Fantasia eta errealitatearen arteko ipuin mamitsuak

Urt Zubiaurre Otamendi andoaindarrak, ‘Izenik gabeko lurrak’ ipuin liburua argitaratu zuen maiatzean Erein argitaletxearen eskutik. Liburuaz eta bere idazteko zaletasunaz hitz egin du.

Mamiz beteriko ipuinak osatu ditu idazleak, fantasiaren eta errealitatearen artean, irakurlea epel utziko ez dutenak. Andoaingo liburutegiak liburuaren inguruko solasaldia antolatu du urriaren 25ean 19:00etan hasita. Bertan izango da idazlea ere.

18 ipuin bildu dituzu zure lehen liburuan. Zaharrenak hamar urte ditu, gainerakoak azken urteotan idatzitakoak dira…
Belearena izeneko ipuina da liburuko zaharrena, duela hamar urte idatzitakoa. Gainerakoak, azken bost urteotan idatzitakoak dira. Aurretik ere asko idatzi nituen, baina lagunen bati edo amari irakurtzeko uzten nizkienean, kostata irakurtzen zituzten, oraindik hizkuntza oso barrokoa neukalako; gauza asko adierazi nahi nituen, hizkuntza poetikoa erabiliz eta ez ziren batere ulergarriak. Hitz batean esateko, txarrak ziren. Gero, pixkanaka-pixkanaka, beste idazteko modu errazago bat landu nuen eta azken bost urteotan, ipuin txukunagoak lortu ditut.

Duela hamar urte baino lehenago sortu zitzaizun, ordea, idazteko grina. Noiz zehazki?
Batez ere, unibertsitate garaian hasi nintzen idazten. Irakurzaletasuna, ordea, lehenagotik datorkit. 17 urterekin hasi nintzen asko irakurtzen; ipuina batez ere. Ipuinetarako zaletasuna irakurzaletasunarekin batera etorri zitzaidan. Gero, unibertsitate garaian konturatu nintzen idaztea ere gustatzen zitzaidala eta gaiak lantzeko gai nintzela. Eta batez ere ipuina. Hainbeste irakurri ondoren eta hainbeste gustatzen zaizkidanez, lan motzak izanik, errazagoa da niretzat ipuinak idaztea, denbora handirik ere ez baitut. Gainera, ipuinak badu beste alde on bat: Liburuak irakurlea hasieratik harrapatzen ez badu ere, irakurleak bigarren aukera bat ematen dio askotan ipuinari, orri asko ez direla ikusita. Eta agian bigarren aukera horretan gustatu egingo zaio. Nik askotan ez dut pazientzia hori izaten liburu luzeekin. Hasieratik harrapatzen ez banaute, beste bat hartzera jotzen dut.

Gai eta garai ezberdinak jorratu dituzu ‘Izenik gabeko lurrak’ liburuko ipuinetan zehar, baina natura, –basoa bereziki–, gertu izan duzu ipuin gehienetan…
Bospasei ipuin kenduta, gainerako guztiak mendian gertatzen dira, mendiko leku ezberdinetan: basoetan, gailurretan… Ez dut hori bilatu, hala sortu da; berez kontatu nahi nuena mendian pasa zaidalako niri, mendi inguruetan pasa zitzaiolako inori edo behintzat, halaxe irudikatu dudalako nik. Oso mendizalea naiz eta hala ditut lagunak ere, gurasoek txikitatik mendian hezi ninduten eta gainera, gerora, ipuin batzuk beldurraren eta fantasiaren artekoak direnez, mendian eta eremu urrunetan, bailara oso sakonetan edo leku galduetan kokatzeak nolabaiteko atmosfera izaten laguntzen diotela ikusi dut. Horretarako baliatu dut mendia eta ipuinari balio izan diola uste dut.

Filosofia eta historia zalea zarela agerikoa da liburuan, gai horiei lotutako zantzu ugari aurki daiteke zure lerroetan…
Mendiarekin bezala, berez gertatu da hori ere, nik bilatu gabe. Filosofiarekiko zaletasun handia daukat oraindik ere, nik uste ikasle nintzen garaian baino gehiago. Gauza bera historiarekin ere. Tesi doktorala egiteko asmoa neukan eta urte batzuetan ikerketan aritu nintzen, nahiz eta gero ez nuen tesirik egin. Baina filosofia nahiz historiari lotuta hainbat galdera geratu zitzaizkidan airean, erantzunak nire kontu bilatu eta ikertzeko. Bizpahiru ipuinen iturri izan dira galdera horiek.

