Villabonako eta Zizurkilgo Euskara Zerbitzuek Mintzalaguna egitasmoa jarriko dute martxan beste behin ere

Badira zenbait urte Villabonako eta Zizurkilgo Euskara Zerbitzuek Mintzalaguna egitasmoa jarri zutela martxan. Egitasmo honen helburua, euskara ikasten ari direnei kalean hitz egiteko konfiantza hartzen laguntzea da. Horretarako, hiru laguneko taldeak osatzen dira (bi euskara ikasle eta laguntzaile euskaldun bat), eta talde hauetako kideek konpromisoa hartzen dute astean behin, ordubetez-edo gutxienez, euskaraz aritzeko elkarrekin, kafe bat hartu, kirola egin, paseatu edo nahi duten jarduera egiten duten bitartean:

Beren euskara maila hobetzeko izena ematen duten pertsonez gain, egitasmo honetan, lan boluntarioa egingo duten laguntzaile euskaldunak behar izaten dira. Haien eginkizuna da astean behin euskara ikasten ari diren bi pertsonekin geratzea, eta, ordubetez edo, euskaraz aritzea. Alegia, laguntzaileak ez dira irakasleak izango, euskara ikasleekin astean behin euskaraz hitz egingo duten pertsonak baizik. Lan boluntario honi esker, emaitza oso onak jaso izan ditugu azken urteetan eta horrela jarraitu nahiko genuke aurrerantzean ere. Lerro hauen bidez, gonbidapen berezia egiten zaio laguntzaile euskaldun izan nahi duen edonori egitasmoan parte hartzeko.

Egitasmoan izena eman nahi duenak, edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Euskara zerbitzura jo dezake edo telefonoz deitu: 943 693501 (Villabona) urriaren 13tik aurrera, eta 943 692495 (Zizurkil).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!