Hassan Ait Chaou, irribarrerik galtzen ez duen korrikalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 6a, 02:00

Hassan Ait Chaou Aitali duela hamasei urte etorri zen Marokotik Amasa-Villabonara. Korrikalari aparta eta izaera jator bezain umileko pertsona. Zorterik onena:

Argazkiak: Egoitz Bengoetxea

Maila ezin hobean zabiltza azken urteotan mendi lasterketatan. Hala ere, aurten iritsi zara, akaso, gorenera…

Hala da, bai. Oso gustura ibili naiz aurten. Egia esan, denboraldi nahiko arraroa izan da. Ondo hasi nintzen, oso gustura, entrenatzen eta sentsazio onekin. Lehenengo lasterketetan oso emaitza onak lortu nituen gainera. Maiatzean, ez nuen Zegama-Aizkorri lasterketa bukatzerik izan hipotermiagatik, baina, hala ere, gustura geratu nintzen, inoiz baino indartsuago abiatu bainintzen. Gerora ere gustura jarraitu nuen entrenatzen. Camille Extreme lasterketa sentsazio onekin bukatu nuen eta Madrilen ere oso gustura ibili nintzen Espainiako txapelketan. Ondoren, nekea sumatu nuen, hankak pisu nabari nituen eta Livignoko (Italia) lasterketan min hartu nuen. Bolada batean geldirik egon nintzen, baina urtean zehar oso emaitza eta sentsazio onak izan ditut.

Lan aldaketak asko lagundu didala esango nuke. Lehen iturgin bezala aritzen nintzen, postura txarretan egiten nuen lan maiz eta bizkarrean eragin egiten zidan. Lantegi bateko makina batean egiten dut lan orain eta lasterketatan askoz ere hobeto nabaritu dut bizkarra aurten. Ordutegiak ere lagundu dit. Lehen goiz eta arratsaldez aritzen nintzen lanean eta orain arratsaldeak libre dauzkadanez, entrenamenduak hobeto asimilatzen ditut.

Munduko Kopa bat baino gehiagotan hartu duzu parte, emaitza onak eskuratuz beti. Are eta hobeak aurten; bigarren lekuan zaude momentuz…

Lau urtetan hartu dut parte Munduko Kopan. 2013an 6. postuan bukatu nuen, 2014an 7.ean, 2015ean 8.ean eta 2016an 2. postuan nago momentuz. Ondo noa eta, zaila bada ere, bigarren postu hori lortzeko aukera badut oraindik. Ikusiko da, momentuz disfrutatzen ari naiz. Emaitza onak lortzen baditut hobeto, baina gustura geratuko naiz bestela ere.

Irailaren 3an, Montanako (Estatu Batuak) Munduko Kopako lasterketan lehen postuan iritsi zinen helmugara. Zer nolako lasterketa izan zen? Zein ezaugarri zituen?

Oso lasterketa polita izan zen niretzat. Lasterketa gogorrak eta teknikoak gustatzen zaizkit niri eta hark oso aldapa gogorrak eta jaitsiera arriskutsuak zituen, harri solte askorekin. Atlas mendikatetik etorrita, ondo moldatzen naiz egoera horietara. Altuera handia hartzen zen, 3.400 metroraino igo behar baikenuen. Ez nago lasterketa hartako gainerako korrikalariak bezala altuera horietara ohituta eta beldur nintzen, baina buruarekin jokatu nuen; lasterkariak harrapatu eta aldapa behera arriskatu egin nuen. Ondo atera zitzaidan. 28 kilometroko lasterketa zen, motza, 2400 metroko desnibel positiboa izateko. Desnibel handiak.

Zer sentitu zenuen munduaren beste puntan halako garaipena eskuratuta?

