Amaia Lasa onik da

Irailaren 22an Nepalen harri-jausi batek lau pertsona hil zituen istripuan gertatu zen Amaia Lasa andoaindarra. Egunotan hasi da atzera begira jarri, eta arnasa sakon hartzen. “Bizitzak bigarren aukera bat eman digu” aitortu zuten berak eta Edurne Arrizibita trekking taldeko bere kide batek joan zen ostiralean, Euskalerria Irratiari eskaini zioten elkarrizketan.

Amaia Lasak egun batzuk igaro ditu egunotan jaioterrian, eta kalean topatu dituen adiskide eta ezagunei etengabe kontatu behar izan die Nepalen edukitako abentura atsekabez betetakoa.
Hamabost mendizalez osatutako taldea abiatu zen Nepalera orain aste batzuk, Manasluko trekkinga egiteko asmoz. Trekking taldea Patxi Egillor gidariak, Nafarroako hamabost mendizalek, lau xerpek eta zamaketari talde batek osatzen zuten.
Zeharkaldia egiten hasi, eta hirugarren egunean gertatu zen istripua, irailaren 22an. Goizaldera, bailara estu batetik zihoazela, bat-batean, mila metroko altuera zeukan magal batetik egundoko harri-jausia jasan zuten. Istripua larria izan zen benetan: Adolfo Ripa mendizaleak, taldeko bi xerpek (Dorjee Lama eta Tsering Sherpa) eta xenda hartatik oinez zihoan bertako neska gazte batek (Ranjana Basnet) galdu zuten bizia. Hamar mendizale Katmanduko ospitalera eraman behar izan zituzten. Guztien artetik lau mendizalek ez zuten ospitalean geratu behar izan, zauri arinak besterik ez baitzituzten izan. Miguel Andres, Edurne Arrizibita, Txus Ancin eta Amaia Lasa izan ziren horiek. 
Katmanduko ospitalean sendatzekotan geratu diren lau lagun ez gainerako guztiak irailaren 29an iritsi ziren Nafarroara.
Istripua gertatu zenetik, egun batzuk igaro ondoren, Lasa oraintxe ari da bere onera etortzen eta gertatukoa hotzean hausnartzen: “Egundoko zorte ona eduki genuen gu laurok. Gainontzeko taldekideak baino aurrerago gindoazelako. Egia esan, bizitzak bigarren aukera bat eman digula esan daiteke. Hurrengo egunetan, Katmanduko jendeak zera esaten zigun: Karma oneko pertsonak garela. Alegia, gure arbasoen artean izan zirela pertsona onak, eta horrexegatik libratu ginela triskantzatik”.
Istripua ez zen mendi goi-goian izan, Amaia Lasak gogoratu nahi duenez: “Gure asmoa ez zen zortzimilakorik ezta gutxiago ere egitea, hiru astetako trekkinga baizik. Pentsa, 900 metroko altueran gindoazen, eta han ez zen elurrik. Esan zigutenez, lurrikara izan zenetik lurra nahiko ezegonkor dago Gorkhako bailara hartan, eta gainera, gu hara joan aurreko egunetan urtaroari dagokiona baino euri gehiago egina zuen”.
Istripuaren unea gogoan dauka Amaiak: “150 bat metroko bide estua pasa behar genuen bailaran. Banaka joateko agindu ziguten gidariek, goitik harriren bat eror zitekeela eta. 50 bat metro eginak genituela, bat-batean, izugarrizko zurrunbiloa sentitu genuen. Bista magalean gora luzatu, eta hara non zetorkigun harri pila zerutik erortzen! Ia ez zigun ezertarako denborarik eman. 
Ondoan neukan Txus lagunak “Zatoz hona!” oihukatu zidan, eta bide bazterrean geneukan harkaitz baten pean babestu ginen biok; hantxe, makur-makur jarrita egon ginen geldi-geldi, motxila buruan jarrita, dena pasa zen arte. Niri harritzar batek istarrean jo zidan, baina ezer gehiago ez. Ez nuke jakingo esaten zenbat iraun zuen harri euriak, baina bitarte horretan naturaren ondoan ezer ez zarela da sentitzen duzun gauza bakarra. 
Egoera baretu zela iruditu zitzaigunean, zutitu eta ingurura begira jarri ginen; ez genuen inor sumatzen! Gainerakoak ez zirela bizirik irten uste izan genuen; hitzez azaltzen zaila den estualdia sentitu genuen orduan! Baina laster, jendea agertzen hasi zen banaka banaka. Batzuk etzanda eta oihuka laguntza eske, besteak odolez eta pauso bat edo beste eman nahian…”.

Nepaldarren eskuzabaltasuna
Nepalgo jendearen jokaera goraipatu nahi du Amaia Lasak: “taldeko hiru lagun gertuen zegoen herrira laguntza eske jaitsi ziren lasterka, eta denbora asko baino lehen, herriko biztanle guztiak guregana heldu ziren, palak eta atxurrak eskuetan hartuta. 170 kilometrora dagoen Katmandurako ebakuazio guztia oso azkar egin zen, laubapost orduetan bai, hiru helikopterorekin. Egun horretan eta hurrengoetan Nepalgo jendeak erakutsi zigun jarrera eskuzabala azpimarratu behar dugu. Bi xerpen hiletetan ere frogatu ahal izan genuen abegikortasun hori. 
Oso hunkigarria izan zen erritu budistari jarraiki bi egunez luzatu zituzten ekitaldiak. Oso estimatuak ziren bi xerpak, eta haietako bat (Dorjee) ospe handikoa zen, Everest mendia zortzi aldiz igota zeukana”.

Esker ona
Nepalgo istripua bizi izan duten mendizale guztiek egunak eta asteak beharko dituzte bizipena gainditzeko, baldin eta inoiz gainditzea lortzen badute. Egunotan euren inguruan eduki ezin izan duten lasaitasuna besterik ez dute eskatzen; izan ere, erabat harrituta daude istripuak hango eta hemengo gizartean eduki duen oihartzunarekin, eta zer esanik ez komunikabideetan hartu duen garrantziarekin. 
Amaia Lasak Aiurriren bitartez eskerrak eman nahi dizkie Andoainen bere eta bere kideen osasunagatik interesa azaldu duten guztiei, Andoaingo Udalari, adiskideei, ezagunei eta hainbat herritarri. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!