modura”, adierazi zuen. Liburua osatzeko 10.000 dokumentu irakurri dituzte eta datuak zehatz mehatz aztertu. Ikerketa horri esker badakite Candido Sasetak antolatu zuela bailarako mendietako defentsa-sistema eta 97 gizon aritu zirela defentsa-lerroan. “Fronte honetan euskal gudariak hil ziren. Arduradun militar on bat zuten –Candido Saseta–, baina gainerakoak zibilak ziren. Bertan hil ziren, besteak beste, Joxe Arana Irastorza ANVko lehen gudaria eta Jose Joakin Egaña Uria EAJkoa”.

Liburuko ondoriorik garrantzitsuena, gudariek “34 egunetan hemendik ez dira pasako” pentsatu eta ideia hura gauzatzea lortu izana da Karlos Almorzarentzat. Izan ere, “defentsa-lerroan eutsi egin zioten 34 egunez eta hura hala izan ez balitz, ondorio okerragoak izango ziratekeen alde guztietatik”.

Artxiboetan nahiz auzolandegietan egin duten lanaz gain, Javi Buces Aranzadiko kide eta liburuko egilearentzat oso garrantzitsuak dira liburuan jaso dituzten testigantzak, dena ez baitago dokumentuetan. “Aranzadik ez du borroka edota bataila soilik aztertu nahi. Dudarik gabe, oso garrantzitsua da hori, baina garrantzitsuena borroka hori eta ondorengo diktadura frankista nork sufritu zuten jakitea da”. Gazte boluntarioek hiru urtez zehar auzolandegietan egindako lana ere hizpide izan zuen eta haiei esker pixkanaka-pixkanaka, gudarien trintxerak, haien defentsa sistema izan zena berreskuratu zela jakinarazi. “Gudari horiek gazte boluntarioak ziren; euskal gazte boluntarioek eraiki zuten, beraz, defentsa sistema hori. Laurogei urte geroago, euskal gazte boluntarioek berreskuratu dute haien borroka eta duintasuna”. Azkenik, nazioarte mailan giza eskubideei lotuta finkatu ziren hiru printzipioak hartu zituen oinarrian: egia, justizia eta erreparazioa. “Guk Aranzadi bezala egiaren printzipioa bete nahi dugu lan honen bidez. Hori da gure lana, gure konpromisoa. Egiarik jakin gabe ezinezkoa baita beste printzipioak betetzea”.

Juan Kruz Igerabide idazle adunarra, gerra lehen pertsonan ezagutu ez arren, aurrekoei entzundakoen testigantza eman duenetako bat da. Oroimena olerki dotorea errezitatu zuen ekitaldiaren bukaeran. Loatzo musika eskolako musikarien doinu goxoekin amaitu zen aurkezpena, testigantzak eman eta liburua osatzen lagundu duten herritarrei esker-oneko opariak banatuz.

Esan bezala, Zizurkilen izango da gaurko hitzordua: 19:00etan udaletxeko batzar aretoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!