Helmugara iristeko kilometro batzuren faltan, oraindik ez nuen sinesten lehenengo nindoanik, baina horrek indarra eman zidan atzetik zein zetorren jakinda, aurrera egiteko. Oso korrikalari onak nituen atzetik eta ez nintzen helmugara iritsi arte fidatzen. Helmugara iritsitakoan ere, hasieran kosta egin zitzaidan sinestea. Gerora poz handia sentitu nuen, Munduko Kopako lasterketa bat irabaztea benetan zaila delako. Jendea geroz eta hobeto prestatzen da eta maila handia dago. Poz handia sentitu nuen, jarraitzeko gogoa.

Munduko Kopa izanik, mundu osoko korrikalariak ari zarete lehian. Berezia izango da haiek guztien artean korrika egitea…

Bitxia da bai. Bereziki frogaren ondoren batarekin eta bestearekin hitz egitea. Giro polita sortzen da lasterketa horietan. Euskal Selekzioa, oro har hartuta, Munduko Kopan oso emaitza onak lortzen ari garela azpimarratzekoa da, bai neska eta bai mutilen artean. Batzuk lesionatu egin dira aurten, baina hori ezin da saihestu. Arrisku hori daukagu hor gabiltzanak. Ikusi egin beharko da nola amaitzen dugun azken lasterketa.

 

Korrikalari guztien artean jatorriren bat nabarmenduko al zenuke?

Italian hasi ziren mendi lasterketak antolatzen eta oso korrikalari onak dira italiarrak, korrikalari profesional asko dago han. Italiarrek barrutik bizitzen dituzte mendiko lasterketak eta afizio handia dute. Suitzan ere bai, suitzarren artean ere korrikalari on asko dago. Eta noski, baita Katalunia eta Euskal Herrian ere. Oro har, mailarik altuena Euskal Herrian dagoela esango nuke, agian punta-puntan dabiltzan korrikalariak falta zaizkigu, baina oso-oso maila ona daukagu hemen, baita afizioa ere. Gipuzkoan bereziki izugarrizko afizioa dago eta lasterketa guztietan egoten da jendea animatzen. Dena ematen dute. Korrika zoazela, asko eskertzen dira ikusleen animo eta txaloak. Izenez ere animatzen dute askok eta oraindik eta motibazio gehiago ematen du horrek.

 

Euskal Herriko koloreak munduan zehar zabaltzen ari zara, Euskal Herriko selekzioaren elastikoarekin…

Duela hamasei urte etorri nintzen Euskal Herrira eta euskalduna sentitzen naiz. Poza ematen dit mundu mailako lasterketetan Euskal Herriko koloreak gainean eramateak. Oso harrera ona egiten digu jendeak, ‘basquy basquy’ esanez animatzen gaituzte eta indar handia ematen du hemendik kanpora hori entzuteak. Euskal Herria begi onez ikusten dutela nabari da munduan zeharreko lasterketa horietan.

Munduko Kopa amaitzeko lasterketa bakarra falta da. Urriaren 15ean izango da Italian. Zein aurreikuspen duzu?

Gardako aintziraren inguruan izango da proba. Azken lasterketa besteak baino %20 gehiago puntuatzen dute. Normalean maila asko igotzen da, korrikalari gehienak saiatzen baitira bertan parte hartzen puntuak gehitzeko. Oso zaila izango da lehen postuetan geratzea, baina lasai nago ni, ez baitaukat galtzekorik. Ez naiz horretaz bizi, gustuko kirola dut eta ondo pasatzea dut helburu. Noski, emaitza onak lortzen baditut gusturago itzuliko naiz, baina presiorik gabe noa. Ahal dudana emango dut, nire lana ahalik ondoen egiten saiatuko naiz; besteen lanak ez daude nire esku. Azken lasterketaren ondoren, denboraldi bukaera denez, oso giro polita sortzen da eta badut giro hori bizitzeko gogoa ere.

Goi mailan mantendu ahal izateko entrenamenduak ez dira nolanahikoak izango. Nola bideratzen dituzu?