Oso gai zehatzak landu dituzu… Zein abiapuntu hartu duzu oinarrian gaiak aukeratzerakoan?
Batzuk irakurketetatik abiatuta aukeratu ditut. Detaile batzuk kontatu arren, sakontzen ez diren gaiak. Esaterako, filosofoen bizitzak. Askotan, haien ideiei izugarrizko lerro piloa eskaintzen zaie, baina euren bizitzei oso gutxi. Horrek beti deitu izan dit atentzioa. Bestela, oso egoera jakinetatik abiatu naiz; egoera batzuk ikusi eta horri buruz  hipotesiak botaz, besteak beste. Adi egoten naiz beti sor daitezkeen egoeretara, elkarrizketetara…

Ipuin guztiek edo gehienek behintzat badute ezaugarri komun bat estiloari eta tonuari lotuta. Misteriotsuak dira…
Niri beti gustatu izan zaizkit ipuin misteriotsu eta fantastikoak. Beti izan dut zaletasun hori eta hortik datorkit idazteko gogoa ere. Autore fantastiko bat irakurtzen dudanean, Edgar Allan Poe edota Julio Cortazar, eta hainbeste gustatuta, ‘nik ere horrelako ipuin bat idatzi nahiko nuke’ pentsatzen dut edota ‘behintzat saiatu molde horretako ipuin bat idazten’.

Amaierek ere batzen dituzte ipuinak: bukaera gehienak irekita utzi dituzu, irakurleak azken puntua jar dezan… Ipuin batek baino gehiagok korapilo moduko bat sortuko diote irakurleari. Gogoeta egitea eragin nahiko al zenuke haiengan?
Amaieran ukabilkada bat ematen duten ipuinak asko gustatzen zaizkit eta liburuan bada halako ipuinen bat. Baina jorratu ditudan gaiak oso sakonak ziren funtsean eta ez nuen ondoriorik eman nahi, bukaera itxiz. Irakurleak ere, ipuina berriz irakurtzeko edota gai hori lantzeko bide bat izan dezan nahi nuen. Askotan hirien edota pertsonajeen izenak ez ditut oso argi jarri, irakurleengan galderak pizteko.
Ipuin batek gauza asko esatea gustatzen zait, baina hainbat gauza, beste era batera. Istorio bat kontatu arren, horren atzean osoki kontatzen ez diren istorio gehiago erakustea. Ipuinaren atzean mamia badagoela jabetzea. Ipuina gustatu arren, atzean alde egin didaten istorioak dituzten liburuak gustatzen zaizkit niri eta horrelako liburuak idatzi nahiko nituzke.

Euskalkiei edota idazteko moduari lotuta, idazkera ezberdinak landu dituzu liburuan zehar. Zer nolako ariketa izan da hori zuretzat?
Oraindik ez daukat iaiotasunik euskaraz esamolde diferenteekin idazteko. Ipuin bat era batera eta bestea beste era batera idazteko esamolde aberastasun gehiago izango banu, gertuago egongo nintzateke. Era artifizialago batean bakoitza bereizten saiatu naiz: Istorioa pertsona diferenteek kontatuta, euskalkiak erabilita, ipuin motzak eta luzeagoak tartekatuta… Modu horretan ipuinak beren artean oso antzekoak ez izaten saiatu naiz eta irakurleak liburuaren erdian, ipuinek bata bestearen antza gehiegi hartzen ari zirela sumatzea zen nire erronka nagusia.

Lan ederra egin duzu ipuinak girotzeko aipuak aurkitzen ere…
Hala gustatzen zait. Bai nobelatan eta baita ipuinetan ere, aipuak asko laguntzen dit. Asko esaten du idazleari gustatzen zaionaz. Niri ere beste idazleak aukeratzea gustatu egiten zait; ipuin bat idazten ari naizenean, beste liburu batean norbaitek esaten duena irakurri eta nire ipuina laburbilduta ikusten baitut. Askotan lau edo bost aipu edukitzen ditut ipuin batentzat eta arazoa horien artean aukeratzea izaten da.
Xabier Letek idatzitako “Izenik gabeko lurretatik ez zera iñoiz itzuliko” lehenengo aipua da garrantzitsuena, horrek ematen baitio izena liburuari. Lehen ipuinaren goialdean dator, baina lehenengo orrian ere etor zitekeen, ipuin guztien izaerari buruz ari delako.