Nire erara antolatzen ditut entrenamenduak. Iaz Mikel Lizeagarekin hasi nintzen, Euskal Selekzioko korrikalarioi saioak prestatzen baitzizkigun. Aurtengo martxora arte ibili nintzen berekin, baina familia bisitatzera Marokora joan nintzenean, nire kabuz hasi nintzen eta bueltan emaitza onak lortu nituenez, halaxe jarraitzekotan geratu ginen. Gorputzari egiten diot kasu. Garrantzitsua da norberaren gorputza ezagutzea, esperientziak erakusten du hori. Nekatuta bazaude, hobe egun horretan baino hurrengo egunean entrenatzea.

Asteburuan lasterketarik ez badut, serieak egiten ditut astean zehar. Bestela mendi bueltak. Inguruan ibiltzen naiz. Loatzo-Uzturre-Belabieta ibilbidea egiten dut bereziki, hori da nire txokoa. Noizbehinka Ernio aldera ere jotzen dut, baina urrunxeago geratzen zait. Mendi politak ditugu inguruan. Altuera handiko mendirik ez izan arren, ez daukagu gora eta behera entrenatzeko arazorik.

Korrikarako zaletasunak munduko txoko asko ezagutzeko aukera eman dizu. Nondik nora ibili zara?

Estatu Batuetan, Italiako toki ezberdinetan, Suitzan asko, Hong Kongen… Iaz, batetik bestera hiru urte ibili eta gero, aldaketa gogoa etorri zitzaidan, atseden pixka bat hartzekoa. Aurten, berriz, gustura ibili naiz. Munduko Koparen baitan, Montanakoa bezala, Italian ere lasterketa berriak antolatu dituzte. Gogoz joaten naiz toki eta lasterketa berriak ezagutzera, motibazio bat gehiago da.

 

Izen handiko lasterketatan bezala, lasterketa txikiagoetan ere hartzen duzu parte. Gogoko dituzu lasterketa herrikoiak ere…

Herri mailako lasterketetan hasi nintzen eta oso gogoko ditut: Loatzokoa, Uzturrekoa, Santamañakoa... Lasterketa txiki gutxi geratzen da dagoeneko, handitzen ari dira gehienak. Herri mailako lasterketak mantendu egin behar direla iruditzen zait. Nire ustez, ez da profesionalizatzea komeni, lasterketa herrikoiak galdu egingo bailirateke bestela eta pena litzateke.

Marokon baino, Euskal Herrira etorritakoan hasi zinen korrika. Nolatan?

Marokotik etorri eta hiru bat urtera, tabakoa erretzeari utzi eta kirola egiten hasi nintzen. Pixkanaka lasterketa herrikoietan parte hartzen hasi eta gaur arte. Txikitan mendian gora eta behera edota ezkutaketan jolasten ginen Marokon, mugimenduan beti. Orain hasiak badira ere, gu umeak ginela Marokon ez genuen kirola egiteko ohiturarik, gaizki ikusita zegoelako. Esaterako, umetan, korrika egin edota futbolean jolastu behar bagenuen oso goiz elkartzen ginen lagunak; goizeko 04:00ak aldera, jendea lo zegoenean. Hango gizartearentzat denbora galtzea zen halako kirolak egitea. Kirola egitekotan, baratzera joatea zen zentzuzkoena, emaitzaren bat jaso ahal izateko. Egia esan, hemen ere antzeko zerbait gertatzen zen baserri giroan: baratzea, ardiak, ukuilua edo lanari ematen zitzaion lehentasuna. Atlas mendikatearen ondoan jaiotakoa naiz eta mendia gertu izan dut beti. Txikitan eskolara joateko lau bat kilometro egiten genituen egunean lau txandatan. Arratsaldean bereziki, korrika itzultzen ginen, motxila utzi eta jolastera joateko. Txikitatik gaitasun horiek hartzeak asko laguntzen du gerora. Pena da, baina ohitura horiek aldatu egin dira Marokon ere. Hemen bezala, autobuses edo taxiz joaten dira haur eta gaztetxoak eskolara gaur egun.

 

Zein asmo duzu etorkizunera begira? Goi mailari eutsi nahi al diozu edo lasaiago hartu?