Liburuan bildutako ipuin askok saria jaso dute literatur sariketa ezberdinetan. Zein eragin izan dute sari horiek zugan?
Idazten hasi nintzenetik bidaltzen ditut ipuinak sariketetara. Orain urte gutxi arte ez nuen saririk lortu, baina iristen hasi zirenean, liburu bat osatzeko bidean nengoela konturatu nintzen. Liburuko azken orrian, lehiaketa horien antolatzaile eta langileei eskerrak ematen dizkiet, idazteko zaletasuna dugunontzat oso erakusleiho ona direlako, gure buruari ‘nahiko ondo ari naiz eta jarraitu egin behar dut’ esateko. Hauspoa ematen dute sariketek, bai saria ematen dizutenean eta baita ematen ez dizutenean ere, oraindik eta hobeto idazteko gogoa pizten zaizulako. Asko laguntzen dute idazteko prozesuan.

Etorkizunera begira idazten jarraitzea gustatuko litzaizukeela entzun dugu…
Niretzat idaztea, –mendizaletasunaren edota irakurzaletasunaren artean–, beste zaletasun bat da eta bizitza guztian mantendu nahiko nituzke zaletasun horiek. Baina literatura idazteak badu abantaila bat, beste zaletasunak ere txertatu egiten dituzula testuetan. Liburu hau idazten izugarri gozatu dut, nire zaletasunak beste era batera bizitzeko aukera eman didalako. Ikaragarria izan da hori niretzat.
Idazteak asko betetzen nau, nire bizitza aberastu egiten du eta aurrera jarraitu nahi dut horretan. Hori bai, idazten dudanarekin gero eta gusturago egotea gustatuko litzaidake. Ipuin liburu honekin gustura geratu naiz eta aurrerantzean idazten dudanarekin ere horixe nahiko nuke.

Urriaren 25ean zure ipuin liburuaren inguruko solasaldia izango da Andoaingo liburutegian. Bertan izango zara zu ere. Zer jaso nahiko zenuke irakurleen aldetik?
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot Andoaingo liburutegiari aukera hori emateagatik. Liburuko ipuin asko eta asko bertan idatzi ditut eta niretzat oso handia da irakurleak liburua zer iruditu zaion esateko aukera izatea. Batez ere, euskararen aldetik liburua irakurtzea kosta ote zaien edo ez jakin nahiko nuke, zein ipuin gustatu zaizkien gehien eta zein gutxien… Niretzat informazio hori jasotzea oso baliagarria da. Itzultzaile bezala egiten dut lan eta euskara batuan idatzitako mezua ondo uler dadin lortzea izaten da erronka nagusia. Ipuinetan, itzulpenetan baino askoz ere solteago jokatzen dut eta askotan ez dut jakiten zein puntutaraino lortu ote dudan ulergarritasuna.

Neurri handi batean, letren artean murgilduta bizi zara beraz…
Eskola batentzat egiten dut lan eta eskola horrek normalean gaztelaniaz egiten duen materiala itzultzen dut. Oso material anitza; gurasoentzako eskutitzak, programak, curriculuma, testu luzeagoak... Normalean gaztelaniatik euskarara, baina batzuetan alderantziz ere bai. Bai, letra artean bizi naiz eta horregatik gustatzen zait literatura horrenbeste. Literatura idazten  bikoitza gozatzen dut, itzulpenetan baino askoz ere askeago jokatzen baitut.

 


Lehiaketa ezberdinetan saritutako liburuko ipuinak

  • Hileta: Lasarte-Oriako lehiaketa.
  • Denboren zeinua: Pedro de Atarrabia saria.
  • Bakardadea: Bordari saria.
  • Dresden, 1945: Felix Menchacatorre saria.
  • Otzaurte: Kimetz saria.
  • Ikusten nuen: Teodoro Hernandorena lehiaketako 2. saria.
  • Araotz: Gabriel Aresti sariaren akzesita.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!