Gorputzak eskatzen didanari egingo diot kasu. Aurten oso gustura ibili naiz, baina, orain, denboraldia amaitutakoan, deskantsua hartu nahi dut familiarekin lasai egoteko. Aurrera begira ere, korrika egiten eta mendian disfrutatzen jarraitu nahi dut. Ikusiko dugu goi mailan edo lasaiago.

 

Sustraiei lotuta

Amasa-Villabonan bizi da Hassan, baina ez du jaioterriarekin harremanik galdu. Urtero, hamar bat egunez, Marokora joaten ahalegintzen da. “Han ditut ama, anaiak eta lagunak  eta tira egiten du jaioterriak. Denbora gutxi egoten banaiz ere, urtero haiengana joatea gustatzen zait”. Bere sustraiei eutsi nahian, Alaia alaba txikia zenean bereberez hitz egiten zion, baina Euskal Herrian bizita, ohitura horri eustea zaila dela dio, “gaur egun, etxean euskaraz hitz egiten dugu guztia”. Euskaraz ia bertakoek bezala hitz eginez, Abdul lehengusua eta biak adibide garbia dira nahi izanez gero euskara ikas daitekeela erakusten. “Ondo moldatzen naiz euskaraz, nahiz eta hiztegia motz geratzen zaidan batzuetan. Saiatu egin beharra dago; gogoa jarriz gero dena ikasten baita. Esaerak dioen bezala, ‘dena zaila da, baina nahi izanez gero, dena erraza”. Etxean bereberez hitz egiten zuten, arabiarra eta frantsesa ikasten zituzten eskolan. Gerora Marokon turismoarekin lan egiten zutenez, belarria hizkuntza ezberdinak entzutera ohitu zitzaien eta euskara ikasterakoan horrek asko lagundu ziela uste du. Baina batez ere beharrak. “Nik argi daukat herrialde batera bizitzera joanez gero, bertako hizkuntza jakitea ezinbestekoa dela ondo integratu ahal izateko”.

 

Denboraren antolaketa

Lana, etxea eta korrikarako zaletasuna uztartzeko, denbora ondo antolatu eta saiatzean dago gakoa Hassanen ustez. “Denbora ondo antolatu behar da. Lana dela edo etxea dela, denboraz justu ibiltzen naiz beti, baina beti aurkitzen dut korrika egiteko tarteren bat. Hala nahi izanez gero, bakoitzak bere zaletasuna lantzeko modua aurkituko du”.

 

Laburrean

Lasterketa kuttuna: Euskal Herrian, Camille Extreme, Gorbeia zuzenean, Zegama-Aizkorri, Tolosako 3 Tontorrak … Hemendik kanpo, Montanako lasterketa izugarri gustatu zait. Livignokoa  (Italia) ere bai. Oso lasterketa teknikoa. Lesionatu egin nintzen, baina oso oroitzapen ona dut.

Egindako lasterketarik gogorrena: Camille Extreme. Nire lehen mendi lasterketa izan zen. 2007an hartu nuen parte lehenengoz eta gaizki pasa nuen. Baina geroztik txanda ugaritan hartu dut parte eta oso gustuko dut.

Egingo zenukeena: Toubkalgo (Maroko) maratoia. Urte batzuetan bertan behera utzi zuten, baina hasiak dira berriz ere. Marokoko mendirik altuela da (4200m) eta bertakoa izanik, gustura hartuko nuke parte.

Lasterketaren aurretik ohitura berezirik? Ez daukat ohitura berezirik. Lo gutxikoa naiz eta lasterketa bezperatan ere ez dut askorik egiten. Lasterketa baino bi ordu eta erdi lehenago gosaltzen dut.

Zer gosaltzen duzu frogaren aurretik? Egunero bezalaxe: zerealak marmelada edo eztiarekin eta tea. Lasterketa baino ordubete lehenago, kafea.

Froga amaitu eta gero… Garagardo freskoa hartzea gustatzen zait.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!